Santiago Onaindia ikerketa beka

Santiago Onaindia ikerketako azken bi bekadunek egindako lanaren inguruko xehetasun guztiak eman dituzte

•  Xabi Hernandezek, XVI. edizioko bekadunak, Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko Bigarren Hezkuntzanliburuan jasotakoak aurkeztuko ditu.•  Jon Mentxakatorrek, hasi berri den XVII. edizioko bekadunak, `Euskal Ipuin eta leiendak. Antologia eta azterketa´ ikerketaproiektuaren nondik norakoak azalduko ditu.

Euskal literaturaren inguruko azterketa eta ikerketa sustatzea da Santiago Onaindia bekaren helburu nagusia, eta bi xede horiek ezin hobeto bete dituzte Xabier Hernandezek eta Jon Mentxakatorrek, azken bi bekadunek. Amorebieta-Etxanoko Udalak, Labayru Fundazioarekin elkarlanean, bi urtetik behin antolatzen du Santiago Onaindia beka eta gaur goizean izandako agerraldian azken bi edizioetako lanak aurkeztu dituzte. Bertan izan dira, Andoni Agirrebeitia alkatea, Amaia Aurrekoetxea euskara zinegotzia, Igone Etxeberria Labayruko presidentea, eta Xabi Hernandez eta Jon Mentxakatorre bekadunak.

Andoni Agirrebeitia alkateak agerraldian gogoratu duen moduan, Santiago Onaindia Basetak Amorebieta-Etxano herria euskal literaturaren mapan jarri zuen, eta Udalak hark hasitako bideari segida eman nahi izan dio urte hauetan guztietan bere izena daraman bekarekin: «euskal literaturak izandako ibilbidean azterketa ugari dago egiteke, eta Amorebieta-Etxanoko Udalak bere alea jarri nahi du, ikerketek ez dezaten etenik izan». Hala, Alkateak eskerrak eman dizkie lanketa hori egin nahian, azken bi edizio hauetara aurkeztu diren guztiei, eta Xabi Hernandez eta Jon Mentxakatorre zoriondu ditu, euren lanarengatik eta proiektuagatik.

Xabi Hernandez: «literatura didaktikaren egoera eta erronkak identifikatu dira abiapuntu gisa»

Santiago Onaindia bekaren XVI. edizioa irabazi zuen XabiHernandezek, eta orduan aurkeztutako proiektutik landutakoliburua aurkeztu du gaurkoan: Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko Bigarren Hezkuntzan. Hernandezek azaldu duen moduan, liburua egindako ikerketa lan sakon baten emaitza da,eta literaturaren didaktikaren gaur egungo egoera eta gaur egungo gizartean dituen erronkak identifikatu dira, ondoren egiten duen proposamen pedagogiko-didaktikoaren abiapuntu gisa: «aurkeztera natorren liburua metodo zientifikoa du oinarri. Ikerketa kualitatibo bat egin da, nagusiki elkarrizketak eta galdetegiak erabiliz. Hala, literatura didaktikaren egoera eta erronkak identifikatu dira honekin harreman zuzena duten eragile ezberdinengana jota: irakasleei, ikasleei, unibertsitateko irakasleei, idazleei, argitaletxeei… erakunde edo eragileezberdinekin izan da hartu-emana argazkia zein aurrera-begirakoak zehazteko».

Hasierako lanketa hori eginda, Hernandezek azaldu du ateratako ondorioetako bat dela literatura berariaz eta ikuspegi egoki batetik lantzeko dagoen beharra: «ondorio gisa ikusi da literatura lantzeko behar bat badagoela, eta askotan, hizkuntza gaitasunaren mesedetan, literatura albo batera utzi izan dela. Literaturaren lanketa sistematizatu behar da, eta ikasleak arloan gaitu behar ditugu euskal kulturako eragile aktibo izatea nahi badugu». Era berean, arloaren alfabetizazio batera iristeak ikuspegi historizista atzean uztea eskatzen duela zehazten du autoreak, eta marko egokiago batetik irakatsi, betiere, hezkuntza berrikuntzarekiko koherenteagoa. Eta, hori da, hain zuzen ere, lanaren beste ekarpenetako bat: hau da, Pluriliteracies Teachingfor Learning marko pedagogikoan kokatzea literaturaren didaktika.

Bestetik, ikerketa zabalagoaren baitan ulertu behar dela lana erantsi du. Izan ere, liburuak errutina literarioak proposatzen ditu material didaktiko berritzaile gisa Bigarren Hezkuntzan, eta azterketaren bigarren parte horrek proposamen horren gelaratzeak euskal gazteen garapen emozional, kognitibo eta sozialean izan dezakeen inpaktua neurtu nahi du metodologia kuantitatiboen bidez: «Azken batean, horixe da hezkuntzaren helburu behinenetako bat, eta literaturak, transmisio nahiz imaginario kolektibo jakina osatzeaz gain, jakintza-arlo moduan garapenean eragin behar du», baieztatu du Hernandezek.

Euskal ahozkotasunean jaso diren ipuin eta leiendak bildu eta antolatzea helburu, Mentxakatorrek

Jon Mentxakatorrek, azken edizioko bekadunak, `Euskal Ipuin eta leiendak. Antologia eta azterketa´ proiektuarekin lortu du ikerketa beka. Gaurko agerraldian egingo duen lanaren nondik norakoak azaldu ditu: «orain arte, euskal ahozkotasuneko corpusezberdinetan bildu izan dira hainbat ipuin eta leienda, gehiena, mitoen eremuarekin lotuta. Proposatutako proiektuan aztertuko da XIX. mende bukaeratik gaur egunera jasota dagoen materiala. Jasotako materiala antolatuta, helburua izango da ondare hori termino poetikoan aztertzea, hau da: aztertuko da nolakoa den, zentzua nola eratzen duen, nola zabaldu diren espazioan eta denboran Euskal Herri zabalean… Hala, ia bi mendetan izan duten aldaera aztertuko da, eta horien inguruko bertsioak katalogatuko dira». 

Artículo anteriorCertificado Covid para acceder al polideportivo Larrea, Centro Zelaieta y Zornotza Aretoa
Artículo siguienteLos azules caen en la Copa