23 urteko zornotzarra Estatu Batuetan bizi da egun, eta Ohio State Unibertsitateko “Teaching Associateship” lanetan dihardu. Alegia, linguistikaren inguruko masterra egiten duen era berean, unibertsitateko irakaslea ere bada.
Amaia Larruzea
Munduan zehar hainbat istorio dabiltza noraezean. Aireportuetan egunero izaten dira agurrak, jendeak egunero bidaiatzen du, gaur egun gainera, askoz gehiago. Zornotzar askok ere, euren ametsa egi bihurtzeko hegazkin hori hartu behar izan dute noizbait, baita hemen ez dagoen lana aurkitzeko ere. Hortaz, munduan barrena hainbat herritar ditugu sakabanaturik. Etxekoak dira horiek ere, turroi gisa gabonetan sorterrira bueltatzen direnak. Hain zuzen ere, familiaren berora, herri bizkaitar honen altzora.
Horrela iritsiko da Oihane Mujika Loitzate aurtengo eguberrian ere. Baina aurretik, 2014ko abuztuan hartutako hegazkina hartu ondorengo sakrifizioaren fruituak biltzen jarraitu behar du. Momentu hartan, bere bizimoduak 360 graduko bira bat eman baitzuen, eta egun, egi bihurtutako ametsa hauts bilakatu ez dadin lanean dihardu egunero. Izan ere, 23 urteko zornotzarra Ameriketako Ohio estatuko Columbus herriko biztanlea izateaz gain, “Teaching Associateship” delakoa ere bada. Alegia, beka bat eskuratu zuen linguistikaren inguruko masterra egiten duen bitartean, Ohio State University-n gaztelaniazko eskolak emateko. Sekulako balentria, eta halako lana eta sakrifizioa. Baina, Mujikaren hitzetan, “linguistika nire pasioa da, eta askok ez daukaten aukera dut –hemen egotea, hainbat toki ezagutzea, ikasi ahal izatea, lan egin ahal izatea, …-. Askotan, oso gogorra egiten da, lan asko eta asko daukadalako, baina egia esan, oso pozik nago”.
Mundu estresagarri honetan, egin beharrekoen zerrenda amaigabea izaten da, eta askotan, posibleak diren baino gauza gehiago egin nahi izaten ditugu. Mujikak ere, zerrenda luzea izaten du egunero, ikasketak eta lana uztartzea ez baita lan samurra. Horrexegatik, bien arteko oreka bat lortzea ezinbestekoa izan duela azpimarratu nahi izan du; izan ere, beka mantentzeko nota oso onak atera behar ditu masterrean, baita irakasle jarduna ere egoki bete ere. Tarteka, ikuskatzaile batek bere lana baloratzeaz gain, ikasleek ere bere lanaren inguruko balorazioa egiten baitute. Orain arte, zorionez, aise atera du dena aurrera.
Abiapuntuaren geltokia
Iraganera keinu bat eginez, zornotzarrak Larrea eskolan ikasi izan du beti. Bertatik, Urritxe Institutura igaro, eta batxilergoko bigarren maila Durangoko Jesuitas ikastetxean egin zuen. Berau bukatu eta argi zuen Hizkuntza Modernoetako eta Kudeaketako gradua egin nahi zuela, eta hortaz, Bilboko Deustu unibertsitatera joatea erabaki zuen. Bertan, gradua egiten ziharduen bitartean, hirugarren maila Galesen (Ingalaterra) egiteko aukera suertatu eta bertara egin zuen bidaia. Itzultzean, gaztelaniazko nazioarteko zentroan praktikak egiten hasi, eta ikasleen profila ezagutzeko aukera izan zuen, baita esperientzia galanta hartu ere Estatu Batuetako lan honetarako balio izan diona. Gainera, aurtengo udan Zornotzara itzuli denean, beraiekin kolaborazioak egiten eman du egonaldi osoa. Hortaz, bere saltsa dela argi dago, eta garrantzitsuena, berak ere argi du.
