Zornotzan elkartasuna nagusitu da

Zergatik eta zertarako sortu da Zornotzako Elkartasun Sarea?

Covid-19 birusaren pandemia dela eta hartu diren salbuespen neurriek, elkarren beharra dugula utzi dute agerian eta behar horri herri bezala erantzuteko aukera eman digute. Zornotzako hainbat eragile, boluntario ezin eskuzabalagoen babesaz, elkarlanean aritu izanaren emaitza da ​ZORNOTZAKO ELKARTASUN SAREA. ​Erakunde publikoen gabeziei eta egoera honek gizarte bezala suposatzen duen erronkari auzolanean aurre egiten ari gara, herritarren laguntzeko gogoak modu antolatu eta bateratu batean kudeatuz.

Jakina da egoera berri honek krisi ekonomiko, politiko eta soziala dakarrela. Sistemaren arrakala honen aurrean gazte mugimenduko hainbat eragilek bizitza erdigunean jartzea lehenetsi dugu. Guk argi daukagu Bizitza Vs Kapitalaren lehia horretan zeinen alde lerratu. Argi dugu, zaintzaz, antolakuntzaz eta konpromezuaz bakarrik egin daitekeela aurrera.
Herri gisa erantzun behar dugu. Horretarako, Zornotzako herritarron beharrizanak identifikatu, eta lan taldeetan antolatu gara, ahalik eta zaintza erantzun osoena emateko asmoz.

Lan taldeak

Zaintza hitzak ardura eta erantzunkizun asko barnebiltzen ditu. Zaintzaren azaleko esanahietik haratago joan nahi dugu, auzo eta herritarron arteko elkartasun eta babesean oinarrituz.

Birusaren hedapena murriztu asmoz, lehenik eta behin, erosketak etxera eramateko zerbitzua abian jarri dugu. Etxetik inolaz ere irten ezin direnei zuzendutako laguntza da, hau da, etxean gaixoren bat dutenei, adinekoei edota beste edozen arrazoi dela medio, etxetik erosketak egiteko ere irten ezin den edonori. Uneoro, laguntza eskatzen dutenen eta boluntarioen segurtasuna izan dugu ardatz, beste herri batzuetan funtzionatu duten protokoloetan oinarrituz eta mediku batek gainbegiratuta, gure protokolo propioa sortu dugu.

Horrez gain, etxean bakarrik geratu behar diren umeentzako zaintza zerbitzua eskaini genuen, haur horiek aitite-amamen zaintzapean egon behar ez izateko, hau ere, protokolo zorrotz bat jarraituz.

Elkartasunaren saretze honetan aurrera egiten joan garen heinean, jendartean dauden beste behar batzuk identifikatu ditugu eta behar horiei ere erantzuna ematen ari gara. Arreta psikologikorako zerbitzua da horietako bat, osasun fisikoa ez ezik, mentala ere zaindu behar dugulako. Itxialdiak sortu edo kaskartu ditzakeen egoerei aurre egiteko, osasun mentaleko profesional talde baten laguntza jarri dugu herritarren eskura.

Horrez gain, babes pantailak egin ditugu herritar batzuen 3D inprimagailuen laguntzaz, eta zahar egoitzetan, dendetan eta lehen lerroan dauden beste hainbat langileren artean banatu ditugu.

Ikasle problematikari dagokionez, itxialdiak hezkuntza sistemaren ohiko jarraipena oztopatu du, ikasleengan karga eta erantzunkizun osoa ezarriz. Horren aurrean jaurlaritzak eta unibertsitateek erantzuteko duten zailtasuna ikusita, arreta eta orientazio zerbitzua eskainiko dugu DBHko eta batxilergoko ikasleentzat. Zerbitzu honen baitan, irakasgaien inguruko zalantzak argitzeko zerbitzua egongo da, baita orientazio zerbitzua ere.

Aisialdiak ere garrantzi handia du gure bizitzengan. Aisialdia kalean burutu ezin dugun honetan, Zornotzako Elkartasun Sareak leku bat eskaintzeko asmoa du. Sare sozialen bitartez hainbat eduki, eta erronka proposamen plazaratzeko asmoz gaude, Zornotzako aisialdi eragileekin hartuemanean antolatuz.

Hasieran esan bezala, elkarren beharra daukagu eta egoera zail honi saretuta eta elkartasunez egingo diogu aurre. Herriak bakarrik salba dezake herria!

Aipatutako zerbitzuren bat behar izanez gero, edo gurekin antolatzeko prest bazaude jarri gurekin harremanetan:

Gmaila: ​elkartasuna.zornotza@gmail.com Sare sozialak: @zornotzakozaintzasarea

Telefonoa: 641 873 166

Artículo anteriorLa asociación contra el cáncer da la cara por tí
Artículo siguiente103 contagiados en Amorebieta, al sumar ayer dos nuevos positivos