Jesus Arregi Mendiolagaray, Mugarra magalean jaio zen TXAKALA, Betzuen baserrian. Bernagoitiko bolatokian zuen bere aterperik kutunena. Bertan, 2002. urtean, 100 jaurtiketekin 1.561 puntu lortu zituen. Momentuko errekorra eta oraindik irauten duena.
Bere gosea aseezina zen, hainbat eta hainbat txapela irabazi zituen bolo jokoan hasi zenetik. Bizkaikoak, Euskadikoak, Komarkalak…. Auzoetako jaietako tiradetan areriorik pozoitsuenak ere irabazten zituen. Bolo tiradetan basatia zen baina aldi berean teknikoa eta kalkulatzailea.
Baina bere garaipenik handiena Amorebieta-Etxano herriko kirol tradizional hau zabaltzea eta ondorengo belaunaldiei jolasten irakastea izan zen. Beti desagertzeko arriskuan dagoen joko honen sugarra bizirik mantentzeko prest beti.
Bere bizilekuan, Gisetza auzoan, bolatoki ederra egin zuen. TXAKALAREN AMETSA deitzen da. Etorkizuna beren ametsen edertasunean sinesten dutenei dagokie. Umezurtz geratu gara baina zauden lekuan gidatuko gaituela espero dugu.
Gero arte compañero.
Zornotza Bolo Club