Santiago Onaindia bekaren XIII. edizioko lana argitaratu da

Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakunde autonomoak, Labayru Ikastegiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Santiago Onaindia bekaren XIII. edizioan irabazle izan zen lanaren argitalpena aurkeztu dute gaur. Beñat Sarasola Santamariak burututako lana da Bainaren belaunaldia: Ustela, Pott eta Oh, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria idazleek sorturiko aldizkariak direlarik.
Labayru Ikastegiak argitaratzen ditu Santiago Onaindia Bekaren hartzaile diren proiektuak. Oraingo honen izenburua: Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera.
Lan honen hipotesi nagusia honakoa da: XX. mendean, eta batez ere 36ko gerraren ondorenean, literatura aldizkariek garrantzi funtsezkoa izan zuten euskal sistema literario modernoaren osaeran, eta gaur egun gure literaturaren erdigune den belaunaldiarentzat (40ko eta 50eko hamarkadetan jaioak) ezinbesteko bitarteko eta heziketa literarioa izan ziren.
Lan honen helburua bikoitza da. Alde batetik, literatura aldizkarien azterketa sistemikoa egingo da, euskal literatur “esparrua” ikertuz. Bestetik, literatura aldizkari horien azterketa testual-estetiko bat egingo da.
Ametx erakunde autonomoan eta Labayru Ikastegian eskuragarri izango dira lanaren aleak.
Beñat Sarasola Santamaria
1984an jaio zen. Filosofian lizentziaturik dago EHUn eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan Bartzelonako Unibertsitatean. Hainbat graduondoko ikasketa eta master egin ditu literaturaren alorrean, eta aurkeztua du doktoregorako tesia, zeinen defentsa prestatzen ari baita.Olerki liburuak argitaratu ditu (Kaxa Huts Bat eta Alea), bai eta literaturaren inguruko artikuluak eta kritikak ere.
IMG_1950 (Copiar)
Santiago Onaindiaren XIV. edizioaren proiektua
Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak XIV.edizioaren proiektu irabazlearen berri eman du gaur. Beka hau 9.000 eurokoa da eta lana burutzeko epea urtebetekoa da.
Gorka Mercero Altzugarai izan da irabazlea, eta honen Skype-n bidez egin du agerraldia Liverpooletik. Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera lanaren egilea da Mercero.
Azken laupabost hamarkadetan, euskal literatur sistema sendotu eta egonkortu ahala, nobelak poesia ordezkatu du genero nagusi modura. Ordezkatze horrekin batera, nobelagintzak berak eboluzio nabarmena izan du zenbait alderditan. Azken aldion hainbat analisi plazaratu dira garapen horren nondik norako orokorrak ezaugarritzeko asmoz. Gorka Merceroren proposamenak ere euskal narratiba garaikideak izandako eboluzioaren irudi orokorra eskaini nahi du.
Gorka Mercero
Gorka Mecero Altzugarai 1969an jaio zen Donostian. Euskal Filologian Lizentziatua da EHUn.
Doktorea Euskal Literaturan 2012 urtean EHUn. Tesiaren izenburua honako hau da: Oroimena eta postmodernismoa euskal nobelagintza garaikidean: errealitatea, nitasuna eta nazioaren auziak. Gaur egun University of Liverpooleko Euskal Gaietako Irakasle Titularra da.
Santiago Onaindia
• Euskal literaturaren alorreko ikerketa lanak sustatzea xede duen bi urterik behin deitzen den beka honen bidez Santiago Onaindia omentzen da.
Santi Onaindia Amoroton jaio zen 1909an. Hamabi urte zituela, Karmeldarrek Amorebieta-Etxanoko Larrea auzoan duten komentuan sartu zen, eta berrogeita hamar urte baino gehiago emango zituen bertan, lan eta lan nekerik gabe.
Gerra Zibilaren aurretik ekin zion olerkiak idazteari. Francoren garaiko kartzelak ezagutu zituen, eta erbesteratua ere izan zen. Sasoi hartakoa da Milla euskal olerki eder (1954) poesia antologia. Euskarazko olerkigintzari buruz inoiz idatzi diren lanik osoenetako bat da. Karmel (1956), Olerti (1959) eta Aurrera (1968) aldizkarien sortzaile eta sustatzailea izan zelarik, orrialde haietan, lirika-lehiaketen bidez batik bat, olerkari berriak bultzatuaz egindako lana nabarmentzekoa da. Halaber, azpimarratzekoak dira klasikoen itzulpen lanak: Goethe, Dante eta Virgiliorenak besteak beste.
Bertsolaritzarekin lotutako hainbat eta hainbat lan ere argitaratu zituen. Gure Bertsolariak (1964) antologia besteak beste. Euskaltzaindiko ohorezko kidea izan zen, eta Euskal Letren saria eman zioten 1990an.

Artículo anteriorAzaroak 25 egitaraua Zornotzan
Artículo siguienteSubasta benéfica de obras premiadas en el concurso de pintura Enrike Renteria