Zornotza Aretoak ekitaldiz betetako egitaraua antolatu du urritik abendura bitartean

Zornotza Aretoak ekitaldiz betetako egitaraua antolatu du urritik abendura bitartean

•  Familiei zuzendutako hiru ikuskizun eskainiko dira: ‘Perez Sagutxoa’, ‘ Tarzan tratamenduan´ eta `Zuhaitzak landatzen zituen gizona´.•  Dantza zirkuituko hiru ikuskizun izango dira denboraldi berrian: `Gorpuztu´, `Hiru hitzetan´ eta `Kenophobia´.•  Musika ere protagonista izango da hiruhileko honetan: Zornotzako Musika Bandak bi kontzertu eskainiko ditu eta Musika Gertu programako beste bi kontzertu ere izango dira.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Zornotza Aretoko denboraldi berriko programazioaren aurkezpena egin du. 2021eko urritik abendura bitartean Zornotza aretoak erreferente jarraituko du izaten arte eszenikoen, dantzaren eta musikaren esparruetan. 

Hiru emanaldi, txiki eta familientzat

Zornotza Aretoko denboraldi berria urriaren 2an hasiko daherriko txikientzat eta familientzat, `Perez sagutxoa´ren bi emanaldirekin; Glu Gluren ikuskizuna 3 urtetik gorako umeei dago zuzendua, eta saioak 12:30etan eta 18:00etan izango dira. Familientzako bigarren antzerki emanaldia azaroaren 20an izango da, Mar Mar antzerki taldearen `Tarzan tratamenduan´ emanaldiarekin. Abenduko emanaldia 4ean izango da, eta bertan, Gorakadak azken antzezlana aurkeztuko du: `Zuhaitzak landatzen zituen gizona´.

Lau antzezlan, gazte eta helduentzat

Antzerkia izango da, zalantzarik gabe, hiruhileko honetako protagonistetako bat. Gazte eta helduei zuzenduta, urriaren 15ean Portugalgo Chapitó antzerki talde garrantzitsua etorriko da Amorebieta-Etxanora, `Napoleón o el complejo épico´ lanarekin. Izenak berak dioen moduan, Napoleon Bonaparte izango da ikuskizuneko protagonista, eta ikusi ostean, herritarrak izango dira haren irudi historikoa edo Napoleonen alderdi gizatiarra epaituko edo goraipatuko dutenak. Companhia do Chapitók historiaren atze-aurreak kontatzen ditu, umorez eta poesiaz. Bestalde, azaroaren 6an, La Dramática erranteren `Altsasu´ antzezlana ikusteko aukera izango da, gaztelaniaz. Ikuskizunean azken urteetako kasu judizial polemikoenetakoan murgiltzeko aukera izango dute bertaratutakoak, momotxorroaren irudia abiapuntu hartuta; momotxorroa  Altsasuko inauterietako pertsonaiarik esanguratsuenetakoa da.

Euskarazko antzezlanek ere leku propioa izango dute hiruhileko honetan. Urriaren 29an Eneko Sagardoyren eta Miren Gaztañagaren `Maitasunaren itxiera´ antzezlana ikusteko aukera izango da. Arraiagaren ekoizpen honek elkarrizketa garratz batera tinkatzen du bikote bat: biek hala biek, bikotearen haustura kontatuko dute bakarrizketa baten bitartez, modu sutsu eta gordinean. Euskarazko antzezlanek azaroaren 12an dute bigarren hitzordua: Formol laborategiaren `Album´ lana aurkeztuko da. Zornotzar gazte zein nagusiei zuzendutako komedia da, eta bertan Millennialen diagnosia egiten da, hauek oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatzeko dituzten zailtasuna kontatuz.

Dantza eta musika ere, protagonista

Dantzak eta musikak ere protagonismoa izango dute Zornotza Aretoan urritik abendura bitartean antolatutako egitarauan. Urriaren 22an dute herritarrek aurreneko hitzordua, Eva Guerrero Dantza Konpainiaren `Gorpuztu´ emanaldiarekin; `Gorpuztu´ ikuskizunak oreka du helburu, eta bide horretan dantza garaikidea eta zuzeneko musika uztartzen ditu. Bigarren hitzordua azaroaren 26an da: `Hiru hitzetan´ dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da: Euskal Herriko hiru konpainien hiru piezaz osatua dago emanaldia, 20 minutukoa bakoitza. Hiru hitzetan, hiru ahotsen eszenaratzea da: erresilientziaren, ahalduntzearen eta askatasunaren artean bizi diren hiru emakumeren istorioak elkartzen dira espazio amankomun batean. Azkenik, abenduaren 10ean Osa+Mujikak `Kenophonia´ lana aurkeztuko du, beldurra eta bakardadea uztartzen dituen lana. 

Bestalde, Musika Bandak ere leku propioa izango du hiruhileko honetako egitarauan: bi kontzertu eskainiko ditu, hurrenez hurren, urriaren 30ean eta abenduaren 18an. Bertaratutakoak haurtzarotik gaur egunera bitarteko bidaia egin ahal izango dute, musikaren bitartez. 

Azkenik, Musika Gertu programak segida izango du ikasturte honetan ere. Zelaieta Zentroan egiten diren kontzertuetako aurrenekoa urriaren 21ean izango da, `Four Friends´ taldearen eskutik. Urte honetako azken kontzertua `Sweet Margot Trio´ren emanaldia izango da, azaroaren 25ean. 

Aldez aurreko salmenta eta erreserbak

Sarrerak aldez aurretik erosi nahi dituzten zornotzarrek bi modu dituzte: www.zornotzaaretoa.eus webgunearen bidez erosita, edo aurrez aurre, Zelaieta Zentroan, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 21:30era.

Sarrerak erreserbatu nahi dituzten bazkideek ere, bide ezberdinak dituzte aukeran: Zelaieta Zentroan, astelehenetik ostiralera, 09: 00etatik 14: 00etara; 94 630 06 50 telefonoan; edo www.zornotzaaretoa.eus webgunean kode propioa erabiliz.

Artículo anteriorPlan Integral de Empleo para superar la crisis sociosanitaria
Artículo siguienteUn coche de la Policía Municipal amortigua la caída de una mujer desde un balcón