Zortzi maker zornotzarrek beraien 3D inprimagailuekin egindako 180 maskarilla eman dizkiote Amorebieta-Etxanoko Udalari eta herriko anbulatorioari.
Maskarillak etxean inprimatu dituzte Unai Vargasek, Beñat Vadillok, Raúl de la Cruzek, Iker Aburtok, Gorka Goitiak, Unai Agirrek, Rober Caballerok eta Egoitz Etxandiak. Amorebieta-Etxanoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie guzti hauei, zornotzarrekiko agertu duten konpromiso, erantzukizun eta elkartasunarengatik.
Zortzi mutilek COVID-19 Coronavirus Makers komunitate birtualeko kideak dira, Espainian 15.000 kide baino gehiago dituen 3D inprimaketazaleen talde bat. Estatu osoko osasun material hornidura arazoak direla-eta, talde honek erabaki du etxeko inprimagailuekin egitea azetatozko biserak, maskarillak eta, baita arnasgailuen lehenengo prototipoak ere.
Biseren kasuan, maker bakoitzak baliozkotutako prototipoaren planoak deskargatzen ditu etxetik, eta hiru ordutan bisera oso bat eginda izan dezake. Normalean bekokitik kokotseraino doan xafla gardena PETGz eginda egoten da, ur botilak egiteko erabiltzen den materiala.
Hala ere, egoera premiazkoa izanik, maker zornotzarrek koadernaketa orriak jarri dizkiete birusarengandik babesteko. Koadernaketak orriak Amorebieta-Etxanoko Udalak ordaindu ditu baina azpimarratu beharra dago herri ekimen honek agertutako elkartasuna eta eskuzabaltasuna, ez baitute funtsik eskatu.