Euskararen erabilera indartzeko asmoz, Amorebieta-Etxanoko Udalak Euskararen Plan Estrategiko berria landuko du 2019an. Plan horretan, hurrengo urteetako hizkuntza-politikaren ildoak ezarriko dira, hainbat arlotan: administrazioa, kulturgintza, irakaskuntza, lan mundua, teknologia berriak eta abar. Planak helburu nagusi bi izango ditu: alde batetik, euskaraz bizi nahi duten herritarrek gero eta aukera gehiago izatea euskara erabiltzeko, eta, bestetik, euskara indartzea, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean.
Plan berria abiatu baino lehen, Udalak orain arte euskararen arloan egin den lana ebaluatu eta, gaur egun, herrian euskararen egoera zein den jakin nahi du. Horretarako, Udalak prozesua abiatuko du Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, azken urteetan egindakoa ebaluatzeko eta gaur egungo argazkia lortzeko.
Azterketa hori egiteko, datu soziolinguistikoak aztertzeaz gain, herritarren parte-hartzea ere ezinbestekoa izango da. Zornotzarrek bi bide izango dituzte prozesu honetan parte hartzeko:
•On line galdetegia: zornotzarrek euskararen erabileraren inguruan dituzten iritziak, espektatibak eta ideiak jasoko dira inkesta baten bidez. Inkestan parte hartzeko udal webgunera sartu beharko da. Edonork erantzun dezake galdetegia, maiatzaren 7tik 21era. Herritarren erantzunak eta ikuspuntuak oso baliagarriak izango dira ebaluazioa egiteko.
•Herri-gogoetarako tailerra: euskararen erabileraren inguruko talde-hausnarketa egiteko saio bat egingo da, modu ludiko eta entretenituan. Tailerra ekainaren 2an, zapatua, izango da, Zelaietan, 10:00etatik 13:00etara. Saioa herritar guztiei irekia izango da. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.
Hurrengo bost urteetan Amorebieta-Etxanoko Udalak euskararen normalizazioan egingo duen lana planifikatzeko, beraz, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea.
Prozesuaren inguruan zalantzarik izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin jar daiteke harremanetan: jnafarrate@amorebieta.eus eta rugalde@ametx.eus helbideak, edo 94 630 00 02 (luz. 113) telefono zenbakian.