Jardunaldia arratsaldeko 18:00etan izango da, udaletxeko Etxano aretoan eta bertan izango dira Tecnaliako ordezkariak, orain arte egindako lanketa eta Ekintza Planaren proposamenean jasotako neurriak azalduko dituzte.
Datorren ostegunean, urriak 3, Amorebieta-Etxanoko Zarataren arloko Ekintza Planari buruzko partaidetza jardunaldia egingo du Udalak, herritar orori irekia. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da udaletxeko Etxano aretoan.
Jardunaldi honen helburua zornotzarrei udalerriko zaraten inguruan egiten ari diren urratsen berri ematea eta proposatutako Ekintza Planaren xehetasunak azaldu eta horren inguruan izan ditzaketen kezka edota zalantzak argitzea da.
Horretarako, partaidetza jardunaldian parte hartuko dute Tecnaliako teknikariak. Tecnaliak urteak daramatza Udalarekin elkarlanean, Zaraten Mapak egiten eta Ekintza Planaren proposamena garatzen eta hori da hain zuzen herritarrei zuzendutako saio irekian aurkeztuko dutena. Behin aurkezpena amaituta, bertaratzen direnen kezka edota zalantzak ere argituko dituzte Tecnaliako ordezkariek.