Marmitako Egunean, Euskaraldia su txikian!

Uztailaren 21ean Euskaraldiaren simulakroa egingo dugu Zornotzan: Marmitako Egunean euskaraz egiteko prest? Eman izena eta “Ahobizi” edo “Belarriprest” rola aukeratu!
Patatak, atuna, tipula, porrua, tomatea, berakatza, olioa, gatza, piperra eta… “ahobizi” edo “belarriprest”! Aurtengo Marmitako Eguneko errezetak osagai berri bi izango ditu. Uztailaren 21ean Euskaraldiaren simulakroa egingo dugu, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz.
Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte antolatuko da Euskal Herri osoan, baita Zornotzan ere. Bertan, herritarrek rol bi izango dituzte aukeratzeko: “ahobizi” (euskaraz berba egingo dute ulertzen duten guztiekin) eta “belarriprest” (euskaraz ulertzen dute, eta eurei euskaraz berba egitea nahi dute, nahiz eta batzuetan erdaraz erantzun). Herritarrek txapa bat eramango dute soinean 11 egun horietan.
Marmitako Egunean, beraz, Euskaraldiaren proba egingo da. Herriko hiru puntu ezberdinetan mahaitxoak jarriko dira, eta zornotzarrek izena eman ahal izango dute Euskaraldian parte hartzeko. “Ahobizi” edo “Belarriprest” konpromisoa aukeratu, argazkia atera, eta pegatina bat emango zaie, soinean eramateko.

Artículo anteriorBerizzo se estrena en Urritxe
Artículo siguienteCae un árbol en la calle Luis Urrengoetxea