Zaparrada Batukada, tantarik tanta bidea eginez

Ezezagun duen bideari ekitera doanaren sentsazio berberarekin sortu genuen, duela ia sei urte, Zornotzako Zaparrada Batukada Taldea. Aldaparik ba ote zen edo helmugarik egon bazegoen ere jakin gabe, alegia. Baina ekin genion ibiliari.

2008ko uda hartan, Ipurtargi Gazte Asanbladako hainbat kidek, Santanatxuko desfilerako aspalditik buruan generabilen ideia bat baliatzea erabaki genuen: batukada bat sortzea.

Kideetako gehienok musika hezkuntza sekula jaso gabekoak ginen eta, hau ere aitortu beharra dago, batzuek dohai berezirik ere ez genuen. Une hartan ez zen garrantzitsuena. Agian xedea bera ez zelako musika ogibide bihurtzea, egun ahalguztiduna den kontsumoaren eta indibidualismoaren kulturari alternatibak egon badaudela erakustea baizik, eta horiek sortzea norberaren esku dagoela frogatzea.

Solfeoak eta musika eskolek ematen duten formakuntzaren ordez ilusioa eta ondo pasatzeko zein pasarazteko grinarekin eraiki genituen lehen abestiak, eta urte hartako abenduaren 31.enean eskaini genuen lehen saioa, Zornotzan, gure herrian.

Ia konturatu gabe etorri dira, ondorengo urteotan, Euskal Herri guztian barrena eskainitako kontzertuak: hiriburuetan, herrixketan, gaztetxeetan… Horietan guztietan, bustitzen ez duen zaparrada batekin, inguruko jendea gozarazi eta dantzan jartzea baino sari hoberik ez dagoela sinistituta jarraitzen dugu batukadako kideok egun ere.

Ohiko talde bat ez izaki, urte hauetan kide askoren joan-etorriari aurre egin behar izan dio Zaparradak. 2012. urtearen bukaera inguruan geratzen zen taldekide kopuru murritzak kolokan utzi zuen proiektua eta, aldez aurretik taldea biziberritzera bideratutako ahaleginek huts eginda, bi aukera jarri genituen mahai gainean: Zaparrada desegitea, edo Zornotzaz kanpoko jendeari taldean parte hartzeko aukera ematea.

Bigarrena hautatu genuen, nahiz eta ez zen erraza izan, elkar ezagutzen ez zuten hainbeste pertsona jadanik abian zen proiektu batean murgiltzeak baduelako bere arriskua (Zaparradak batukada gisa izan duen identitatea galtzea, esate baterako). Zorionez, denborak erakutsi digu asmatu egin genuela.

Taldekide berriek ekarritako giro apartak eta lanerako grinak denok indarberritu gaitu, eta zinez uste dugu, sentsazio horiek emanaldi bakoitzean ere transmititu egiten ditugula.

Hala, herritik jasotako babesari eta modu batean edo bestean egun Zaparrada Batukada dena osatzen lagundu duzuenon inplikazioari esker, gure proiektu xume honek baikor eta ilusioz begiratzen dio etorkizunari.

Plazetan ikusiko dugu elkar.
Ruben Pascual (Kazetaria eta Zaparradako kidea)

Artículo anteriorVERSUS: primer proyecto de los hermanos Eguren y la zornotzarra Saioa Goitia
Artículo siguienteHIRU NESKA SANTIAGOKO BIDEAN