Ikastolan irakasleak ume bati, aurrenekoz, margo bat ematen dion une hori ekarriko nahiko nuke gogora, izan ere, une horretatik aurrera, bere ametsen gatibu izatetik, mundua irudikatzeko tresna ikaragarri bat esku artean izatera igarotzen da. Hau da, margoa errealitatea irudikatu edota mundua aldatzeko aitzakia gisa jokatzen du askotan, ez, ordea, bere funtzioa hori delako. Askotan, guk geuk hori egiteko beharra sentitzen dugulako baizik, eta hain zuzen ere, margoa horretarako tresna aproposa dela uste baitugu. Horixe bera, halaber, beste era askotara ere ulertu daiteke. Margolaria ez baita soilik paperean margozten duena, doinuekin irudikatzen duenak ere baitu margolari sena. Istorio kontatzaileak dira biak ala biak, eta istorio kontatzailea dugu ere Mikel Urdangarin zornotzarra. Bere letra eta doinuekin Euskal Herriko eta mundu barreneko txokoak irudikatu eta koloreztatu baititu azken hogei bat urteetan.
“Beste edozein pertsona aldatzen den era berean aldatu naiz ni neu ere, hala ere, nire barruko umea oso bizirik dau, zorionez, eta bizitza apur bat zer den ezagutzen dudan pertsona bat naizela esan dezaket, bere alde pozgarri eta mingarriekin”, adierazi du Urdangarinek. Badu zer konta Zornotzan sortu zen abeslari eta artistak. Eta horri erreparatzean, “Zornotzan hazi zen Mikel beste Zornotza bateko bizilaguna zan, asko aldatu da herria, une batzuetan, nolabaiteko nostalgia ere badut eta gustatuko litzaidake orduko Zorrontza berriz ikustea”.
Munduan barrena asko aritu den arren, bizilekua beti du bihotzean gordeta, ibilbidearen hasieretan gurasoen etxeko leihotik Belatxikieta, Mugarra, eta oro har, Aramotz mendilerroari begira sortutako “Haitzetan” abestia kutuna du, besteak beste, sorlekuaren oroitzapen. Hala ere, urteek aurrera egin duten arren, egun, abesti bat sortzeko Zornotzako tokiren bat aukeratu beharko balu ere, amaren etxearen gozotasuna aukeratuko luke, bertan egingo lioke kantu Urdangarinek Zorrontza edota Zornotza herriari (nork bere familian jasotako izendapena baleko, ni neu ere Zorrontza jasotakoa naiz; denak zilegiak, denak geureak).
EGIZU MAITE DUZUN HORI
Aho batez esan eta aho txikiz betetzen diren esamolde horietako bat dirudi, ez ordea, Mikelen ahotik ateraz gero; izan ere, egunotan, Oier Aranzabalekin batera mundu zabalean ezagutzera ematen ari den “Margolaria” filmaren esentzia adierazten baitu. Baina nolatan filma? Ez al da ba abeslaria? Ez hasi lasterka zapatillak jantzi orduko, abesti eta doinuak ez baitira falta irudiz betetako filma honetan. Hala ere, hortik haratago doa. “Intuizio kolpeetara” funtzionatzen duen Mikelek Zarauzko taberna batean jasotako proposamena tentuz onartu baitzuen, Aranzabalek “ hiri buruzko dokumental bat egin nahi dihat” bota zionean, berak, ordea, “niri buruzko dokumental bat egiteak ez du zentzurik” erantzun ostean, Aranzabalek bera “aitzakia” bat izango zela esan eta orduan usaindu baitzuen Mikelek taula gainean lortzen saiatzen den “hori” helaraztea lortu zezaketela irudi bitartez ere.
Une honetan, zuk zeuk ere, irakurle, eskuan margoa hartuta, berak taula gainean helarazi nahi izaten dituen hainbat sentimendu eta emozio irudikatuko zenituen. Urdangarinek dioen legez, norberak era batera jaso ditzake gauzak eta beste norbanako batek gauza bera era guztiz ezberdinean jaso. Hala ere, “zorionez, buru eta bihotz horretan zer gertatzen den ezin duzu jakin, kontrolaezina da, imajinatu dezakezu baina ezin dezakezu inoiz ere jakin. Polita da ikustea ez dagoela dena gure esku”.
Ordenatua sentitzen den toki bakarra da taula gaina, eta bizipen hori “ia sakratu” bezala hartzen du, ikuslearekiko eta berarekiko zubi hori eraikitzea du helburu eta gozamen doinuen bitartez; alegia, ikusleen gorputza gurutzatu eta bihotzezko zementu horretan “krak” bat egiten saiatzen da bertara igotzen den aldiro. “Kantu bat botatzen dudanean ez da guztiz neurea, jasotzen duenarena baizik”, eta arestian aipatu bezala, norberak erabakitzen edota sentitzen du era batera edo bestera jasotzea eta bizitzea.
Ikaragarria, benetan, doinu edota letra huts batek horrenbesteko ahalmena izatea. Horixe izango ote da agian gakoa, “hutsa” baino “betea” izatea, eta horrek betetzea Mikel Urdangarin irakaskuntza utzi eta kantuen margolari gisa aritzeko bidaia jarrera irmo batean hasi eta jarraitzeko. 20 bat urte baino zertxobait gehiago igaro dira ordutik, eta artista moduan asko garatu eta hazi den abeslaria dugu Mikel, ez da denbora galtzen duen horietarikoa, denbora geldituko luken horietarikoa baizik. Bizizalea, baikorra, entusiasta eta ameslaria dugu zornotzarra.
Erreparatu diogun azken horri, une batez, testu honi amaiera emate aldera. Mikelen aburuz, ametsek arrisku handia daukate, ez baitira inoiz ere gertatu eta agian ez dira inoiz ere gertatuko. Ondorioz, “merezi ote du gertatuko ez denaren bila joatea? Ni ameslaria naiz, ordea, gurasoek horrela egin nindutelako, eta horretan ez dut inongo meriturik”.
Gu geu ere inspirazio bila aritzen gara askotan, bizitzako arlo guztietan eta gure barrenean batez ere, beraz, inspirazioaren menpe bizi den sortzaile batek izango du ba esana horretan. “Zu zeu zara inspirazioa, zu zeu sortzailea. Lehenengo uhina zurea da, errekara harria bota eta uhin berriak sortu ahal dituzu, baina erdigunea zeugan eta zeure inguruan gertatzen diren gauzetan dago, hala ere, beti ere, horiei begira zu zaude, eta beraz, inspirazioa, azken finean, bizitzari begiratzeko jarrera bat dela esango nuke”.
Askatasun intimo bat margotzeko ahalegina proposatzen digu Mikel Urdangarinek Margolaria izeneko filma, doinu eta artelan artean. Jarrai dezagun, bada, amesten eta jarrai dezagun doinuek geure barrenak aska ditzaten lagatzen.
AMAIA LARRUZEAK IDATZITA