Zornotzan

Cultura

ZORNOTZA ARETOAREN PROGRAMAZIO EDERRA

• Udalerriko kultura espazio honetan hurrengo hileetarako programatu diren ekitaldietako bat izango da antzezlanaren estreinaldia. Mota askotako proposamenak bildu dira programaziora, dantzatik hasi eta antzertiraino, musika, zinea eta umeentzako eta familientzako ikuskizunak ahaztu gabe
• Anomalía Magnética kaleko ikuskizuna moldatu dute Markeliñe taldekoek areto barruan aurkezteko xedez. Jatorrizko ideiari eusten dio ikuskizunak, baina gure gizartearen ikuspegi zabalagoa eta kritikoagoa aurkeztuko dute oraingoan Makinista izeneko lanean
• Otsailaren 22an, El juicio de Dayton lan ospetsu eta arrakastatsua eskainiko du Gaztelako Azar Teatro antzerti konpainiak. Antzerki purua, zientziaren eta erlijioaren arteko betidaniko eztabaidaren gaineko hausnarketa eginez.
• Martxoan, Euskadin egingo duen bira luzearen barruan, Más pequeños que el Guggenheim lan barregarri eta hunkigarria, Mexikoko 2008ko Dramaturgia Sari Nazionala irabazi zuena, helduko da Zornotza Aretora.
• Antzertiaz familian gozatzeko parada eskainiko dute Glu-Glu konpainiakoek maiatzean Ahatetxo itsusia lanarekin.
• Aukera dantza konpainia famatuak Burnia ikuskizuna aurkeztuko du. Hori izango da bazkideentzako dohaineko lana, eta denboraldiari amaiera emango diona.
• Zelaieta zentroko kontzertu gelan formatu txikiko 3 ekitaldi (zirkuitua osatua Basaurirekin eta Leioarekin) programatu dira. Lehendabizikoa, Iñaki Salvadorrek (pianoa) eta Ainara Ortegak (ahotsa) eskainiko dutena.
• 2012an abian jarritako esperientzia sendotze aldera, Kine Kluba izeneko taldeak diseinatu eta koordinatuko ditu hurrengo hileetarako programatu diren zine ziklo tematikoak.

Urtarriletik maiatzera bitarteko programazioa

URTARRILA
– “Makinista” Markeliñe- ESTRENALDIA- Antzertia
Urtarrilaren 18an, 21:00etan.
Sarrera: 8 euro
Makinista aretoetarako bertsioa da, Anomalía Magnética lanaren gainean egina, eguneratua eta ikuskatua.
Honako osagai hauek dauzka Markeliñe taldearen proposamenak: zientzia, genetika, historia, ekonomia, erlijioa, politika, ironia eta koloratzaile baimenduak.

– “Birentzako zinea” Iñaki Salvador eta Ainara Ortega. Musika
(Zelaieta zentroan)
Urtarrilaren 24an, 20:30ean.
Sarrera: 6 euro
Iñaki Salvador piano jolea eta Ainara Ortega abeslaria eszenatokira igoko dira abestien bilduma eskaintzeko. Film mitikoen soinu bandek toki berezia izango dute emanaldian: Casablanca, Tea birentzat, Cabaret, Ozeko aztia, Kandilejak…
Ibilaldi hunkigarria bihotzeraino iritsi zaizkigun filmetan zehar, jazz estilorik puruenean.

OTSAILA
– “Ali Baba eta 40 lapurrak” Borobil Teatroa – Familiarentzako antzezlana
Otsailaren 2an, 18:00etan. Euskaraz
Sarrera: 4 euro
Borobil antzerki taldeak, familia guztiari eskaini nahi dio Ali Baba eta 40 lapurrak antzezlanarekin umorez gozatzeko aukera. Anartz Zuazua du zuzendari eta protagonista.

– “El juicio de Dayton” Azar Teatro – Antzezlana
Otsailaren 22an, 21:00etan.
Sarrera: 10 euro
AZAR teatroren proposamena Stanley Kramer zuzendariaren Inherit the wind filmaren bertsio askea da, zientziaren eta erlijioaren arteko eztabaida betierekoa.
Antzerkiaren ezaugarriak, berriz, intentsitatea, egiatasuna, argitasuna eta irmotasuna.

MARTXOA
– “Más pequeños que el Guggenheim” Laberintus Teatro (Mexiko) – Antzezlana
Martxoaren 1ean, 21:00etan.
Sarrera: 10 euro
Bakardadea arintzeko bidearen bila ekin diote lau lagun langabetuk antzerkigintzari Mas pequeños que el Guggenheim lanean. Antonio Gala Fundazioaren egoiliarrentzako bekari esker eta Veracruz estatuaren (Mexico) laguntzaz idatzia, Mexikoko 2008ko Dramaturgia Saria Nazionala irabazi zuen.

– “El Show de Dodó”– Musika
Zelaieta Zentroa
Martxoaren 14an, 20:30ean.
Sarrera: 6 euro
Luca Frasca eta Marina Sorín musikariek sortutako ikuskizuna. Coque Santos eta Nacho Mastreta musikari ospetsua lagun dituztela, lehengo kabareten giroa dakarkigute, fantasia eta surrealismo munduraino eramanez entzuleak.
Zine mutua, rag-timea eta abesti tradizionalak dituzte inspirazio iturri.

