Inauteriak Zornotzan

IMG_4731

Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta mozorro lehiaketa izango dira Amorebieta-Etxanoko Inauterietako protagonistak

• Jarduerak otsailaren 24an hasiko dira egun horretan etorriko baita Perubele eta otsailaren 28an amaituko dira, Inauterietako asteartean

Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu datozen Inauterietarako. Horrela, otsailaren 24tik 28ra, zornotzarrek hainbat kultur ekitaldi izango dituzte kaleak girotzeko. Jai parte-hartzaile batzuk antolatu nahi dira, herritar guztientzat baina bereziki txikienei zuzenduak.
Ostiralean, hilak 24, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pilotalekuan jarriko den taula gainean izango dira arratsaldeko 17:30etik aurrera. Sarrerak 6 eurotan salduko dira eta otsailaren 20tik aurrera eskuratu ahal izango dira Gazte Bulegoan.
Beranduago, 19:00etan, Zelaieta parkean, Perubeleren aurkezpena egongo da eta ondoren jaietako protagonista nagusia den honekin kalejira bat egingo da. Ibilbidean zehar Udazken taldeko dultzaineroak izango ditu bidelagun eta parte hartzen duten guztiak animatuko dituzte.
19:30etik aurrera atseden hartu ahal izango da Zelaieta parkean jarriko den karpan eta han zornotzarrek txorizoa eta sagardoa jan eta edan eta ordu erdi beranduago Trikizio taldeak egingo duen erromeriarako indarrak hartu ahal izango dituzte.
Eguna amaitzeko, Zornotza Aretoak Frida Kalhoren “Viva la vida” antzezlana eskainiko du.
Larunbaterako, otsailak 25, umeentzat diskoteka bat antolatu da 18:00etan Mugi Boogie taldearekin, txikienek ere dantza egin dezaten.
20:00etatik aurrera, Sugarri Fanfarria taldea Amorebieta-Etxanoko kaleetatik zehar ibiliko da zornotzarrak animatuz eta 20:00etan, Zelaieta parkean egongo den karpan, DJ Markelinen ikuskizunean ezagutaraziko dira mozorro lehiaketako irabazleak, 10-17 urte artekoak. Ametxek antolatutako lehiaketa honetan parte hartu duten bi mozorrorik onenak sarituko dira.
Nagusiek Luis Urrengoetxea kaleko ostalariek antolatutako mozorro lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute eta aurtengo gaiarekin lotuta dagoen mozorrorik onenari saria emango diote.
Igandea, otsailak 26, egun lasaiagoa izango da eta Udabarri dantza taldearen eskutik 12:00etatik aurrera Inauterietako dantzak ikusi ahal izango dira herriko kaleetan.

Inauterietako asteartea
Asteartea, otsailak 28, 17:00etatik aurrera Zelaieta parkean umeak mozorrotuta etorriko dira eta han batuko dira. Gaia Rock Star izango da. Photocall bat ere egongo da txikienek argazki bat atera dezaten oroigarri gisa. Ordubete beranduago kontzertu bat egongo da Rock & Kidsen eskutik.
18:00etan Nafarroa Zentroan nagusientzako mozorro lehiaketa egingo da. Ondoren lunch bat egongo da eta Inauterietako dantzaldi bat parte hartzen duten guztientzat.
19:00etan dultzaineroen laguntzarekin Inauterietako kalejira bat egongo da. Zelaieta parkean hasiko eta bertan baita ere datorren urtera arte agur esan ondoren erre egingo da Perubele. Txikienentzat txokolatada bat ere egingo da.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2017

Ir arriba.