Zuluagatar bitxigileak, Irulegiko Eskuaren ikerketaren laguntzaile

Aranzadi Zientzia Elkarteari 2.200 € eman dizkiote, Irulegiko Eskuan inspiratutako bitxien Gabonetako salmentetan irabazitakoaren zati bat, alegia.

  • Eskuan inspiratutako bitxi bakoitzeko 4€ ematen dizkiote Elkarteari bitxigileek, arkeologia- eta zientzia-ikerketan erabil ditzaten.

Zuluagatar bitxigileek, Eguzkilore markaren sortzaile direnek, 2.200 € euro eman dizkiote  Aranzadi Zientzia Elkarteari Irulegiko Eskuaren arkeologia- eta zientzia-ikerketarako.  Bizkaiko (Bilbao, Amorebieta, Galdakao), Donostiako, Gasteizko eta Iruñako dendetako eta online dendako Irulegiko Eskuan inspiratutako bitxien Gabonetako salmentetan irabazitakoaren zati bat, alegia.

Irulegiko aztarnategiko zuzendari Mattin Aiestarani emandako txekea, Zuloagatarren lankidetzaren hasiera besterik ez da, “pieza zoragarri horretan eta hurrengo aurkikuntzetan ikertzen jarrai dezaten”, adierazi du Eguzkiloreko kudeatzaile Igotz Zuluagak.

Lankidetza hori honela zehaztu da: Esku entzutetsuan inspiratutako bitxi bakoitzeko 4 € ematen zaizkio Aranzadi Zientzia Elkarteari Irulegiko aztarnategian ikertzen jarrai dezan. Igotzen aburuz, lankidetza hori zirkulua ixtea da: “Aurkikuntza horren eskutik, guztion ikurra den ondarea iritsi zaigu, eta horrek laguntzarik gogotsuena merezi du; bitxigile gisa, harrotu egiten gaitu jendeak pieza horiek eramateak, eta, aldi berean, horrek ekarpen ekonomikoa dakar berekin”.

Oso azkar egin da dena. Azaroaren 14an Irulegiko Eskua aurkeztu eta berehala, berriaren garrantziak Zuluagatarrak harritu egin zituenez, aurrea hartu eta zintzilikario batzuk diseinatzeari ekin zioten. Argi izan zuten hasieratik bertatik Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera egin nahi zutela; hortaz, haiekin jarri ziren harremanetan lankidetza-moduak aztertzeko. Bitxi-bildumak eta proiektu eta kausentzako laguntza ekonomikoa elkartzen dituzten beste ekimen batzuekin duten esperientzia ekarri zuten bitxigileek. Esaterako, Morea bildumaren eskutik, urtero, salmenten zati bat genero-berdintasunaren alde egiten duen erakunde bati eman zaio.

Eta, aste gutxi barru, lankidetza-modua zehaztu zen, baita salgai jarriko ziren piezak ere, hain zuzen, zintzilikariak: hiru tamainatan eta hiru akaberarekin, eta bat, giltzatako moduan. Pieza guztiekin batera idazkitxoa eta  Aranzadi webgunera bideratzen duen QR kodea doaz. Izan ere, webgune horretan Irulegiko Eskua eta erakunde laguntzaileak aurkezten dira. Garaiz iritsi zen bitxia Gabonetako kanpainerako.

Abenduaren hasieran, bitxiak merkaturatu ziren, eta, oso denbora gutxitan, onarpen zabala izan dute: abenduaren 31ra arte, 550 pieza saldu ziren Euskadiko eta Nafarroako dendetan. Gauza bera gertatu da beste lurralde batzuetan; halaber, beste erkidego batzuetara iritsi da, online dendaren bitartez.

Aurtengo aurreikuspenei begira, Zuluagatarrak baikorrak dira. Baina adierazi dute ez dela batere erraza hain denbora laburrean hainbeste saltzea, eta uste dute Irulegiko Eskua eguzkilorearen edo lauburuaren antzeko ikur bilakatuko dela; gogorarazi beharra dago ikur horiek etengabeko eskaria dutela. Era berean, urtean zehar Eskuan inspiratutako bitxi-bilduma berria kaleratzeko asmoa dute, hain zuzen, pieza gehiago eta diseinu sofistikatuagoak, material noble eta harri erdibitxiez baliatuta. Bilduma berri horren planteamendua berbera izango da, hots, Aranzadi Zientzia Elkartearen ikerketa-proiektuari laguntzea, eta, beraz, aurtengo salmenten zati handiagoa ematea da asmoa. “Pozten gaitu gure buruak hobetzea, eta txeke potoloa eman ahal izateak”, adierazi du Igotzek; “halaber, enpresak eta pertsonak animatu nahi ditugu Elkarteari laguntzera, horrek eskura jartzen dituen formulen bidez”.

Aldi berean, lortu nahi da jendeak bitxiak harro eramatea, Eskua gero eta ezagunagoa izatea eta geure sinbologia sustatzea; izan ere, horrek bultzatu baitzituen Zuluagatarrak Eguzkilore bitxien kontzeptua sortzera.

Berrogeita hamar urtetik gorako jardunbidea du sektorean bitxigile bizkaitarren leinuak, eta Eguzkilore zuzentzeko lanarekin batera uztartzen du jatorriko artisau-tailerraren jarduera.

Artículo anteriorComienzan las obras para cubrir la zona de juegos infantiles del parque Zelaieta
Artículo siguienteEH Bildu propone un centro comunitario moderno y multiuso en Ixerbekoa