“MOZALA” LEGEA ATZERA BOTATZEA ESKATU DIO ZORNOTZAKO UDALAK ESTATUARI

Amorebieta-Etxanoko udalak adierazpen publikoa onartu du aho batez, “Mozala” legea bezala ezagutzen dena bertan behera botatzeko. Bozeramaileen Batzordeak, 2015eko urriaren 26an egindako bileran, ondoko adierazpena adostu zuen 4/2015 Lege Organikoa, “Mozala” Legea, atzera botatzeko eskatuz Espainiako Estatuko Gobernuari.

Alderdi Popularrak iazko abenduaren 11n Herritarren Segurtasunerako Legea onartu zuen berak bakarrik, gainontzeko alderdi guztiak guztiz aurka izanik.
Ezelan ere behar ez den arau honetarako ez dago gizartearen eskaririk. Konstituzioan jasotako eskubide politiko eta zibilak murrizten ditu eta beraz, Gobernuak bilatzen duen gauza bakarra polizia estatu batera bueltatzea da.
Argi dago Gobernua herriaren erantzunaren beldur dela, enbarazu egiten dio eta kexatzen diren herritarrak susmopean gelditzen dira. Mozala Legea neurriz kanpoko legea da, bai ezartzen dituen murrizketengatik eta baita isunen zenbatekoak areagotzen dituelako. Gehiago zigortzeko asmoa dauka, herritarrei berme juridiko gutxiago eskainiz.
Lege honekin, adibide batzuk ematearren, etxe kaleratze bat galarazteko manifestazio bati 30.000 euroko isuna ezar dakioke edota 600 euro hutsegite arinei (hauek izaten dira ohikoenak). Istiluen kontrako polizia horretarako beharrizanik izan gabe manifestariak kolpatzen erakusten duten irudiak zabaltzen dituenari isuna ezar dakioke edota NAN erakusteari uko egitea herritarren segurtasunerako mehatxutzat har daiteke. Gainera, bat-bateko manifestazio batean parte hartzen dutenei, hau da, Gobernuko Delegazioari aldez aurretik jakinarazi gabe (protesten %50a horrela izaten dira), isuna ezar dakioke.
Gizartearen kohesioa, askatasuna eta herritar guztien aukera berdintasunaren alde lan egiten jarraituko dugu, herrietatik gizarte zerbitzuen beharrezko prestazioak sustatuz eta arrisku egoerarik handienean dauden pertsonak gizarteratzea bultzatuz. Hauek prebentzio neurriak dira eta gure herritarrentzat nahi den ongizatea eta eskubide eta askatasunak bermatu ditzakete eta behar ez den izena duen Herritarren Segurtasuna Babesteko Legearen eragina “gutxitzen” lagundu.
Arrazoi hauek tarteko, Alderdi Popularrak martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa atzera botatzea eskatzen dugu, gizarte kohesioa mehetzen duelako, zuzenbideko estatua goitik behera zalantzan jartzen duelako eta 1978. urtean Konstituzioa onartu zenetik demokrazia garaian lortutako eskubide eta askatasunak mugatzen dituelako.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2015

Ir arriba.