44 urtez desagertuta egon ostean, 2019an berreskuratu zuen Zornotzak bere musika banda
2018an otu zitzaion Aritz Labradorri (Zornotza,1997) Zornotzako Musika Banda birsortzeko ideia. Musikenen egiten dituen txistuko ikasketen barruan, herriko txistularien inguruko lan bat egiten ari zela, bere garaian Zornotzan banda bat egon zela jakin zuen eta ondare hori berreskuratu nahian lanean jarri zen. Bere hurbilekoak diren herriko musikari batzuekin hitz egin ostean, proiektua era bateratuan udaletxean aurkeztu zuten. Proposamena begi onez ikusi zen eta alderdi guztien babesa jaso zuen. Orduan, musikariak bilatzen hasi ziren 2019ko martxoan lehen entseguak egiteko. “Hasieran 10 bakarrik izan ginen, baina banda atera beharra zegoen. Gainera, jendea erakartzeko gauzarik onena kontzertu bat egitea da. Hainbeste urtez banda gabe egon eta gero, herriak ez zekien zer zen banda bat eta hori erakutsi nahi genion”, azaldu du Aritz Labrador bandako zuzendariak.
Errepertorio zabala prestatu zuten bandaren alde guztiak erakusteko, eta ekainaren 15ean bandak lehenengo kontzertua eman zuen besaulki hutsik gabeko Zornotza aretoan. 2019/2020 urtean lehenengo denboraldiari ekin zioten, “Konektatzen” deitu zutena. Herria bandarekin konektatzea zen helburua. 2019ko abenduaren 23an eman zioten hasiera, eta martxoaren 14an, “Munduarekin konektatzen” bigarren kontzertua egin behar zutenean, pandemiak bete-betean harrapatu zituen. “Bandarekin bizitako unerik latzena izan zen. Kontzerturako bi egun gelditzen zirenean, urtarriletik lanean egon eta gero, bertan behera gelditu zen”, aitortu du Labradorrek. Hala eta guztiz ere, banda ez zen geldirik geratu eta berrogeialdian zehar kultura online sustatzeko 8 ekitaldi antolatu zituzten. Horregatik, Laboral Kutxak eta Deiak antolatutako XIII Hemendik saria jaso zuten. “Banda sortu berri, ezin nuen onartu banda deskonektatzea. Horregatik hasieran Skype sozialak egin genituen, zelan genbiltzan jakiteko eta hitz egiteko. Bilera horietan sortu zen ideia. Apirilean abesti bat grabatu genuen eta maiatzean tailer ziklo bat antolatu genuen. Oso harrera ona izan zuen”.
Gero, ekainean berriro entsegu presentzialak bueltatu ziren eta jaietarako “Munduarekin konektatzen”, martxoan eman beharreko kontzertua, grabatu zuten. Youtuben igota dago eta banda ikusteko aukera bikaina da. Urrian, aurtengo denboraldia aurkeztu zuten, “Arteen doinuak”, eta kontzertu bakoitzean musika beste arte batekin erlazionatu dute. Hasieran, 6 programatu zituzten, baina pandemiaren eraginez “Zaporeen doinuak” ezin izango da ospatu. Lehenengo hiruretan zinema, literatura eta pintura erlazionatu dituzte, herriko hainbat artistarekin elkarlanean; besteak beste, Larraitz García, Patxi Sema, Unai Aburto, Mikel Berrojalbiz eta Martzel Nascimentorekin. Laugarrenerako, “Herriaren doinuak”, Blanco y en Botella taldearen laguntza jaso dute. Orain, opor txiki batzuk hartu eta denboraldia itxiko duen “Dantzaren doinuak” kontzertua prestatzen hasiko dira. Oso berezia izango dela aurreratu dute, Zornotzako jaien barruan egingo delako eta egoerak ahalbidetzen badu kalean, agertoki handi batean.
Pandemiaren gorabeherekin, bandak aurrera egiten jarraitzen du eta gaur egun jardunean jarraitzen duen Euskadiko banda bakarrenetarikoa da. Eusko Jaurlaritzak indarrean mantentzen duen dekretuaren arabera, musikari eta talde amateurrak ezin dituzte entseguak egin eta online elkartzera behartuta daude. Egoera horri aurre egiteko, martxoaren 22an Musika Banden Euskal Federazioa jaio zen, eta haren parte da Zornotzako Musika Banda. “Guk udalaren babesa daukagu eta gure lana normalean herriarentzat da; horregatik ez genuen horrelako elkarte baten beharra izaten. Orain, lege horren eraginez, udalek ezin dute ezer egin eta interlokutore bat sortu dugu”, esan du Aritz Labradorrek. Bandako zuzendaria ez ezik, federazioko lehendakaria ere bada. Epe laburrera haien helburua aipatutakoa da, baina epe luzera lehiaketak, topaketak eta kurtsoak egitea aurreikusten dute.
Zornotzako Musika Banda ez da bakarrik artistikoa eta kulturala, banda soziala ere bada. Horretan sortzen diren harremanek pisu handia daukate. Etorkizunean entsegu ireki bat egin nahi dute, musikarientzat eta ez musikarientzat banda barrutik ezagutzeko. “Bandaren parte izateko, konpromisoa, gogoa eta interesa behar dira, besterik ez. Larunbatero entseguetan egotea, programa prestatzea. Horrek betetzen dituen edonor gonbidatuta dago!”. Argi dago, herria bandarekin konektatzen hasi da.
Ikus gehiago:https://zornotzakomusikabanda.eus/
Jon Castañeda