Udaleku Irekiak 4 eta 11 urte bitarteko neska-mutilei daude zuzenduta eta aurten lau txanda izango dira aukeran, ekaina eta uztaila bitartean.
Gauero Udan ekimena 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei dago zuzenduta eta txanda bakarra izango da, bederatzi egunekoa, ekainaren 27tik uztailaren 8ra.
Bi ekimenetarako izen emateak apirilaren 25etik maiatzaren 11ra egongo dira zabalik.
Udako oporraldia gerturatzen ari den heinean, Amorebieta-Etxanoko Udalak zabaldu du ume eta gaztetxoentzako antolatutako bi aisialdi zerbitzuetan izena emateko epea: Udaleku Irekiak eta Gauero Udan.
Udaleku irekiak
Udaleku Irekiak antolatu ditu Udalak 4 eta 11 urte bitarteko umeei zuzenduta, hau da, 2011 eta 2018 urte artean jaiotakoei. Lau txanda edo aste izango dira aukeran:
- Astea: ekainaren 27tik uztailaren 1era
- Astea: uztailaren 5etik 8ra
- Astea: uztailaren 11tik 15era
- Astea: uztailaren 18tik 22ra.
Ordutegiari dagokionean ere, bi aukera izango dira: A txanda, 09:00etatik 13:00etara eta B txanda, 09:00etatik 15:00etara (jantokia barne). Behar duenak zaintza zerbitzua ere izango du aukeran goizeko 08:00etatik 09:00etara. Udalak jakinarazi du, orokorrean ordutegia hau izango bada ere, gorabeherak egon daitezkeela irteeren edo programaren barruan egingo diren ekintza ezberdinen arabera.
Prezioari dagokionean, astearen eta txandaren araberakoa izango da: 1go, 3. eta 4. astearen barruan A txanda aukeratzen dutenek 40 euro ordaindu beharko dituzte; B txanda aukeratzen dutenek berriz, 75 euro. Aldiz, 2. astea aukeratzen dutenek, egun bat gutxiago denez, 32 euro ordaindu beharko dituzte A txandarengatik eta 60 euro B txandarengatik (deskontuak izan daitezke, prezio ordenantzaren arabera).
Udalekuak Larrea ikastetxeko egoitzan edo Udal kirol eta kultura egoitzetan garatuko dira, programaren arabera. Informazio batzarra ekainean izango da, eta bertan emango dira xehetasun guztiak: programa, ekintzak, irteerak…
Udalak jakinarazi du Udaleku Irekietan beharrizan bereziak dituzten umeentzat 6 plaza gordeko direla; izen emateak plaza kopurua baino gehiago izanez gero, zozketa bidez esleituko dira. Minusbaliotasun psikikoa duten umeei 2 urteko marjina emango zaie udalekuetan parte hartu ahal izateko.
Gauero Udan
11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako ekimena da Gauero Udan, hau da, 2007 eta 2010 urte bitartean jaiotakoei. Txanda bakarra izango da aurten, bederatzi egunekoa, ekainaren 27tik uztailaren 8ra bitartekoa. Ordutegiari dagokionean, 09:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da, nahiz eta bederatzi eguenetatik gutxienez bostetan luzatu egin daitekeen ekintza ezberdinak direla eta.
Gauero Udan ekimenaren prezioa 90 euroko izango da (deskontuak izan daitezke, prezio ordenantzaren arabera). Amorebieta-Etxanon gauzatuko diren ekintza gehienak Zelaietan eta Udal kirol eta kultura egoitzetan garatuko dira; kanpoan egiten direnak programaren araberako lekuetan izango dira. Udalak gogoratu du igeri egiten jakitea ezinbesteko baldintza dela.
Izen-ematea, zabalik
Izena emateko epea apirilaren 25etatik maiatzaren 11ra egongo da zabalik, bi egunak barne, Gazte Informazio bulegoan. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 11:00-13:00 eta 17:00-20:00. Izena banaka zein taldeka eman ahal izango da; taldeak gehienez hiru pertsonak izan ahal izango dira. Izena emateko beharrezkoa izango da Ametx txartela, Ume txartela, Gaztxoko txartela edo Gazte karneta aktibatuta izatea.
Onartuen zerrendan lehentasuna izango dute Amorebieta-Etxanon erroldatuek; izen-emate kopurua eskainitako plaza kopurua baino handiagoa izango balitz, kanpoko biztanleak azkenak izango dira zerrendan. Udalak gogoratu du plazak mugatuak direla, eta matrikulazio asko egonez gero plazak zozketa bidez esleituko direla maiatzaren 13an. Taldeen kasuan, zozketa egiterako orduan eskaera bakartzat hartuko dira, nahiz eta horrek ez duen ziurtatzen pertsona horiek ekintza guztietan talde berdinean egongo direnik. Zozketa egin ostean, plazen esleipena SMS bidez jakinaraziko da.
Ordaintzeko epea maiatzaren 16tik 31ra egongo da zabalik, eta epearen barruan ez ordaintzeak plaza galtzea dakar. Itzulketen kasuan, bi kasu bakarrik izango dira kontuan behin izen-ematea bukatuta: gaixotasun edo istripu larri bat dagoen kasuetan (mediku ziurtagiria) edo ustekabeak edo beharrizan larriak suertatuz gero, beti ere justifikatuta. Behin udalekuak hasita, kuotaren dirua proportzionalki itzuliko da justifikatutako arazo larriren bat gertatzen bada.