Saioa Agirreren gutuna

BERRIZ MIN HAU… LUZE DIRAU
Hamaika urte beranduago bueltatu dira sekula joan ez ziren amesgaiztoak. Eskolako amantala jantzia nueneko gizon berdeen ezustekoa. Eskuburdinak eta izerdi hotza. Lurpeko mundu ilunerako bidaia, azkena zirudiena. Itzuli dira goibeltasuna eta beldurra. Jasandako umilazioak eta ikara. Bost eguneko biluztasuna, eta ez soilik fisikoa. Irainak, kolpeak eta mehatxuak. Ikutu lardats eta sexu- erasoak. Subjektu baino objektu zartatu sentiarazi ninduten gau eta egunak.
Nire amesgaiztoen sorlekua deitzen diot nik, 13/13sumarioa beraiek. Beste behin, Herri bat epaitu nahi dutenek, beste Herri baten izenean. Antzezlan bat ez balitz bezala, justuak balira gisara. Zer esan, nola azaldu entzungor denari. Min batean baino sinisten ez duenari. Astero ostera hastera. Eguneroko txangoa Madrilera. Justiziaz eta askatasunaz mintzo zaizkit nire semeak motxiladun haur bilakatu nahi dituzten berberak. Surrealismoa errealitatearen ertzera.
13/13 auziak zenbaki mingarri ugari ditu niretzat. Zortzi euskal herritar epaituak. Bost eguneko tormentuaren oinazea. Hamar hilabeteko atxiloaldi prebentiboa. Zazpi urteko espetxe-zigor eskaera. Hamarkada bete ziurgabetasun. Sei aste luzeko sasi- epaiketa.
Baina azken hilabete hauetan badira kuantifikatu ezin ditudan hamaika emozio eta zirrara. Tamaina eta kopuru imajinaezinetan. Elkartasun eta maitasun adierazpen publikoekin eta pribatuekin; begirada, besarkada edo lau hitzekin; betiko aterpe sarea edo espero ez nituenen babes keinuak; idatziekin, argazkiekin, ekimenekin edo salaketekin. Hain hunkigarria izaten ari da non emozioek gainezka egiten didate ia egunero, espero ez nituen sentipenak sortzeraino.
Ez da garai erraza izaten ari, onar dezadan. Iraganeko zauriak ireki dira, min horiek berbizi beharra dauzkat, eta bihar-etzi nire burua berriro kartzelan –haurrengandik banatua- imajinatzeak beldurtzen nau. Bai, horrela da.
Baina gardentasun eta zintzotasun berdinarekin diot, espero ez nuen maitasun eta babes uholde honek nigan sortu duen indar eta ahalduntzeak, epaiketa honen ondorioei aurre egiteko beste kemen bat eskaini didala. Didazuela. Zuei esker beste begirada eta adore batekin egiten diot aurre erronka honi. Hori ere lortu duzue.
Hunkituta bezain eskertuta nago, eta ez dut sekula ahaztuko. Bihotzez eskertzen dizuet, guzti-guztioi. Eta banaka ezinezkoa zaidanez, kolektiboki, azken finean komunitatean baikara benetan indartsuak. Han, hemen edo edonon. Naiz garelako. ESKERRIK ASKO!
Saioa Agirre Arauko

Artículo anteriorDeclaración de condena del Parlamento Vasco
Artículo siguienteEZTANDAP TALDEAK BERE LEHEN DISKA KALERATU DU