NEGUA IRISTEAN, ELURRA ETA HOTZA GURERA IRISTEAZ GAIN, OHITURA BILAKATU DEN ALEX TXIKONEN HIMALAIETAKO ESPEDIZIOA ERE HEMEN DUGU JADA!

Ihesbideak eta arnasbideak, horiexek dira urte berri honetan amesgai eta ekingai ditugun osagaiak. 2021 urte honek, ordea, nahiko hasiera xelebrea izan du, egunotan, maiz entzun ohi dugu 2021ak edaria eutsiko diola 2020ari, alegia, aurrekoak baino gertaera arraroagoak bilduko dituela eta xelebreagoa izango dela nolabait, baina horrela pentsatuz gero, ez genuke sortzeko gogorik izango eta ez da hori bereziki, urte berri honi eskatu nahi dioguna. Begiratu diezaiogun orainari, beraz, eskarmentu dezente hartu baitugu aurreko urtetik, neurri berri hauek ohitura gisa barneratuz jada.

Horixe bera egin behar izan du Alex Txikon alpinistak ere, izan ere, PCR proba, musukoa eta pandemiari aurre egiteko neurri guztiak Manaslu mendia negu gorrian igo ahal izateko espedizioaren barne izan dira aurtengoan, mendia ekipatzea besteko garrantzitsuak eta ezinbestekoak. Arraroa, xelebrea eta utopikoa, zalantzarik gabe, baina egungo errealitatearen isla zuzena nolabait. Oraingoan, berriz, neurriak ez dira albiste txarren ondorio izan, albiste oso onen ondorioa baizik, hauek errespetatuz, posible izan baita, oraintxe bertan, artikulu hau irakurtzen zauden une berean, Alex Txikon eta bere taldea Manasluko Behe Kanpalekuan egotea, munduko zortzimilakorik ederrenetako baten magalean, alegia.

Aurreko urteen legez, datozen hilabeteotan gertutik jarraituko dugu Alexen abentura, izan ere, Zornotza herria perimetralki itxita dugun heinean, geure burmuinari eta irudipenari mugarik jarri ezin dela baliatuz, debekuak eta murrizketak alde batera utzi eta geure sen ameslariari men egingo diogu, geu ere bertan gaudela irudikatuz.

Itxialdiak denbora luzez iraun zuen eta Alexek bereziki baliatu zuen halabeharrez lau pareta barnean geldi egon eta aurreko artikulu batean azaldu genizuen Nanga Parbateko lehen neguko igoeraren liburua eta filma egin eta bukatzeko. Ez pentsa, ordea, horrekin nahikoa izan zuenik, espedizio berri bat antolatzeko bereak eta bi egin baitzituen, azken unera arte posible izango zen jakin gabe.

Simone Moro alpinista italiar handiarekin harremanetan jarri, elkarrekin zerbait antolatzeko lanetan aritu, gainontzeko taldea eratu, babesleak bilatu eta Nepalgo Seven Summit Treks agentziarekin bidaia eta espedizioa antolatzen hasi. Neurriak, ordea, aste batetik bestera aldatzen joan diren honetan, gizarteko alor guztietan bezala, alpinismoan ere ziurgabetasuna jaun eta jabe izan da azken unera arte.

Segurtasuna bermatu zitekeela ziurtatu ostean, espedizioa egingo zela baieztatu zuten. Joan aurretik PCR bat egin zuten guztiek, honek dakarren beldurrarekin, baina zorionez, denek negatibo eman ondoren, bidaiari ekin zioten. Kathmandura, Nepalgo hiriburura iritsi eta bost egunera, beste PCR bat egin behar izan zuten trekking-ean murgildu ahal izateko.

Machhakholako bideari ekin, Tibeteko ospakizun berezi baten partaide gisa aritu, Dobhanerantz (1.070m) abiatu, pandemiari egokitutako neurri zorrotzak bete Nepaleko autoritateari men eginez, Bimthangeraino iritsi, 2008an, Edurnerekin, Asierrekin, Ferranekin eta Mikelekin egindako bidaia gogoratu, handik Namrungera (2.600m) abiatu, Samagaonera heldu (3.500m), eta azkenik, Manaslu mendiaren Behe Kanpalekura iritsi (4.750 m). COVID-19ak nepaldarraren diru sarreretan izan duen eragina zenbakaitza da, mendizaleak eta turistak bertara iristen ez badira, ez baitute oinarrizko betebeharrak asetzeko dirurik. Ondorioz, “Behe Kanpalekura geure material guztia bidali ahal genuen arren, Samagaonera eramatea erabaki genuen, bertokoei lan gehiago eskaini nahian. Ikaragarria da ikustea bizi duten egoera oso gogorra izan arren, irribarrea ez dutela sekula ere galtzen”.

Egunotan, Behe Kanpalekutik, Lehen eta Bigarren kanpalekuetara materiala eraman eta bidea ekipatzen hasiak dira Alex Txikon eta bere taldekideak. “Hilero” aldizkariaren hurrengo atalean, abenturaren eta igoeraren nondik norakoen berri emango dizuegu, Manaslu mendia negu gorrian igotzeko lehenak izateko ahaleginak egiteaz gain, balio humanitarioa eta iraunkortasunarekiko eta energia berriztagarrienganako konpromiso sendoa duen erronka ere baita aurtengoa.

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anterior“Bizkargi guarda aún restos de muchos gudaris”
Artículo siguienteTHE FAST AND THE FURIOUS