Zornotzako SACZ elkarteak antolatuta, aurten 400 lan inguru aurkeztu dira Ipuin Lehiaketara. Andra Mari Ikastolako ikaslea den, Markel Larrea Undabeitia, izan da irabazlea 15-18 urte bitartekoen artean «Iragan izoztua» lanarekin eta 210 txekea hartu du. Bigarrena Iker Bilbao izan da, El Carmelo ikastetxekoa, «Guztiz aldatutako bizitza», 150 euroko saria.
Bestalde, 11 eta 14 urtekoen artean Izaro Mayans, Larrea Eskolako ikaslea izan da garaile «Zornotzako arteak patata dauka?» izeneko lanarekin. eta saria 90 euroko bonoa Billiken liburudendan gastatzeko. Maila honetan bigarren lana Maialen Mierak egin du, Lauaxeta Ikastola, «Ali errefuxiatu baten gorabeherak» eta 60 euroko bonoa jaso du.
Eta txikitxoen artean, 10 urterarte, Lander mayans, Larrea eskola, izan da irabazlea, «Elkarrekin hobeto» lana aurkeztuz. Saria 60 euroko bonmoa. Eta bigarena, Ainara Arizona, Larrea Eskola, «Opariak banatzen astoaren gainean», 30 euroko bonoa.
Sari banaketaren ostean zozketa bat egin zen bertaratu zirenen artean.Hemen duzue, Markel Larrea Undabeitiak aurkeztutako lana. ZORIONAK GUZTIOI!!!
Iragan izoztua
Luzea bezain astuna izan zen etxerako bidea.
Elizabethek bazekien nor zuen bere etxean itxaroten. Baina ez zekien zergatia. Bazekien nolakoa zen. Baina ez zekien nola zegoen han.
Giltzak sarrailan sartzearen soinuak atera zuen bere mundutik. Sakon arnastu eta atea ireki zuen. Hantxe zegoen, sarrerako besaulkian eserita, 18 urte inguruko gazte bat. Elizabeth izan zen hitz egiten lehenengoa.
—Oraindik hor zaude. Noiz joango zara?
—Egia jakiten dudanean.
—Neuk ere nola zauden hemen jakin nahiko nuke. Badakizu zer esan nahi dudan, Rick.
Rickek gazte baten itxura bazuen ere, bere begiak putzu sakonak bezalakoak ziren.
—Esango dizut, baina ez orain. Ez ditut nire karta denak bolada batean galdu nahi.
Elizabeth pentsatzen geratu zen. Ez zen posible.
Rick hilda zegoen….
—Ez naiz haluzinazio bat, galdezka ari bazinen. Bene-benetakoa naiz, eta ez naiz joango nahi dudana lortu arte —adierazi zuen Rickek, bere pentsamendua irakurri ahal izango balu bezala.
—Nire etxetik segituan ez bazoaz, poliziari deituko diot.—Elizabethek tonua altxatu zuen.
Baina ibiltzen hasi aurretik, Rick hizketan hasi zen, bere aurpegi axolagabea aldatu gabe.
—Elizabeth, ez dizut azaldu behar zergatik ez diozun poliziari deituko.
Isiltasun luze baten ostean, Elizabeth Ricken aurrean eseri zen, amore emanda.
—Zer egin dut nik hau merezi izateko?
—Badakizu oso ondo zer egin zenuen, ezin duzu errua desagerrarazi.
Elizabethek eskuak aurpegian jarri zituen.
—Hau da mendekua hartzeko zeure era?
—Ez naiz zu mintzera etorri. Zugandik egia entzutera baizik.
—Ez duzu zuk bakarrik erantzuna topatzeko denbora nahikoa izan hogeita hamar urteetan?
Ricki barretxo bat irten zitzaion.
—Ikusten dut ez duzula ideiarik ere ez.
—Zeri buruz?
Isilik geratu zen.
—Non egingo duzu lo?
Rick egongelako sofara begira geratu zen.
—Hor.
Elizabethek hasperen egin eta altxatu egin zen besaulkitik.
—Ondo da. Manta bat ekarriko dizut.
—Eskerrik asko. Biharko planik baduzu?
Elizabeth larunbatetan etxean geratzen zen telebista edo pelikula bat ikusten. Orain dela asko ez zuela ezer desberdina egiten.
—Ez, ez dut planik.
—Goazen zinemara aspaldiko partez.
Orduan, Elizabethek berriro edozergatik zirraratzen zen gaztea ikusi zuen. Berak ezagutu eta gustatzen zitzaion gaztea.
—Ez dut gogorik
—Animo, ondo pasatuko dugu. Zinea zenbat aldatu den ikusi nahi dut, eta badugu zer kontatu batak besteari.
Elizabeth eskailerak igotzen hasi zen.
—Pentsatuko dut. Gabon, Rick.
—Gabon, Elizabeth.
Eta Elizabeth eskaileretatik desagertu zen. Rick bakarrik geratu zen egongelan. Gelaren erdian zegoen kristalezko mahaian egunkari bat ikusi zuen. Hura hartu eta lehenengo orrialdea irakurtzen hasi zen. “Langabezia %2 bajatu da 2032tik” zioen.
“Oraindik egunkaria erabiltzen da. Hau bai harrigarria” esan zion bere buruari.
Elizabethek ohetik jaikitzean erlojua ikusi zuen. Bederatziak ziren. Beldurtu egin zen larunbata zela gogoratu arte. Praka bakeroak, kamiseta zuri bat eta zapatila beltzak jantzi eta eskailerak bajatu zituen.
Sukaldean topatu zuen Rick, esnaturik, kafe bat edaten.
