Zornotzako Mugimendu Feministak, herriari eta Udal Gobernuari zuzenduriko idatzi bat publiko egin du, “udalak bere zuritze eta propaganda kanpainarako egindako artikuluan, euren ustez, modu partidistan gai garrantzitsuak erabili dituelako eta jakin badakite, guri dagokigun gaietan behintzat, hutsune potoloak izan dituztela”.
“Genero indarkeriaren protokoloa krisi garai honetara moldatzeko eskatu genion Udalari, eta ez zuten egin nahi izan. Zoritxarrez, kasu bat eman denean, protokoloak hutsuneak izan ditu. Eraso matxistaren berria gure etxeetara heldu baino ordu batzuk lehenago, MASKARILLA19 farmazietako kanpaina korrikan jarri zuten martxan. Kasualitatea ote? Ez al dute erabili Maskarilla19 kanpaina beraien kudeaketaren akatsak estaltzeko? Horrela bada, lotsagarria iruditzen zaigu gai hau zuriketarako erabiltzea, beti, baina are gehiago, gauzak gaizki egin direnean”.
Bide batez, eskerrak eman nahi izan dizkiete kolektibo ezberdinetako langileei. «Gure eskerrik handiena, zaintza eta osasungintzako langileei, garbitzaileei, komertzioetako langileei eta funtsezko lanetan ari direnei, neurririk gabe lanean ari diren honetan, erakusten duten elkartasun eta babesagatik.»