Trukea egingo dute gazte zornotzarrek eta asturiarrek

Kultura partekatzeko eta zabaltzeko trukea egingo dute gazte zornotzarrek eta asturiarrek
– Ixuxú, Asturies-Euskal Herria izeneko elkarteak gazteen sortze-lanak eta kulturen nahiz pertsonen arteko harremana indartzea, hizkuntza-aniztasuna agerian azalaraztea eta tokiko musika sustatzea du xede, besteak beste.
– Zornotzako gazteak maiatzaren 3an joango dira L.lenara eta asturiarrak, berriz, hil bereko 31n etorriko dira Amorebieta-Etxanora.

Gazteen arteko kultura-trukea antolatu dute Amorebieta-Etxanoko eta L.lenako (Asturias) Udalek Ixuxú, Asturies-Euskal Herria izeneko elkartearen bidez. Gazteen sortze-lanaren alde egitea, kulturen eta pertsonen arteko harremanak sustatzea, hizkuntza-aniztasuna agerian azalaraztea, tokiko musika bultzatzea eta, norberaren lurraldetik ate jotzeko aukera eskainiz, kultura tradizionala ezagutaraztea du xede ekimen honek.
Maiatzaren 3an eta 31n gauzatuko da programa, egun horietan elkartuko baitira, hurrenez hurren, La Pola de L.lenan eta Amorebieta-Etxanon.
Maiatzaren 3an gazte zornotzarrak Asturiaseko udalerri horretara abiatuko dira, euren lanen erakuskariak eramanda. Goizean, Udabarri taldeko ordezkari batzuek dantzaldia eskainiko dute L.lenako plazan. Horren ostean Amorebieta-Etxanoko gazteen artean euskararen erabileraren nondik norakoen gaineko solasaldia antolatu du Ametx erakunde autonomoak eta, arratsaldean, Lara Izagirreren Next Stop: Greenland film laburraren proiekzioa izango da, Amorebieta-Etxanoko ikus-entzunezko lanen ekoizpenaren lagin gisa. Amaitzeko, Udabarri dantza taldearen eskutik etorriko den beste erakustaldi baten ondoren, Ska Eromen erromeria taldeak kontzertua eskainiko du, Adizion Etilika talde asturiarrarekin batera.
Maiatzaren 31n La Polako gazteek bisitatuko dute Amorebieta-Etxano. L.lena kontzejuaren barruan dago La Pola eta 13.000 biztanle dituen herri hau Caudaleko meatze-arrokoen arteko garrantzitsuenetako bat da. Gaites Güestia bandaren kideek emango diote hasiera programari eguerdian Zelaieta parkean. Arratsalderako, Asturiaseko hizkuntza normalizazioari buruzko hitzaldia antolatu du. Zelaieta zentroan izango da, eta Pablo Suarezek hartuko du parte. Sagardoaren eskualdeko Hizkuntza Normalizaziorako Zerbitzuaren arduraduna da Suárez. Horren ondoren, Suena’l camín dokumentalaren proiekzioa izango da, Efrén Álvarez Acebalek, egileak, aurkeztuta. Amaitzeko, sagardoa dastatu ahal izango da gauean Zelaieta parkean, Adizion Etilika talde asturiarrak eta Ska Eromen erromeria talde zornotzarrak erritmoa emanda.
Proiektuaren protagonistak gazteak badira ere, udalerriko guztiak gonbidatu nahi dituzte parte hartzera, gazteontzat, ez ezik, nagusientzat eta haurrentzat ere programatu baitira ekintzak.

Artículo anteriorSeleccionadas las bandas de Haizetara 2014
Artículo siguienteHILERO ZORNOTZAN ABRIL 2014