Zornotzan

Deportes

Mikel San José: “Futbola jendearena da”

SD Amorebietako jokalari berriak taldean lehenengo bi hilabeteak aztertu ditu, eta denboraldia baikortasunez ikusten du

Mikel San José (1989-05-30) uztailean ailegatu zen talde zornotzarrera. Athleticen jokatu ondoren, Ingalaterrara joan zen urte batez, ondoren Euskadira bueltatzeko eta urdinen denboraldi historikoan laguntzeko. Nafarrak gogoz hasi du Liga, eta taldeak dituen helburuak beteko direlako konfiantza dauka.

Zelan lehenengo bi hilabeteak?

Ondo. Gustura. Etxean beti ondo.

Uztailean etorri zinen. Zelan hartu zaitu taldeak?

Oso ondo hasieratik. Talde eta multzo oso polita da, oso ona, giro politarekin; ea zelaian hori ere erakusten dugun.

Eta herriak?

Ondo. Nik uste dut ilusio handia daukala pasaden urtean gertatutakoarekin. Pena bat hemen (Urritxen) jokatu ezin izana, baina oso ilusio polita ikusten da herritik joaten zarenean.

Euskadira bueltatzeko gogoak zenituen?

Bai. Azkenean pasaden urtean Ingalaterran gogorra izan zen konfinamendu oso gogorra pasatu genuelako. Ez genuen hango bizitza ezta minutu bat disfrutatu. Txikiekin oso gogorra egiten da egun osoan etxean egotea, ikastola gabe egon ziren ia lau hilabetez. Esperientzia normala ez genuen bizi. Ideia hori zen, etxera bueltatzea eta hemen sekulako erronka polita zegoen aurretik.

Azkenean, txikiak dira gehien sufritzen dutenak

Bai, ala da. Beraiek urtarrilaren 4an, astelehen batean, gabonetako etenaldia eta gero, ikastolara bueltatu eta lotara sartu ziren eta gau horretan Borisek (Boris Johnsonek, Erresuma Batuko lehen ministroak) esan zuen ikastolak ixten zirela. Orduan, esnatu ziren asteartean ikastolara joateko prest, gogoekin, baina esan genien berriro ere ikastola itxita zegoela. Ez zuten oso ondo hartu, momentu gogorrak izan ziren alde horretatik. Baina bueno, azkenean txikiak dira, gu baino hobeto pasatzen dute dena eta ondo dabiltza orain.

Zer izan da gehien faltan bota duzuna Euskaditik?

Jendea. Hantxe bakarrik egon gara, bisitak jaso gabe. Egoeragatik kontaktu falta asko eduki dugu jende guztiarekin, normalean egoten garen jendearekin: familiarekin, lagunekin. Kontaktu hori telefonoz edo ordenagailuz ez da berdina. Ezin izan da nire eta neskaren familia etorri, lagunak ere ez. Oso gogorra izan da.

Zelan izan zen zure fitxaketa? Espero zenuen edo sorpresa izan zen zuretzat?

Nik oso argi neukan Euskadira bueltatu nahi nuela. Sekulako erronka zegoen aurretik. Orduan kontaktuan jarri ginen Goiriarekin (Asier Goiria, taldeko kirol-zuzendaria), eta hortik aurrera dena oso erraz eman zen. Nik gogoak neukan hona etortzeko, taldeak ere bazituen, beraz ez zegoen asko hitzegiterik.

Taldeak Athleticen filosofia antzekoa jarraitu nahi du. Azkenean horrek taldea sendotzen du, ezta?

Bai. Uste dut horrek aurten puntu asko emango dizkigula. Hemen dagoen giroa eta taldea paregabea da, eta horrelako liga luze batean puntuak ematen ditu. Egoera onak zein txarrak pasatuko ditugu eta seguru oinak beti edukiko ditugula lurrean. Horrek azken finean puntuak ematen ditu.

Lehenengo jardunaldietan ez zenuten lortu puntuatzea, nahiz eta aurkariak baino aukera gehiago izan. Zer falta da?

Maila igoera hori ikusten da. Beste taldeak ere geroz eta efikazia gehiago daukate. Geroz eta aukera gutxiago sortu baino gol gehiago egiten dituzte. Ikasteko oso ondo datozen partiduak dira. Uste dut gauzak oso ondo egin ditugula, beste batzuk ere gaizki, baina konpontzen jakin behar ditugu egunerokoan eta partiduak joan ahala dena hobetzen. Taldeak oso ondo konpetitu du eta bide horretan dena ondo joango da.

Lan-maila berbera jarraituko duzue, ezta?

