Icono del sitio www.amorebieta.com

MARTIN ZALAKAIN ikuskizuna Zornotzan

Ihauteriak igaro eta udabarriaren atarian “Martin Zalakain” ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dogu Zornotzan Udabarri dantza taldeak antolatuta.
Pío Barojaren ‘Zalakain abenturazalea” eleberrian oinarrituta dago antzezlan hau.
Zalakainen gerla, abentura eta maitasun istorioaren eszenaratze dantzatuaz gozatu daiteke ikuskizun honetan. Abentura guzti hau Hirugarren Gerra karlistan girotua dago eta horixe da dantzaren bidez aurkeztuko deuskuna Donostiako Argia dantza taldeak.
Koreografia Juan Antonio Urbeltzena da eta antzerkiak, dantzak eta literaturak bat egingo dabe ikuskizun honetan. Ander Lipus aktore bizkaitarrak Pio Barojaren papera jokatuko dau Arkaitz Kano idazlearen gidoia jarraituz.
Zenbait herritako dantza taldek parte hartzen dabe emanaldian, besteak beste Argia (Donostia), Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Miarritze), Elai Alai (Portugalete), Arkaitz (Añorga), Astigar (Astigarraga) eta Gure Kai (Deba).
Argia konpainiak prestatu du moldaketa, eta helburua euskal dantza tradizionalaren esparruan sakontzea da. Alde batetik, euskal dantzaren zenbait alderdiren inguruan egindako ikerketa-lana erakusten du, eta bestetik, euskal dantza dramatiko garaikide berri bat sortu du, izan ere, dantzariek interpretatu ere egiten dute.
Emonaldi interesgarri hau, martxoaren 14ean, Amorebieta-Etxanoko Zelaietako frontoian ikusi ahal izango dogu arratsaldeko 8etan.
Emanaldiaren iraupena ordubete eta erdi ingurukoa da, eta sarrerak erosi nahi izanez gero, Zornotzako Udabarri dantza taldearen lokalean, edota www.zornotzaaretoa.eus orrialdean lortu ahal dira 10 eurotan.

Salir de la versión móvil