Martxan da Durangaldeko Maketa Lehiaketaren laugarren edizioa

• Interesatuen izen-ematea azaroaren 11ra arte izango da
• Musika estilo guztietako taldeei dago zuzenduta lehiaketa
• Talderik onenak 1.500 euroko saria jasoko du eta euskaraz dagoen abestirik onenak 500 eurokoa
• Proposamena aurkezten duten talde guztien artean 9 hautatuko dira Zelaietako (Amorebieta-Etxano) kontzertu gelan zuzeneko emanaldiak eskaintzeko
Amorebieta-Etxanoko, Abadiñoko, Durangoko eta Iurretako gazteria sailek abian jarri dute Durangaldeko Maketa Lehiaketaren laugarren edizioa.
Azaroaren 11ra arte, estilo guztietako musika jotzen duten musika taldeek izen ematea egin ahal izango dute, baldin eta ezein zigiluk argitaratutako diskorik eta ezein motatako diskografia-kontraturik ez badute.
Bandaren kide erdiak, ahal dela, 18 eta 35 urte bitartekoak izango dira, eta taldekideetako bat ere ez da lehiaketan parte hartzen duten taldeetako bitan baino gehiagotan arituko.
Talderik onenak 1.500 euroko saria jasoko du eta euskaraz dagoen abestirik onenak, berriz, 500 euroko saria.
Musikaren alorreko profesionalek eta antolatzaileen arteko teknikariek osatuko dute epaimahaia. 9 aukeraketa egingo dute bidaltzen diren maketen artean, ahotsaren nortasunaren, exekuzioaren kalitatearen (erritmoa, afinazioa, koordinazioa) eta konponketen aberastasunaren (egiturak, harmonia-sekuentziak eta estiloari egokitutako akordeak) arloko irizpideei eta zuzeneko lanean erakusten duten potentzialari erreparatuta.

Kontzerturako errepertorioaren iraupena 40 minutukoa izango da, eta kontzertu bakoitzean lau bertsio sartu ahal izango ditu taldeak gehien jota. Gainerakoek beraien gai orijinalak izan beharko dute.
Azaroaren 16an hautatzen diren taldeen izenak jakinaraziko dira. Talde hauek zuzeneko emanaldia eskainiko dute Zelaietako kontzertu gelan (Amorebieta-Etxano). Autobus zerbitzua jarriko da lehiaketa antolatzen duten beste herrietatik zuzeneko ekitaldi horietara joan nahi dutenentzat.
Talde parte-hartzaileek ametxgazteria.net webgunean deskargatu beharko dute inskripzioa eta taldeko 3 kanta aurkeztu beharko dute artxibo konprimitu baten.

Artículo anteriorCAMPAÑA DE RECOGIDA DE FIRMAS PARA UN SERVICIO DE URGENCIAS DE PEDIATRIA EN AMOREBIETA
Artículo siguienteZornotza Mendi Taldeko IV. Argazki lehiaketa