Arroila jaitsiera Kantabrian

Maiatzaren 18-an Kantabriara joan ginen arroila jeitsiera edo barrankismoa egitera ZMT-ko hamar bazkide. Goizetik irten ginen harantz, goizeko 9-etan Ugaldebieta zerbitzugunean gelditu ginen bertan kotxeak aparkatu eta denok batera arroilarantz joateko.

Arroila Vega de Pasen dago, Kantabriako herri txiki eta ezezagun batean. Agian bertako “Sobauengatik” ezagunagoa edo bederen entzunagoa. Herria txikia izateagatik polita da, baina are politagoa da bertako paisaia. “Pas”-eko haranean kokaturik dago, mendi berdez inguraturik. Inguruko aldapetan artzainen bordak eta etxebizitzak ikus daitezke, denbora gelditurik balego bezala oraindik ere antzinako bizimoduari uko egin gabe bizi dira bertako biztanle batzuk. 1718 metroko garaiera duen Castro Valnera ez da urrun gelditzen.

Goizeko 11:00-ak inguruan Vega de Pasera heldu ginen. Arroilara heldu bezain laster neoprenoak hartu eta denbora galdu gabe arroilako hasierarantz abiatu ginen. Eguraldiak ez zuen askorik laguntzen, eguna ilun eta fresko zegoen. Hala ere minutu biko kontua izan zen, behin martxan jarrita berotan sartu ginen eta eguraldi tristeaz ahaztu egin ginen.

Nik uste ez bezala arroilan sartu aurretik ezjakintasuna eta urduritasuna ez zen nabaritzen, aitzitik, jendeak barre egiten zuen eta artean “lelokeriren” bat entzuten zen. Gure artean giro ona nabaritzen zen eta esan beharra dago horrek gidariari lanak errazten dizkiola.

Arroila tobogan txiki batekin hasi zen, jarraian 5 metroko saltoarekin, jarraian 10-eko beste batekin. Hasiera ona benetan! Batzuk hasierako bi ur-jauzietan rapelak egin arren taldekide gehienak izan ziren hasieratik horrelako saltoak egiten animatu zirenak. Arroilan zehar 5-6 metroko saltoak eta tobogan naturalak egin ondoren azkeneko saltora heldu ginen, hasierakoa baino altuera gutxiago izan arren teknikoagoa zen, aurrean horma bat zeukan eta ez zegoen kale egiterik, zortzi metroko saltoa. Berriz ere taldeak harritu ninduen, rapela egiteko aukera baztertu eta pentsatu gabe saltoa egin zuten. Horrekin arroila jaitsiera amaitu genuen baina ez eguna, ez horixe! Parkingean bakoitzak jateko eraman genuena atera eta denon artean piknik ederra egin genuen eguneko gorabeherak kontatzen genituen bitartean.

Egia esan egun guztian zehar giro oso ona izan genuen, etxerako bidean ere barrez lehertzeko pasadizoak kontatzen jarraitu genuen, bata bestean atzetik. Arroila 15:30-etan amaitu genuen eta etxera 21:00-etan heldu ginen. Hurrengo irteera irailean izango da, oraingoan “La meca del barranquimo”-ra , Guarako mendikatera, Hueskan dago eta asteburuko irteera izango da.

Izenik ipini gabe, eskerrik asko ZMT-ko presidente eta laguntzaile guztiei, baita irteera honetan parte hartu duzuen guztioi.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2013

Ir arriba.