Bai. Gaizki egindakoak konpontzen saiatu, eta ondo egin ditugunak ere indartu, saiatu prestatzen. Uste dut oraindik ez dugula gure maila hoberena eman. Hori oso garrantzitsua izan behar da gu bezalako talde batentzat. Golak sartzen hasiko gara, seguru.

Larrazabal laguntzeko etorri da

Bai, noski. Sekulako jokalaria da. Berarekin egon naiz Athleticen. Fisiko handia du, aurrera joateko mentalitatea. Taldearentzat oso ondo etorriko da, seguru. Hona laguntzera dator. Denok etorri gara laguntzera eta gure onena ematera.

Zein da zure papera taldean? Zer eskatzen dizu Iñigo Velezek?

Nire papera hemen laguntzea da. Nire onena saiatzen ematea. Entrenatzaileak erabakiko du zelaian edo aulkian izan behar duen. Azkenean entrenatzera nator egunero, nire onena ematera berak jakiteko ni prest nagoela jokatzeko, edozein tokitan. Berea da erabakia ni zelairatzeko edo ez. Ni prest nago eta egongo naiz.

Tokia aipatu duzu. Defentsan edo erdialdean joka dezakezu

Ni beti eroso sentitu naiz bietan. Nahiago dut beti apur bat gorago egotea baina garrantzitsuena beti jokatzea da, eroso egotea, disfrutatzea, laguntzea.

Zein da taldearen helburua Ligan?

Permanentzia. Urte hau, urte bat baino gehiago izatea. Denbora ematea lortu zutenari. Oso garrantzitsua da lortu zutena. Berri asko etorri gara laguntzera, apur bat denbora luzatzeko.

Ea hurrengo urtean Urritxen jokatu ahal den

Hori ezin hobea izango litzateke. Denon desioa da hemen jokatzea. Horretarako aurten paper oso ona egin beharko dugu. Ea posible den ematea.

Aurten, beraz, Lezaman jokatuko duzue, zaleekin berriro

Bai. Denbora asko daramagu zalerik gabe. Behintzat nik Lehenengo Mailan ez nuen eduki, Ingalaterran ere ezta. Orain, jokatu ditugun partiduetan jendea ikusteak harmailetan, gutxi bada ere, polita da. Azkenean futbola jendearena da. Gu entrenatzera ateratzen gara jendearentzako, disfrutatzeko. Lezama batzuentzat gure etxea izandakoa da. Pozik alde horretatik, baina hemen (Urritxen) jokatzea izango zen politena.

Pasa den denboraldian Amorebietak Urritxen ‘fortin’ bezalakoa lortu zuen. Ea Lezaman berdina den

Lortu behar dugu. Ez dakit lortuko dugun, baina lortu behar dugun gauza da. Oso luzea da Liga, baina puntuak atera behar dira. Etxean ondo egitea oso garrantzitsua da.

San Mamesen ere zaleak bueltatu dira. Pozik, ezta?

Bai. Ez nuen izan aukera joateko lehenengo partiduan, baina oso polita da. Athleticentzat jendea harmailetan egoteak puntuak dira. Oso polita izan zen joan zen jendea nola animatu zuen ikustea eta bizitzea.

Etorkizunari begira, zeozer pentsatu duzu, edo ezer ez?

Ikusiko dugu. Oraindik aurten disfrutatzea eta ahal dudan neurrian taldeari laguntzean bakarrik pentsatzen dut. Ez dut gehiagorik pentsatu.

Ander Garizurieta

+ Leer más

El zornotzarra Andoni Ibarra logra el tercer puesto en la Copa de Europa de Patinaje Artístico en Zúrich

08/10/2024

El joven patinador Andoni Ibarra ha alcanzado un logro extraordinario al conseguir el tercer puesto en la Copa de Europa de Patinaje Artístico, celebrada este mes de octubre en Zúrich, Suiza. Con tan solo 15 años, Andoni ha demostrado ser

‘KARATE-DO’ Más que un deporte

07/10/2024

He querido preparar un «reportaje» sobre el club de kárate Ukabidea. La primera idea, por supuesto, ha sido sobre los resultados y los éxitos deportivos. Fácil. El año pasado en los campeonatos de Deporte Escolar+Federación Bizkaina y Vasca, entre todas

Campeonato de Euskadi Master 2025 en Amorebieta-Etxano

07/10/2024

El Ayuntamiento de Amorebieta-Etxano ha firmado un convenio con la Federación Vasca de Karate (EKF/FVK), acuerdo que oficializa la celebración del Campeonato de Euskadi Master de Karate 2025 en el municipio. Este evento, que contará con la participación de karatecas