Amorebieta-Etxanoko Udal Euskaltegiak 30 urte bete ditu Zornotzan euskara irakasten. Urriaren 11n, zentroaren historiaren lehenbiziko hogeita hamar urte horietan partaide izan diren edo diren pertsonak biltzeko ekitaldia egin zen, ikasleak, irakasleak, ordezkari politikoak, erakundeen ordezkariak, etab. Eta zentroaren historia eta bertan burututariko hainbat ekintza argazki bidez biltzen duen erakusketa, Zelaieta zentroko erakusketa gelan, izan da ikusgai urriaren 15etik 25era bitartean.
1982an ekin zion bideari euskaltegiak, Eusko Jaurlaritzak homologatutako euskaltegien sareari atxikirik. Urte luzetan Elizalde kalean parrokiak daukan eraikinean aritu ziren (gaur egun Zubiaur musika eskolak erabiltzen dituen lokalak), San Pedro kaleko udal lokaletara ekarri zen 2005ean, azpiegitura gaurkotuaz eta baliabide tekniko egokiagoz horniturik ikas zentroa.
Amorebieta-Etxanoko Udal Euskaltegia, aurtengo ikasturtetik aurrera Zornotza Udal
Euskaltegia izenaz ezagutuko duguna, Amorebieta-Etxanoko Udalak kultura eta euskara zerbitzuetarako daukan Ametx udal erakunde autonomoaren atala da.
Euskaltegia sortu zenetik igarotako hogeita hamar urteetan, ilusioa eta lana bitarteko, 40.000 ikasletik gora jaso dituzte euskaltegiko ikasgelek.