Mikel Urdangarin, 25 urte musikan

“Bestela bizi ezingo nituzkeen bizipen erraldoiak, magikoak eta sekulako indarra dutenak eskaini dizkit musikak 25 urte hauetan”

Noiz entzun zenituen lehen aldiz Mikel Urdangarinen soinu eta hitzak?

Haitzetan, lainoen artean, ortozik jaku egoten. Begien aurrean, kantu bat nori eskaini; norbait bestaldean, zeu entzuteko prest. Zeure melodiak eta hitzak etxeko soinu gisa, autoko bideak soinukatuz edota taberna edota denda bateko giro soinu pare. Zenbat eta zenbat une, Euskal Herriaren historian, non Mikel Urdangarin zornotzarraren kantuak hor egon diren eta hor egoten jarraitzen duten.

Musikaren munduan ametsak zilegi direla dio Mikelek, hala ere, nori kantatu ez baldin baduzu, amets horiek ezerezean geldi daitezkeela, eta alde horretatik, behintzat, zorteduna sentitzen da geure Mikel. Ez pentsa, ordea, 25 urte hauetako ibilbidea hasi eta segitzea erreza izan denik, normalean, ametsak betetzea ez baita lan erraza izaten, bestela, denok pozago biziko ginen zalantzarik ez dut. Hala ere, konstantziak eta une zailenetan, gauzak ondo ateratzen ez direnean, bereari eutsi dio eta bere horretan jarraitu du aurrera, eta hori da, bere ustez, zorteaz gain, bere alde izan duena. Ez jausteko eta adorerik ez galtzeko joera. Tinko eustea, ametsen bidean, berean sinistuz.

26 urterekin irakaskuntza alde batera utzi eta musikaren apustua egin zuen zornotzar gazteak ez zuen oztoporik nahi bidean, akaso inozoa izango zela zioen, baina erabaki hori hartzerakoan, betirako izango zela pentsatu zuen, ez zegoelako beste aukerarik, ez biderik hartzerik. “Gerora, ordea, konturatzen zara erabaki hori mantentzea zeinen zaila den, behin oinez hasita eta bizitza aurrera joan ahala, musikaren mundua zer nolakoa izan daitekeen jabetzen zara”, adierazi du Urdangarinek.

Nolatan jarraitzen du ametsak bizitzen eta soinuen bidez amestarazten?

“Orotara, batez ere, oso balantze positiboa egiten dudalako jarraitzen dugu hemen 25 urte beranduago, musikak bestela bizi ezingo nituzkeen bizipen erraldoiak, magikoak eta sekulako indarra dutenak eskaini dizkidalako”, azaldu digu abeslariak. Bere hitzetan, gertatu zaizkio eta bizi izan ditu, musikaren eraginez, eta batez ere, bertatik bizi ahal izan du, 26 urteko bere horrek honetatik bizi daitekeela uste zuenetik benetan bizitzera alde handia dagoela azpimarratu baitu.

Ahotsa, gitarra akustikoa, pianoa eta hitzak. Horixe denak eta askosaz gehiago da Mikel Urdangarin. Baina… denak batera ala denak banatuta?

Normalean, bi eratara konposatzen du zornotzarrak, ohikoena “musika egin eta ondoren hitzak sortzea da, kantu gehien-gehienak horrela egiten ditut”, hala ere, tarteka, bestelan ere egiten omen du, “lagunen letrak iristen zaizkit noizbehinka, poesiak, eta orduan alderantzizko bidea egiten dut”. Batean zein bestean, bietara gozatzen omen du Mikelek, bata osorik bizitzen du eta bestean konpartitu egiten du, eta aitortu digunez, “sorkuntzan dezente kostatzen zaigu konpartitzea”.

Non goza dezakegu Mikel Urdangarinen musikaz egoera konplikatu honetan, albisteak alde batera utzi eta musikaz gozatu ahal izateko?

Hainbat eta hainbat proiektu eta emanaldirekin dabil solasean zornotzarra. Batetik, Durangoko azokan egon berri da Haitzetan 1997-2022, bere lehen diskaren berredizioa aurkezten. Datorren urtean egingo ditu 25 urte musikaren munduan eta bere lehen lana autoekoizpena izan zenez, disketxe baten eskutik pasa ondoren, berreskuratu nahi izan du eta geure etxera ekarri. Gainera, “Su Ñimiño Bat” izeneko abesti berria gehitu dio, urte hauetan bizi izan duena sintetizatzeko desirari erantzunez.

Gazi-gozo gisa deskribatu du aurtengo azoka Urdangarinek, izan ere, arnasgune den era horretan, aurten arnasgune hori dezente txikiagoa izan omen da, eta diskogintzan liburugintzan baino zertxobait gehiago nabaritu dute akaso. Gozoa, berriz, ospatu egin delako, hala ere, “ez dakit nik gozotasun nahikoa ote den soilik ospatu izan hutsa”.

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren estudio lanetan dabil, lanketa fasean daude orain, Orkestrak 100 urte beteko dituen era berean, berak 25 beteko dituenez, bien artean proiektu itzela jaio da. Ilusio berezia egin omen dio horrelako aukerak, normalean ez baita ohikoa izaten eta plazerra da, benetan, horrelako egitasmo ederra sortzea. Udan izango dugu entzungai!

Baina, hurbilean… nora gerturatu gaitezke urtea bukatu aurretik Urdangarinen hitzak melodia ederrez batera entzutera? Bilboko Antzokian dugu Gabonetako kontzertu, noiz eta abenduaren 23an. “Oso kontzertu berezia izatea espero dut, iaz ezin izan genuen egin pandemiaren ondorioz, eta aurten egingo dugu. Giro beroa egoten da bertan, ospakizun itzela da eta ilusio bereziz egiten diogu aurre”, azaldu digu musikariak.

Ea, ba, Haitzetan hemen da berriz, Mikel Urdangarin hemen da beti eta bere musikak, hitzek eta soinuek zornotzar guztien bihotzean sentitzen ditugu beste behin ere. Segi dezagun elkarrekin amesten!

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorConcurso de postales de la residencia José Maria Azkuna
Artículo siguienteEl zornotzarra Oskar Ordoñez correrá el Dakar Classic 2022