Xabier Amuriza, barne mundu handiko euskaltzale amorratua

Gaztetan baino hobeto bizi omen da orain Etxanon sortutako euskaltzale maitea eta ordutik izan duen ibilbideak merezi ditu behintzat, geure ekarpen apalean, segidan dituzuen lerro hauek. Askoren aburuz, euskalgintza modernoaren aita dugu Amuriza eta ez daude, bada, lar urrun. Zerikusia izango du, beharbada, Euskal Herriaren historiari alor anitzetan egindako ekarpena, besteak beste, hauxe baita Amuriza: idazle, konpositore, bertsolari, politikari, aita, senar eta seme.

Ekarpenaren aitortza

Horregatik guztiagatik eta askoz ere gehiagorengatik, Euskal Ikaskuntzaren 2019ko Manuel Lekuona saria jaso berri du Amurizak. Euskal kulturarekiko duen konpromisoa eta bertsolaritzari egindako ekarpenaren aitortza egin nahi izan dio erakundeak. Entzun edota irakurri ditzagun, bada, erakundeak berak erabilitako hitzak: “Bertsolaritza modernoaren erreferente argia da, berritu eta alor askotan aitzindaria izan da» eta «bertsolaritzak azken urteotan izan duen loraldiaren protagonista da”. Hitz samurrak, benetan, arin batean botatzen ez diren horietakoak, alegia. Merezi duenak, bada, hartu ditzan merezimenduz eta historiaz betetako hitz galanta horiek; ibilbide oso bati eskaintzen zaion esker ona baita.

Bertsolari sena

Heldu diezaiogun, bada, bere bertsolari senari, 50 urteko ibilbidea baitu zornotzarrak bertsolaritzaren baitan eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat plazetan aritzeaz gain, orotara, birritan irabazi du Euskal Herriko Txapelketa. Bat-batekoan aritutako azken aldia Altzon izan zen, Miren alabarekin batera, zeina zeharo hunkituta zegoen.

Gainera, Zamorako apaiz-kartzelan zegoela, bertsogintzak zerbait gehiago behar zuela ohartu zen Amuriza, alegia, hizkuntzaren baliabideetako batzuk soilik erabiltzen zituztela bertsolariek, bereziki erriman eta ondorioz, errima lantzeko metodologia berri baten bila hasi zen zulo hartan, eta lortu ere! Maddalen Arzallusek aitortu zion legez, egungo bertsolariek asko diote eskertzeko Berrizen bizi den etxanotarrari.

Erregeak berak ere sarituko luke gizon hau!

Bestalde, ekar dezagun gogora historia liburuetan idatziko den pasarte bat, non demokrazia iritsi eta Juan Carlos erregea Euskal Herrira etorri zenean, Amurizak ‘Eusko Gudariak’ aldarrikapen kanta abiatu zuenekoa. Bere hitzetan, une horretan berean kartzelaratuko zutela uste zuen, baina ezustean, lasai asko iritsi ziren egun hartan etxera bertan aritutakoak. Hala ere, ez pentsa, horren lasai utziko zituztenik luzaroan, gerora bete baitzuten zigorra. Hala ere, politikaritzat baino bultzatzailetzat deskribatzen du Xabier Amuriza zornotzarrak bere burua.

Hitzen bidelagun leiala

Ez ditzagun lerro hauek Amurizak euskal kantagintzari eskainitako hitzei erreparatu gabe, bere eskutik iritsi baitira Euskal Herriko abestirik gogoangarrienen hitzak; besteak beste, Oskorrirenak, Anje Duhalderenak eta Mikel Markezenak. Hala ere, askotan honek urrun samar jotzen gaitu eta Euskal Herriaren historian une eta toki oro entzun ohi izan ditugun bi abestiren izenburuak aipatu nahi dizkizuet, laudorioak soberan ez daudela atzemate aldera: ‘Euskal Herrian euskaraz’ eta ‘Mendian gora haritza’.

Zerk egiten du berezi?

Miren Amuriza alabak dioenari heldu nahiko nioke honi galdera honi erantzuna nahian, izenburuan jarri berri dudan gisa, barne mundu handiko pertsona eta gogoetaren planoan bizi dela aitortzen baitu alabak. Alegia, bizitza kontatzeko modu jostari bat duela eta bai berak baita euskaltzaleok ere, bereziki estimatzen dugula.

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorKARMENGO AMA IKASLEEN GABONETAKO MEZUA
Artículo siguienteSACZ XX. Idazlan lehiaketa