ZORNOTZA MENDI TALDEA ETORKIZUNARI BEGIRA “Elkartea berpiztea lortu dogu”

Igor, Eneko eta Kemen etorri dira gaur arratsaldeko solasaldira. Elkartearen agindupean jarri ziren orain dela urtebete eta piku. Asanblada orokorra egin berria dute eta orain arte egindako ibilbideari buruz mintzatzeko geratu gara. Hirukote hau jo ta ke ari da elkartearen eguneko ekintzak eta tramiteak aurrera ateratzen.
Elkartean bazkideen datuak eman dizkigute. “ Guztira 530 bazkide gara eta 220 federatu”. Zenbaki ederrak benetan. Hasieratik jarritako helburua bete dute, baina ez dute hor geratu nahi eta elkartea sendotzea da orain helburua. “Guk hirurok lan handia dugu, ez legoke txarto jende gehiago zuzendaritza talde honetan sartzea. Elkartea berpiztea lortu dogu baina orain sendotzeko ordua da eta horretarako laguntza gehiago behar dogu. Denon artean gauza handiagoak egin ahal doguz”.
Aurten 22 irteera eta 25 hitzaldi antolatu dituzte. Mendiko eskiko taldeak 3-4 irteera egin ditu, mendi lasterketak taldeko lagunak gero eta gehiago dira, mendi bizikleta taldekoek ekipaje berria egin dute eta Euskal Herriko zeharkaldia egiten ari dira. “Hiru urtetan egingo ditugu etapa guztiak, 7 etapa urtero. Gainera asteburu osoko 4 irteerak dauz. Martxan dauden atalak indartzea da gure helburua eta besteak abian jarri. Umeen arloa erronka bat dogu. Gaur egun Ametx udal erakundeak antolatzen ditu irteerak umeentzako eta gure asmoa ere horrelakoak egitea da”.
Mendiko astea ere antolatu zuten. Aurten azaroan izango da,hitzaldiak, argazki lehiaketa, irteera eta Aurtaunen bazkaria,.. “1925. urtean sortutako taldea da hau. Horren dokumentazioa dogu eta elkartearen historia batu nahi dogu liburuxka batean 100 urteak ospatzen dogunerako. Ardura bat dogu iraganarekin eta ezin diogu uko egin. Etorkizunari begira gaude”.

Artículo anteriorXV Eleizetan con Joe González ‘Sema’
Artículo siguienteRecopilan 2 toneladas de comida en la fiesta solidaria