Zornotzan

Deportes

NEGUA HIMALAIETAN… NAMASTE

Urte berriari hasiera eman diogun honetan, Nepaleko energiaz bete nahi dogu Zornotzako Hilero aldizkaria. Urteari amaiera emateko, Manasluko trekkingean barrena abiatu ginen, zortzimila metrotik gorako mendi eder honetako kanpo basera iristeko asmoarekin. Hasiera batean, duela lau urte Everestekoa otsailean egin nuenean antzera zegoen ibilbidea, zapatillekin eta harri artean, egun batzuetara, ordea, elurte ikaragarria bota zuen eta ibilbide guztiz bestelakoari egin behar izan genion aurre, botak eta goretex-a jantzi eta hotzarekin, elurrarekin eta izotzarekin batera aurrera segi.

Eskerrik asko Amaia gure aldizkaria Manaslura eramateagaitik

Elurra bidelagun

Elurte horren lehen egunean, eguraldi oso kaxkarra egin zuen eta horrek zaildu egiten zuen dena, baina hortik aurrera, eguzkia atera zen, eta askoz eramangarriagoa eta gozoagoa zen elurretan aritzea. Hotza beti presente, baina jakin bagenekien neguan Himalaietan ez duela Kanarietako eguraldi egingo ez? Hala ere, ez zara ohitzen jaja. Hori bai, Nepalera joan naizen bietan, neguan izan da, aurrekoan otsailean eta oraingoan abendu-urtarrilean, eta egia esan, hotz aldetik oso gogorra den arren, trekking eta kanpo base masifikatu horiek ez ditut ezagutu, eta geure bakardade propio horretan asko gozatu dut.

Imajinatu, beraz, guri trekkingean halako elurtza egin baldin bazigun, une horietan, Kanpo Basean (4.860 m) zer-nolako panorama izango zuten, ba itzela, egia esan, egun hartatik aurrera eta hurrengo egunetan ezinezkoa zen Kanpo Basera oinez igotzea, sherpek ere buelta ematen zuten, eta gerora, raketekin soilik igotzen ziren alpinistak. Alex Txikonen espedizioko lan taldeak txandak antolatu zituzten euren artean, dendetako elurra kentzeko, lotan egonez gero, elurrak denda estaltzen baldin bazuen guztiz arriskutsua izan zitekeelako, beraz, jantokiko, “egongelako” eta behe kanpalekuko zonalde guztien ardura banatu zuten, bizpahiru orduro norbait palarekin dena atontzen egoteko.

Hiru egun Manasluko Behe Kanpalekuan (4.860 m)

Bertara iritsi ginenerako, zortea izan genuen eta eguzkiak gogor jotzen zuen bazkal ordura arte, eta handik aurrera, “egongela”n sartu beharra zegoen behean estufa txikitxo batekin, solasean, mundua konpontzen geure elkarrizketekin, kartetara jolasten, musika entzuten eta bidea markatzeko makilak zinta gorriekin lotzen, hurrengo egunean, igoerako bidea markatzen jarraitu ahal izateko. Txisa egitera ateratzea birritan pentsatu beharreko zerbait zen, komuna nahiko urruti baitzegoen, baina arropa onakin eta babestuta atera, eta berriz bertara itzuli denon berotasunera, horixe zen protokoloa. Sherpak eta nepaliarrak ere sukaldeko berotasunean batzen ziren.

Gauetan burua goi samar dugularik lo egitea gomendatzen da eta altuerak dezente eragiten du edozein esfortzu edo gauza egiterakoan, baita bertan daudenei ere, eurak ere esaten baitute nahiz eta bi hilabete eman bertan inoiz ez zarela etxean bezala sentitzen, gehiago edo gutxiago baina esfortzuak egitean beti sentitzen duzula neke gehiago, baina normalean baino lasaiago aritu eta saku artean bero-bero sartuta gauak laburragoak egiten dira. Hori bai, goizean, Nepalen, hemen baino lehenago argitzen du, gauean ere, hemen baino lehenago iluntzen baitu, eta beraz, goizean goiz denda laranja kolorez betetzen denean eta dendako kremailera zabaltzen duzunean eta aurrez aurre Manaslu mendi zoragarria duzunean, elur artean, ez dago azaltzerik, deskribatzerik, itzela da sentsazioa. Himalaietan esnatzea, hauxe zortea… begiak zabal-zabalik.

Negu gogorra alpinismoarentzat

Oso zaila dator negu hau alpinismoarentzat. Hainbat espedizio daude Himalaietan barrena, baina eguraldia ez dute lagun. Manasluko zonaldea, beste zonalde batzuetan baino ekaitz gehiago egoten dira eta elur askoz gehiago egiten du. Simone Moro italiarra, Alex Txikonen sokalaguna, hainbat eta hainbat aldiz izan da bertan saiakera egiten, honakoa agian laugarrena izango da, eta une honetan, igotzea ezinezkoa dela dio. Soilik Kanpo Basera igotzeko belaunetatik gora dago elurra, beraz, ezin genezake imajinatu ere egin bertatik gora, altuerako kanpalekuetan nola dagoen… Une honetan, Samagaunen daude, 3.500 metrotara eta trekkingeko azken herrixkan. Oso zaila dago aurten saiakerarik egitea, elurte bat bukatzen denean eta ekipatzen hasten direnean, egindako lana pikutara baitoa beste elurte bat datorrelako. Baina, bertan jarraitzen dute eguraldi oneko egun batzun zain eta bitartean aklimataziorik galdu gabe. Ea datozen asteotan nolako erabakiak hartzen dituzten eta nola erantzuten duen Manasluko neguak.

Himalaietako neguaz gozatu izana espero dut, eta hemen duzue nola Hilero Zornotzan aldizkaria eta Zornotza Mendi Taldea bertan izan diren nirekin batera.  Goza ezazue irudiez eta senti ezazue Nepalek eskaintzen eta helarazten duen energia.

Namaste guztioi. Namaste Zornotza (Zorrontza).

Amaia Larruzea Motxobe

+ Leer más