– “Babia” GANSO&Cía – Familiarentzako antzezlana
Martxoaren 16an, 18:00etan.
Sarrera: 4 euro
Biltegi moduko bat da BABIA, kaxaz betea. Egun guztiak dira berdin-berdinak bertan. BABIAn bizi dira, zein bere baitara bildurik, murgildurik. Egun batean, ordea, telefonoak ez du gehiagotan joko eta elkarri begiratu beharko diote nahitaez. Gorka Ganso eta Txefo Rodríguez (GANSO&Cia), Iñaki Rikarteren zuzendaritzapean, hitzik esan gabe, eguneroko istorioa kontatzera datozkigu, adiskidetasuna, lana eta irudimena langai izanik. Umorez eta gizatasunez blai dagoen istorioa.

APIRILA
– “Spaceko zarama” Krego-Martin –Familiarentzako dantza-ikuskizuna
Apirilaren 13an, 18:00etan.
Sarrera: 4 euro
Spaceko Zarama lanean batera datozkigu dantza, jolasa eta umorea. Jolastuz, berriro asmatzen eta birziklatzen ikasiko dugu, irudimena suspertuz, etorkizunean ere edertasunaren bila ibiltzeko xedez.

– “Lingua Nabajorum. Euskararen historia txoroa” Bikoteatro –Antzezlana
Apirilaren 19an, 21:00etan (Euskaraz)
Sarrera: 8 euro

Euskaldunak historian zehar beti ibili dira liskarrean kanpokoekin edo euren artean. Gure teoriaren arabera liskarrok sortu eta garatu dute euskara. Gatazka bakoitzari euskararen aldaketa bat dagokio.

– “Zugan Ni” Markeliñek antolatutako Eskola Antzertiaren VI. Lehiaketa
Apirilaren 27an.
Goizean, Herriko plazan: Gazteen arte-erakustaldia (antzertia, musika, pintura, etab.).
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Zornotza Aretoan: Igorre, Durango, Iurreta eta Amorebieta-Etxanoko taldeek sortutako antzezlanen emanaldia.
Sarrera: 3 euro

MAIATZA
– “Ahatetxo itsusia” Glu-Glu –Familiarentzako antzezlana
Maiatzaren 4an, 18:00etan (Euskaraz)
Sarrera: 12 euro
Mundu osoan ezaguna den Christian Andersenen ipuina oinarri hartuta, istorioaren bertsio gaurkotua dakarkigute. Glu Glukoek, hala edukiari nola irudiari dagokionez. Jolasa, komedia, musika eta dantza ditu bidelagun Ahatetxo Itsusiak gutako bakoitzaren baitan dagoen barne-edertasunaren bila.

– “Bag Lady Theater”–Antzezlana
Maiatzaren 10ean, 21:00etan.
Sarrera: 6 euro
Emakume bakarti baten historia da Bag Lady. Bere mundua eraikiko du, objekturik sinpleenak erabilirik, eta gizabanakoen atzean dagoen horretan sakonduko du era zoli, delikatu eta oroitarazlean.
Berak bakarrik, gorputz osoa erabilita, isiltasunaren mundu poetikoan arakatuz, pertsonaia bilakaraziko ditu plastikozko poltsak bere eskuetan. Bag Lady iraganean eta oroitzapenetan barrena bidaiatuko da, pertsonaia horiek guztiak bere desioez eta fantasiez zipriztinduz.

– “Burnia” Aukeran Dantza Taldea – Dantza
Maiatzaren 17an, 21:00etan.
Sarrera: 12 euro (Dohainik bazkideentzat).

Bilbon eta inguruetan, Bizkaian, dena da burdina. Burdina izan zen igoarazi gintuena eta, gero, makurtzera eraman gintuena. Gori-gori ageri zen burdinoletan, labe garaietan, gerretan, Karlistadetan,Gerra Zibilean. Tren bihurtuta garraiatu egin gaitu, itsasontzi bihurtuta. Gaur egun ere burdinazko zubien gainean bizi gara. Burdinazkoa dugu garuna. Oraingoan, burdinaren gaineko dantzari ekitea dagokigu.

Zine-kluba: Ziklo tematikoak
2012an abian jarritako esperientzia sendotze aldera, Kine Kluba izeneko taldeak diseinatu eta koordinatuko ditu hurrengo hileetarako programatu diren zine ziklo tematikoak.
Lehenengo zikloak, Eusko Label izenekoak, euskal zuzendariek egindako hiru proposamen dokumental dakartza. Urtarrilaren 8an, Arkaitz Basterra zuzendari zornotzarraren Diarios del Café Louvre film luze dokumentala proiektatu zen. Urtarrilaren 15ean Lara Izagirre zornotzarraren Next Stop Greenland eta Jon Ander Beristainen Hugh over Todra lanen txanda izango da.
Ziklo honi amaiera emanez, hilaren 22an, Barrura begiratzeko leihoak dokumentala izango da ikusgai. Bost euskal presori bost zinegile hauek egindako erretratua da: Josu Martinezek, Txaber Larreategik, Mireia Gabilondok, Enara Goikoetxeak eta Eneko Olasagastik hain zuzen.

Otsailean, Barre-terapia zikloa iritsiko da Zornotza Aretora eta, nola ez, umorea eta ironia izango ditu protagonista, honako lan hauei esker: Qué se mueran los feos, Natxo G. Velillak zuzenduta (otsailaren 5ean); Mike Judgeren Idiocracy (otsailaren 12an) eta Tropic Thunder, Ben Stiller zuzendariarena (otsailaren 19an).

Martxoan eskainiko den Emakumeak zikloan, berriz, honako film hauek izango dira ikusgai: Tornée, Mathie Amalric zuzendari lanetan duena (martxoaren 5ean); Lucía Puenzoren XXY (martxoaren 12a) eta El nens salvatges, Patricia Ferreirarena (martxoaren 19an).

Film hauek astearteetan izango dira, iluntzeko 20:00etan, eta sarreraren prezioa 4 eurokoa da.

+ Leer más