Euskaltegiek eta Zornotzako Barnetegiak zabaldu dute 2023-2024 ikasturteko matrikulazio kanpaina
• Amorebieta-Etxanoko Udalak tinko jarraitzen du euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatzeko konpromisoarekin, eta euskara ikastera, tituluren bat lortzera, praktikatzera edo maila hobetzera animatu ditu zornotzarrak.
Udal Euskaltegiak, AEK Euskaltegiak eta Zornotzako Barnetegiak zabaldu dute 2023-2024 ikasturterako matrikulazio kanpaina, ikasturte honetan euskara ikasi nahi duten herritar guztiei zuzenduta. Gaurko aurkezpenean, Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu du Amorebieta-Etxanoko Udalak konpromiso irmoa duela euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatzen jarraitzeko: «gaur hemen bildu gara Amorebieta-Etxanon euskararen irakaskuntzan lan egiten duten erakunde guztien laguntzarekin. Euskara gure nortasunaren eta kulturaren funtsa da, oinarria. Gure hizkuntzak gure sustraiekin lotzen gaitu eta herri gisa batzen gaitu. Horregatik, erakunde gisa, gure betebeharra da euskararen erabilera babestu, sustatu eta transmititzea”.
Bestalde, Jon Artabek (Idazkaritza, Funtzio Publikoa, Gardentasuna eta Gobernu Onaren zinegotzia, eta Euskara, Berdintasuna eta Arkalaz! -en koordinatzailea) ikasturte berri honetan parte hartzeko deia egin die herritarrei: «interesa duten pertsona guztiak animatu nahi ditut euskara ikastera, tituluren bat lortzera, beren maila praktikatzera edo hobetzera. Matrikulazioak gure hizkuntzarekin eta kulturarekin duzuen konpromisoa ere berresten du».
Hala, Artabek gogorarazi du Udal Euskaltegiak, AEK Euskaltegiak eta Zornotzako Barnetegiak eskaintza zabala dutela ikasturte berrirako: «erakunde horiek eta hainbat eragile edo zornotzarrek euskararen irakaskuntzan eta sustapenean duten profesionaltasuna eta egiten duten ahalegina nabarmendu nahi ditut. Elkarrekin normalizaziorantz pausoak ematen jarraituko dugu «.
Azkenik, eta hiru erakundeen eskaintza entzun aurretik, Artabek azaldu du aurten ere dirulaguntzak izango direla euskara ikasteko: «ikasturte honetan ere Amorebieta-Etxanoko Udalak dirulaguntzak emango dizkie udalerrian erroldatuta dauden euskara ikasleei. Eskabideak ikasturtea amaitutakoan aurkeztu ahal izango dira».
Udal Euskaltegia: behar guztietara egokitutako ikastaroak
Marisa Mentxakak, Udal Euskaltegiko zuzendariordeak, eman ditu 2023-2024 ikasturteko xehetasun guztiak: “dakizuenez, iaz arte Udal Euskaltegiak aurrez aurreko taldeak baino ez ditu eratu izan: arruntak, astean 6 ordukoak, astelehenetik ostegunera artekoak eta egunean ordu eta erdiko saioetan. Iaz, ordea, modulu horrez gain, A1 eta A2 mailak lortzeko, astean zortzi ordukoen eskaintza egitea ere erabaki genuen. Aurten eskaintza hori B1 mailara ere luzatu da. Kasu horietan, langabetuak izan eta udalerrian erroldatuta urtebete baino gehiago daramaten herritarrek 10 euroko matrikula ordaindu beharko dute. Gainerakoek aldiz, matrikula osoa; hauek epeka ordaintzeko aukera ere badute”.
Era berean, Mentxakak azaldu duenez, Udal Euskaltegiak ikastaro bereziak ere eskaintzen ditu: “hau da, xede berezietarako ikastaroak eskaintzen ditugu. Hauen artean NAGUSI, GURASO eta AISA ikastaroak ditugu, azken hauek etorkinei zuzendutakoak direnak. 90 eta 60 ordukoak izaten dira eta 15 eta 10 euroko matrikula ordaintzen da urtean”.
Bestalde, iazko bideari jarraituz Autoikaskuntza ere eskaintzen dutela azaldu du: “ikasturtean 190 orduko modulua izaten da”. Horiez gain, udarakoak ere eskaintzen ditugu: “ekainean, hilabeteko ikastaro trinkoa, egunean lau ordu eta erdikoa, eta irailean mailako azterketetara joango direnentzako ikastaro bereziak, ordu bikoak hauek. Aurten, hiru trinko izan ditugu ekainean eta orain irailean beste bi ditugu”.
