Tokiko Agenda 21: ikasleak udal ordezkariekin bildu dira

Amorebieta-Etxanoko Udalak bideratzen duen Tokiko Agenda 21 programaren baitan, udalerriko ikastetxeetako ikasleak udal ordezkariekin bildu dira gaur goizean, urtarrilaren 24an. Karmengo Ama Ikastetxeko, El Carmelo Ikastetxeko, Lauaxeta Ikastolako, Larrea LHIko, Urritxe Institutuko eta Andra Mari Ikastolako hiruna ikasle izan dira pleno aretoan, guztira 18. Udal ordezkaritza, berriz, David Latxaga Alkateak, Juan Mari Ugalde Iraunkortasun eta Zerbitzuen Informazio zinegotziak eta ingurumen teknikariak osatu dute.

Ikasturtero bi foro antolatzen dira –bigarrengoa maiatzaren 30erako aurreikusita dago–. Foro hauen helburua bikoitza da: batetik, Eskolako Agenda 21 programaren baitan lantzen ari diren gaiaren inguruko hausnarketa egitea. Eta bestetik, udal ordezkarien eta ikasleen arteko komunikazio kanal bat zabaltzea.

Foroa talde dinamika batekin hasi da. Hirunako taldeetan banatuta, ikasleek Kontsumo arduratsuaren inguruko –azken ikasturteetan lantzen ari diren gaia– hausnarketa egin dute, horretarako prestatutako ariketa batek lagunduta. Sei gairen inguruko dekalogo bana jaso dute ikasleek, beti ere jarrera iraunkorrak sustatzeko helburuarekin. Kirola, eskolako jardunbide egokiak, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, ura, energia eta eguneroko ohitura iraunkorrak.

Udal ordezkarien txanda
Lehenengo parte hori amaituta, udal ordezkariek 2012-2013 ikasturtean zehar bideratuko dituzten hainbat egitasmoren berri eman dute. Hain zuzen, hiru egitasmotan jarri dute arreta: Zuhaitzaren eta Uraren Astea, Olioa biltzeko sentsibilizazio kanpaina eta Aktibatu + programa.

Zuhaitzaren eta Uraren Astea martxoan izango dela aurreratu dute, martxoaren 18tik 22ra hain zuzen. Aste betez, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Iraunkortasun eta Zerbitzuen Informazio sailak koordinatutako dinamika ezberdinak egingo dituzte udalerriko sei ikastetxeetako ikasleek, beti ere kontsumo arduratsuaren inguruko hausnarketa bideratzeko eta sentsibilizazioa areagotzeko.

Bestalde, Rafrinor erabilitako olioa birziklatzen duen enpresarekin elkarlanean antolatu duten sentsibilizazio kanpainaren berri eman dute. Kanpaina Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleekin egingo dute, eta bertan olioa birziklatzeko urratsen berri emango zaie, eta bide batez, olioa birziklatzearen onurak azalduko zaizkie.

Amaitzeko, ikasturte honetan abian jarriko den “Aktiba zaitez +” programaz mintzatu zen David Latxaga alkatea. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da, Global Aktion Plan programa oinarri hartu duena. Helburua da eguneroko ingurumen jarduerek ingurumenean duten inpaktua murriztea, ohiturak aldatuz hala etxean nola bulegoan edota ikastetxean.

Lehen saioa Durangaldeko hainbat udalerrik, Debabarrenako beste bik eta Amorebieta-Etxanok parte hartuko dute. Familiei eta ikastetxeei bideratutako egitasmoa da, azken hauek energiaren gaia hartuko dute abiapuntu. Helburuak ere zehaztu dituzte, eta ikastetxeen kasuan, energiaren kontsumoa % 5 murriztu nahi da.

Artículo anteriorHilero Zornotzan Enero 2013
Artículo siguienteVOTA POR IZASKUN EN GAUDI MODELS VIP