Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amorebieta-Etxanoko umeei oparitutako zuhaitza gaur landatu da Zubiondo parkean

– Zubiondo parkean landatutako gereizondoaren helburua heriotzaren gaia haur eta gaztetxoekin lantzea da.

Gaur goizean hainbat umek landatu dute Zubiondo parkean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emandako zuhaitza. Pasadan otsailaren 12an pailazo famatuek Zornotza Aretoan emandako “Amaren Intxaurrak” ikuskizunean, Luciano Martinez, Amorebieta-Etxanoko Kultur zinegotziari ume guztientzako gereizondo bat eman zioten. Horrela, zuhaitz hori landatzeko prestatu ondoren, gaur gauzatu da bere landaketa Zubiondo parkean.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek aurkeztu zuten ikuskizunaren helburua heriotzaren gaia haur eta gaztetxoekin eta haiekin batera, familiekin ere lantzea zen. Gai honek, gaur egun oraindik tabu izaten jarraitzen du gure artean, batez ere adingabeekin hitz egiterako orduan. Horregatik, proiektu honen xedea heriotzaren errealitatearen aurrean pertsonon ahalduntzea da. Ikuskizunean gauzatzen den ekimena zuhaitza landatzea da, bizitzaren eta heriotzaren ezaugarri bezala.

Zentzu berean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek oparitutako gereizondoa landatzearekin Amorebieta-Etxanoko umeekin heriotzaren gaia landuko da. Zuhaitz hau guztien artean zainduko da, urtetik urtera nola hazten den ikusiko dute eta hainbat ekimen antolatuko dira bere inguruan. Urtero egingo diote bisita haurrek, zuhaitza besarkatuko dute, haren inguruan batera eseri eta tertulian aritu, kantu eta dantza egin, jolastu, etab. Horrela, urtean zehar hil zaizkien senide eta lagunen inguruan hitz egiteko aitzakia izango dute. Horrela, utzi gaituztenekiko sentitzen dugun hutsunea partekatuko dugu, baina, batez ere, igorri dizkiguten balioak.

Artículo anteriorEl Programa Zainduz oferta en marzo un nuevo taller para gestionar el estrés dirigido a personas cuidadoras
Artículo siguienteAmorebieta-Etxano aumenta un 5% el porcentaje de reciclaje de residuos en los últimos cinco años