UDAL EUSKALTEGIAN IZEN-EMATEA:
Irailaren 1etik 22ra
Ikasle berrientzako sarrera probak irailaren 21ean eta25ean
94 673 20 26
euskaltegia@amorebieta.eus
AEK Euskaltegian aukera zabala
Alaitz Etxebarriak, AEK Euskaltegiko arduradunak azaldu zuen matrikulazio kanpaina martxan dutela, lelo eta guzti: “ikasturte honetarako aukeratu dugun leloa honakoa dugu: ‘Euskara hurbil, zu urrun heltzeko’. Izan ere, helarazi nahi dugun mezua da ikasleen ondoan gaudela eta daukagun onena eskainiko diegula euskara ikas dezaten, euskararen bidez urrun heltzeko”.
Hala, Etxeberriak, AEKren 2023-2024 ikasturterako eskaintza azaldu du agerraldian: “bost modalitate eskaintzen ditugu: aurrez aurreko ikastaroak (astean 6-8 ordu) / (2-3 egun), mintzamena lantzeko ikastaroa (astean behin), jardun biko ikastaroak (% 50 presentziala eta % 50 bakarka), autoikaskuntza eta online ikastaroak (tutore batekin nork bere kasara ikasteko) eta ikastaro bereziak (etorkinentzat eta erretiratuentzat). Azpimarratu nahi dut ikastaro guztiak maila guztietarako direla, A1etik hasi eta C2 mailara arte).
Berrikuntzei dagokienean, aurtengoa azaldu du: “16-18 urte bitarteko gazteentzako dirulaguntza berezi bat dago; matrikulak 20 € balioko ditu, eta C1erako edukiak prestatzeko ikastaroa jaso ahal izango dute”.
Era berean, azpimarratu nahi izan du AEK-ko ikasleek udalaren eta Jaurlaritzaren dirulaguntzak jasotzeko aukera dutela.
AEK EUSKALTEGIAN IZEN-EMATEA:
Irailaren 28ra arte
94 673 43 70
zornotza@aek.eus
Maila guztietarako eskaintza Zornotzako Barnetegian
Bestetik, Maribi Zubiaga Gallastegik, Zornotzako Barnetegiko zuzendariak Barnetegiaren egoeraren inguruan hitz eginez hasi du bere azalpena: “ikasturte berriari heltzeko garaian gaudenez, aitortu behar dugu ez direla garairik onenak, baina esperantzarako zirrikituak ere badaude. Beti izan da zaila ikasleak Barnetegira hurbilaraztea, eta, azken urteotan zailagoa ari da izaten. Edonola ere, jarraituko dugu aliantzak bilatzen eta proiektu berriak martxan jartzen”.
2023-2024 ikasturteari dagokionean, Barnetegiak betiko jardunari helduko diola azaldu du, eta horrez gain, 16-18 ikasleei begirako ikastaroak ere jarriko ditu martxan: “A1etik C1era bitarteko aurrez aurreko ikastaroak izango dira Barnetegian bertan, neguan zein udan”. C2ko aurrez aurreko ikastaroak edo jardun bikoak ere izango direla azaldu du: “Gogoratu behar dugu, gainera, C2 ematen 15 urte bete ditugula dagoeneko”. A1etik C2ra bitarteko online ikastaroak ere izango dira: “ikasturte osokoak 190 ordukoak izango dira, eta hiruhilekoak, 75 ordukoak (C2n hiruhilekorik ez dago)”. Era berean, Zubiagak azaldu du A1etik C1era bitarteko aurrez aurreko ikastaro telematikoak ere eskainiko dituztela: “aurrez aurrekoak direnez, adostutako ordutegian ikasleak gela birtualean bertaratu eta denbora guztian konektatuta egon behar dira”.
Aurtengo nobedadeari dagokionean, zuzendariak azaldu du 16-18 urteko gazteentzat doako ikastaroak izango dira, C1 maila lortzeko: “ikasleak talde berezietan zein barnetegiko taldeetan, ikastaro bakoitzeko 20 euro baino ez ditu ordaindu behar izango. Hainbat zentrorekin harremanetan taldeak martxan jartzeko”. Aurreko horiez gain, Zubiagak gaineratu du enpresetan zein hezkuntza zentroetan (C1 mailatik aparte).
Eta azkenik, proiektu bereziei begira, Etxeparerekin lanean jarraituko dutela aitortu du Zubiagak: “horrela, aurtengo udan 30 ikasle inguru izan ditugun bezala, urtarrilean munduko Hego hemisferioko 5 ikasle izango ditugu. Bestetik, Caritasekin dugun akordioari esker, bazterketa arriskuan dauden pertsonei euskara ikastea errazten saiatuko gara. Gainera, HABErekin dugun akordioari erantzuteko, INGURA material didaktikoa sortzeko proiektuan jarraituko dugu lanean. Eta bukatzeko, urrian beste proiektu batean hasiko gara Iparraldeko erakunde batekin (Jakionala), hango ikasleei begirako material didaktikoak sortzeko.
ZORNOTZAKO BARNETEGIAN IZEN-EMATEA
94 630 83 04