«NORA» pelikularen lehen irudiak ikusi ditugu

Durangoko azoka aprobetxatuz “Nora” pelikularen informazio apur bat gehiago lortu genuen. Lara Izagirre zuzendaria eta Ane Pikaza protagonista bertan izan ziren, baita Loli Astoreka zornotzarra ere, film honetan tartetxoa izan du eta. Lehen irudiak ikusi ahal izan genituen, ez zen ohizko trailerra, baina Lararen bigarren lan luzearen zatitxo hauek ideia borobilduagoa egiteko lagungarri izan ziren. Gainera Héctor Alterio aktore argentinarra ikusi genuen, Noraren aitite izango da pelikulan.
Larak ez zuen esan, ordea, noizko izango duen bukatuta ezta noiz estreinatuko den. Ane Pikazak 2020. urtean pelikula amaituta egotea espero du. Emozionatu egin zen bere burua pantaila handian ikusi zuenean. Bera da protagonista, filmearen ildoa, ia eszena guztietan agertuko dena, eta urduri dago. “Vitoria 3 de Marzo”, “Jesus is black” eta beste lan on batzuk egin ditu, baina oraingoan bera da lehena eta ez du gotorlekurik. Lararen aukeraketa izan da eta ez dela erratu uste dugu.
“Road trip”a
‘Nora’ Lara Izagirreren bigarren pelikula luzea izango da. Drama eta komedia nahasten ditu filmak. Zornotzan hasiko den ‘road trip’ bat egingo du Nora protagonistak. Horretarako bere aititeren Dyane 6 bat erabiliko du. “Bidai txikia izan arren barrutik asko aldatuko da pertsonaia”, dio Larak.
(Ane Pikaza) Norak kazetaritza ikasi du eta herriko aldizkarian lan egiten du. “Nora neska normal bat da, baina momentu batean bere buruari galdetu behar dio zer egin nahi duen. Konturatzen da ez duela erabaki zer egin nahi duen”.
Gaizka Bourgeaud zornotzarra da argazkilaritza zuzendaria.

Artículo anteriorEl grupo Xixili ha sido el ganador de la quinta edición del concurso exprés de cortos KINE Rally.
Artículo siguienteEl coro Zik, de Zubiaur Musika Eskola, ganó el 29 Certamen nacional de villancicos organizado por Amigos de la Música, que reunió a diez agrupaciones