TXISTUA BIZIRIK

Igandero kalejiran irten eta udaberri/udan zehar herriko 23 auzotan zabaltzen dituzte haien doinuak

Lasai asko esan dezakegu Zornotza herri txistuzalea dela, ukaezina da eta frogak ere badaude. Adibidez, gerra aurrekoa da “Reglamento del Músico-Tamborilero de la Anteiglesia de Amorebieta” Mikel Etxebarriak 2000. urtean udaletxean aurkitutako dokumentua. Bertan, udal txistulariaren betebeharrak eta eskubideak azaltzen dira. Gaurkoan, aurrerago egingo dugu Udazken Txistulari Taldearen historian murgiltzeko asmoz.

Igandea da eta euria ari du. Astero egiten duten moduan, kaiku beltza jantzi eta Patata aurreko arkupetan batu dira goizeko 12:00etan. Hamahiru dira, txapela buruan, txistua eta danbolina eskuan. Argazkia egin eta herritik buelta bat eman dute. Entzun ditugu, hamaika biribilketa famatu eta baita arin ari eta fandangoak ere.

Desberdinak izan ziren 1998ko txistu taldearen hasierak. Oraindik ofizialki sortu gabe, Udalak eskatuta aurreko txistulariek utzitako hutsunea betetzeko Iban Ibarretxe, Iñigo Ibarretxe eta Eñaut Elorrieta kalera irten ziren. Orain ez bezala, dianak egiten zituzten. Dianak, antzina egunsentia apurtzean herritarrak esnatzeko erabiltzen zen kalejira mota da. Goizeko 09:00tan egiten zituzten, batzuetan gaupasaz ere. “Beti abesten genuen, gazteak ginen, indarrarekin eta gauzak egiteko ekimen handia geneukan”, kontatu digu Iban Ibarretxe txistulariak.

Horretan ibili ziren hilabete batzuetan zehar, baina harrobia behar zen eta Udalak Udabarri Dantza Taldearen lokalean txistu ikastaro bat antolatzea proposatu zion Ibarretxeri. Begi honez hartu zuen eta jende askok eman zuen izena; aurretik txistua jotzen zutenak eta hasiberriak. Horrela bi urte eman ostean, elkartea ofizialki eratu eta txistu alardea antolatzea otu zitzaien. Herrian antzina egiten zen txistu alardea berreskuratzeko nahia zuten, baina instrumentu gehiago sartuta. Herriko musikariak ez ezik, inguruko herrietatik ere etorri ziren. Hala nola, Durangotik, Bermeotik, Santurtzitik, Galdakaotik…  2000. urteko jaietan izan zen lehena, herriko plazan eta Mikel Urdangarin herritarraren bisita jaso zuten. Jendearen harrera oso ona izan zen eta horregatik 20 urtetan zehar etenik gabe egin da. (Aurreko urtekoa kenduta, koronabirusa dela eta ezin izan zen.)  Ordutik, hainbat musikari batu dira alardera. Horien artean:  Alex Sardui (2002), Pantxoa eta Peio (2003), Xabier Amuriza (2005), Aitor Gorosabel (2006),  Xabi Solano (2012), Gari (2014), El Drogas (2015) eta Kutxi Romero (2018).

“Gogoratzen dut afaria Larrean zegoen garagardotegian egin genuela, kuadrilla handi bat ginen. Gero urte berean, txistu eguna antolatu genuen. Gutxinaka hazten, harrobia sortu zen”. 2006tik aurrera musika eskola berria zabaltzearekin batera txistuko altak gora egin zuten eta egun 30 txistulari inguru daude taldean.

Pandemiaren eraginez, taldearen historian lehen aldiz kalejiran irten gabe egon dira sei hilabetez, martxotik maiatzera eta azarotik martxora. Egun, segurtasun distantziak eta neurriak jarraituz egiten dituzte kalejirak eta horretarako, herriko Izar Cutting Tools enpresak egindako pantailak erabiltzen dituzte. Hala ere, badaude kultura erasotu nahi izan dutenak eta txistularien kalejirengatik kexatu egin direnak. Argi dago gutxiengoa direla: “Jendeak orokorrean asko eskertzen digu. Plazer bat da txistu hotsak zelan gerturatzen diren entzutea”, adierazi du Ibarretxek.

Harro egon gaitezke, gure herrian txistuaren etorkizuna bermatuta dago eta Zornotza herri txistularia da. Bat hasi eta orain 30 diren moduan, boladak egongo dira, baina Zornotzan txistua bizirik dago.

JON CASTAÑEDA

Artículo anteriorJavier Patiño, Campeón de Euskadi de Arco Olímpico
Artículo siguienteHaizetara 2021