Lan, esfortzu, ikerketa eta lehiaketa askoren ondoren, zornotzarrak munduak berarentzat gordetzen zuen tokia aurkitu eta bere egin du Columbusen duen estudioan. Bertan, bakarrik bizi da, “kontzentrazio handia behar izaten dut, eta hortaz, ez zait komeni beste pertsona batek eragin dezakeen distrakzioa edukitzea”, azaldu du Mujikak. Lehen begirada batean arrotza eta gogorra ematen duen aurrean, berak dioen legez, “hemen arrunta da, nire lagunak ere egoera berean daude, eta denon artean laguntzen gara”.
Bere begietatik
Astelehena da. Iratzargailuak jo du. Begi bat nekez zabaldu eta 06:00-ak direla ikusi. Horrela hasten da Oihane Mujikaren eguna. Jarraian, gosaldu eta goizeko zortzi t’erdiak ingurura arte, liburuen artean ikasten, lanak bukatzen eta klaseak prestatzen ematen ditu lehen orduak. Jarraian, unibertsitaterantz abiatu -batzuetan ikasle gisa, gainontzekoetan, irakasle gisa-. Gaurkoan, ordea, bulegoan egotea tokatzen zaio, tutoretza ordu zehatzak baititu programatuta. Baita “zerbitzuzko orduak” eman ere, gaztelaniazko edozein ikasleri bere laguntza eskainiz –berbalagun gisa-. Azkenik, urduritasun eta buruhauste guztiak aldi batez uxatzeko nahian, gimnasiora joan ohi da. Azken finean, “denbora libre askorik ez daukat, eta gimnasiora joatea oso garrantzitsua da niretzat, bai mentalki baita fisikoki ere”.
Oro har, orain arte irakatsi dituen irakasgaiak derrigorrezkoak izan dira, eta hortaz, hainbat ikasle izan ditu. Gehienak lehen edota bigarren mailakoak. “Baina… ze gaztea zaren! Zenbat urte dituzu? Horixe da askotan entzun beharrekoa. Asko baitira ni ikustean harritzen direnak. Askok eurek baino gazteagoa naizela esan omen didate [barrez]”.
Ikasturte honetan, zornotzarrak irakasgai aurreratuago bat irakasten du, eta hortaz, hizkuntzarekiko interes gehiago duten ikasleak ditu, gehienbat, beste hizkuntzaren bat ere dakitenak. “Klaseak oso ondo doaz, ikasleak nahiko ulerkorrak dira, eta esperientzia handia hartzen ari naiz”, azaldu du Mujikak. Curriculumaz gain, azken finean, norberak ezartzen dituen erronka eta helburua guztiak betetzeko, garapen prozesuak ezinbesteko garrantzia duela dio, eta gauza guztien gainetik, amets bat izanez gero, bere bila joatea, bere atzetik korri egitea, beldurrak uxatzea eta eskuratzea. Hain justu, berak egin duen bezala.
Batean kale, bestean bale
Sorterri-mina ukaezina da, eta Ozeanoaren bestaldean egonda, horrenbeste kilometrotara, bertako konpainia –familia, lagunak, mutila-, Euskal Herriko janaria eta hurbiltasuna –esaterako, okindegia eta supermerkatua etxe ondoan izatea, eta ez, hogei minutura- botatzen ditu faltan. Hala ere, eta txanponaren beste aurpegiari men eginez, esperientzia, ametsa egi bihurtu izana, linguistikaren munduko ezagutza eta independentzia eta heldutasuna ditu bidelagun bertara joan denetik.
Amaitzeko, 2014ko abuztu hartan aireportuan egindako agurraren ondoren, “faltan botatzen zaituztet familia, lagunak, …faltan botatzen zaitut Zornotza. Baina, jakin deizuela ondo nagoela, nire helburu guztiak lortzen nabilela, eta kontinente handi honetan nire lekutxoa egitea lortu dudala. Eta, batez ere, hau guztia ez litzateke posible izango, nire gurasoek une oro, emandako babesik gabe. Aita-ama nire inspirazioa izan zarete”.