Zornotzako 2023. urteko Karmengo Jaiak hasteko egun gitxi falta diren honetan, aurtengo pregoilariak Akelarre Aniztasun Plataforma eta Zornotzako Mugimendu Feminista elkarlanean dabiltza udaletxeko balkoitik botako duten mezua prestatzen.
Ez da mugimendu bi hauek elkarlanean aritzen diren lehenengo aldia. Zornotzako Talde Feminista, M8 Plataforma eta Suhaziak Neska* Gazte taldea, herriko mugimendu feminista osatzen duten hiru taldeak, elkarlanean aritu dira urteetan, beti sintonia eta umore paregabean: erasoen aurkako erantzunak kudeatzen, jai eta hitzaldi desberdinak antolatzen, agenda feminista herrian txertatzen… eta orain dela gutxi batu dira Akelarre transmaribibollo taldearekin hainbat ekimen eta data esanguratsuetan. Esate baterako, San Juaneko Sorginen Gauaren antolaketarako edo herrian ematen diren eraso zein egoera desberdinen kudeaketarako eman da koordinazio eta lan garapen handiena.
Nabarmena izan da parrandari lotutako espazioak berriro ireki direnetik emakume eta sexu disidenteen aurkako erasoak ugaritu direla. Horregatik, eta urtero legez, mugimendu feministak erasoen aurkako protokoloa lantzen ari dira, bai udaleko eta bai txosnako eragileekin batera. Aurten, iaz bezala, protokoloaren kudeaketa eta erasoen aurreko arreta zerbitzu espezializatua EMAGINeko elkarteak egingo du.