—Egun on. Kafea prestatu dut biontzat. Espero dut axola ez izatea.
—Eskerrik asko, baina ez dut nahi, oso gutxitan hartzen dut kafea.
—Lehen ia egunero hartzen zenuen.
—Gaur egia kontatzeko asmorik baduzu?
—Agian.
—Nik orain erosketak egiten joan behar dut. Zer egingo duzu zeuk?
—Hemen geratuko naiz. Gero zinemara joan aurretik kalean bazkaltzeko gogorik baduzu? Nire aitak herentzia polita utzi zidan.
“Aita” hitza entzutean Elizabethek otzikara bat izan zuen.
—Ez berriro zure aitaz hitz egin, mesedez.
Rickek, harrituta, baietz egin zuen buruarekin.
—Ongi da. Nahi baduzu kanpora bazkaltzera joango gara.
Elizabeth erosketekin bueltatu zenean biak jatetxe arrunt batera joan ziren, eta entsalada bat eta plater konbinatu bana eskatu zituzten.
—Zertan egiten duzu lan? —galdetu zuen Rickek sardexkarekin jolastu bitartean.
—Erizaina naiz herriko anbulatorioan. Eta zu?
—Langabezian nago.
Jan ostean, Rickek jatekoa ordaindu eta zinemarantz joan ziren.
—Zinea neuk ordainduko dut.—adierazi zuen Elizabethek.
—Ondo da. Azken finean, film bat zor didazu.
—Atzo esan zenuen ez zenidala minik egin nahi.
—Egia mingarria da, baina beharrezkoa. Filmaren ostean kontatuko dizut dena.
Elizabeth ezin izan zen aukeratu zuten filmean kontzentratu. Burua bueltaka zuen 13 urte lehenago gertatutakoarekin. Bukatzerakoan eta irten zirenean, bera izan zen hitz egiten lehena.
—Neu hasiko naiz nire zatia kontatzen. Baina eser gaitezen, mesedez.
Inguruko banku bateaneseri eta Elizabeth kontatzen hasi zen.
“Ez dakit bazenekien, baina zure aita mafiako tipo garrantzitsuenetariko bat zen, botere handikoa. Neure aita bere aliatu bat zen. Zu eta zure aita herritik joan zinetenean, zure aitaren morroiek nire aita hil zuten, probarik ez uzteko. Neuk, konturatu nintzenean, mendekua hartuko nuela zin egin nuen. Horregatik, zinemara gonbidatu eta lepotik sastakatu zintudan. Zure aitak hurbileko norbait galtzean zer sentitzen zen jakin zezan. Ez zen inoiz erruduna aurkitu, baina egun haren ostean, ez da izan damutu izan ez naizen egunik. Albisteetan hil egin zinela zioten, eta orduan, hamahiru urte geroago, goiz batean neure etxean agertzen zara, bizi-bizirik eta hil zintudanean bezalako itxurarekin. ”
Biak isilik geratu ziren, bizitza oso bat ematen zuten minutu batzuetan. Orduan bat-batean Rickek Elizabeth besarkatu zuen.
—Ez nekien hori guztia. Sentitzen dut.
—Lasai. Ez du axola. Orain zure txanda. Nola zaude bizirik? Eta zergatik ematen duzu oraindik gazte bat?
Rickek altxatu eta kamiseta igo zuen, Elizabethek sabelaren erdian zuen orbaina ikus zezan. Biratu eta lepoaren erdian beste orbain bat zuela ikusi zuen.
—Agian oraindik gazte bat naizelako —berriro Elizabethen ondoan jesarri zen—. Albisteetan gezurra zetorren, Hil baino arinago, nire aitak nire gorputza kriogenizatzea agindu zuen. Lotan egon naiz hamahiru urte hauetan, eta nire gorputza ez da zahartu. Horregatik daukat hil nintzen eguneko itxura bera, nire karnetean 33 urte ditudala jartzen duen arren. Esnatu eta zauria sendatu didate orain dela hiru egun, eta dena azaldu didate. Ez zekiten nor saiatu ze ni hiltzen, baina nik bai. Nire aita hilda dagoela esan didate, eta bere herentzia eskuratu ostean, bururatu zaidan lehenengo gauza zuri bisita bat egitea izan da, erantzunen bila. Izan ere, lotan egon naizenez, neuretzat orain dela hiru egun sastakatu nauzu..
Elizabeth aho zabalik geratu zen. Asimilatzeko gauza asko ziren.
—Beraz, lotan egon zara hamahiru urtetan?
—Halaxe da. Eskertuko nizuke historikoki zerbait garrantzitsua gertatu den esatea.
Elizabethi barretxo bat irten zitzaion.
—Bai. 2019an Donald Trump hilda agertu zen kalezulo batean, sabelean tiro batekin. Susmo denek Hillary Clintonengana seinalatzen zuten, baina ebidentzia faltagatik libre geratu zen, eta Estatu Batuetako lehendakaria bihurtu zen.
Rick barreka hasi zen.
—Hori bai ez nuela espero. Goazen etxerantz, hemen hoztu egingo gara eta.
Bidean zihoazela, Rick hizketan hasi zen.
—Bazenekien zutaz maiteminduta nengoela?
—A bai? Hamahiru urte hauek bizi ez dituzunez, suposatzen dut ez zela gauza askorik aldatuko.
Orduan Elizabethek Ricki kamisetatik heldu eta musukatu zuen.
—Uau. Neu izango naiz azkenean sorpresa gehien hartuko dituena gaur.
Eta biak barreka Elizabethen etxera bueltatu ziren.