Etxano pilotalekuak aldagela eta komunak estreinatu ditu

Etxanoko pilotalekuak aldagela eta komun berria estreinatzen ditu, Amorebieta-Etxanoko Udalak amaitu berri baititu dagoeneko biak berregokitzeko lanak. Aurreko komun zein aldagelak, orokorrean, egoera onean bazeuden ere, komuna ez zen egokitua eta, gainera, estaldurak hondatuta zeuden. Ondorioz, tarteka ur filtrazioak izaten ziren teilatutik. Horren jakitun, Amorebieta-Etxanoko Udalak azpiegitura horiek hobetzeko lanak egin ditu. 

Egindako lanen artean, bainugela berregokitu da, komun irisgarria eta egokitutako dutxarekin eta aldagelari distribuzio berria eman zaio. Horri jarraiki, gune berriak sarrera zabalago bat, harraska industrial bat, haurrentzako aldagailua duen komun konbentzional bat, egokituak diren komun eta konketa bat, eta irisgarria den dutxa eta egokitutako banku osagarri bat ditu.

Horrez gain teilatu berria egin da aurrekoaren xafla iragazgaitzak, teilak eta euri-uren sistema ordezkatzeko. Era berean, aipatu espazioko instalazioak ere egokitu ditu Udalak: ur hotzaren eta beroaren hornidura; euri-uren eta hondakin-uren hustuketa; argiztapen naturala eta artifiziala, presentzia detektagailuekin; larrialdietako argiztapena; larrialdietako sakagailua; elektrizitate-konexioak; eta aireztapen naturala eta mekanikoa. Era berean, termo elektriko bat  ere jarri du, batez ere dutxarako ur bero sanitarioa lortzeko.

Lanek 79.535 euroko aurrekontua izan dute eta egindako eskuhartzeei esker, Etxanoko pilotalekuak komun egokitua, instalazio berriak eta teilatu berria ere baditu, aurrerantzean, erabiltzaileei kalitatezko azpiegituradun espazioa eskaintzeko. 

Artículo anteriorMás de 300 aficionados apoyarán a la SDA en Calahorra
Artículo siguienteJosé Sacristán recuerda que fue Txomin de Amorebieta