Maider Uribarrik ETB-ko `Abiapuntua´ programan parte hartu du

ETB-k jakitera eman duenez,»Abiapuntua» saio berria, Baleukok ekoiztuta eta Xabier Madariagak aurkeztuta, ditugun aurreiritziak islatuko dituen saioa izango da, gure benetako uste eta sinesmenen inguruko test soziala izango da, alegia. Hodei Zambrano, Beittu enpresako zornotzarrak grabazioa eta editaiaren arduraduna izan da.

Asteazkenero, «Abiapuntua» saioak gai bat landuko du sei gaztek biziko dituzten esperientzien bitartez. Zornotzako Maider Uribarri Artaloitia izan da programa honen partaide bat, beste 5 gazte alboan izan dituelarik. Astero hiru bikotetan banatuta, esperimentu sozial berri honen protagonistak izango dira. “Hasieran kamara aurrean errespetu handiz jarri nintzen, baina programa aurrera joan ahala kamaraz ahaztu eta oso era normalean aritu izan naz”, dio Maiderrek.

Erlijioa, aniztasun funtzionala, homosexualitatea, arraza ezberdinak edota zahartzaroa, modu naturalean onartzen ditugun errealitateak al dira? Edo, tolerante eta irekiak garela pentsatzen dugun arren, aurreiritziekin jokatzen dugu? Berdin tratatzen ditugu pertsona guztiak? Arrazistak gara? Homofoboak? ETB-k esan duenez, saioaren helburua gure aurrean ispilu bat jartzea izango da, eta gazteek biziko dituzten esperientziak gure aurreiritzi sozialen isla izango dira.

Horretarako ezohikoak diren egoera eta errealitate desberdinak bizitzeko aukera izango dute gazteek. Programak ongizate-zonatik ateratzera behartuko ditu. Lehenbizi, atal bakoitzaren hasieran, Xabier Madariaga aurkezleak gaia aurkeztuko du 10 galdera eginez, gazteen aurreiritzia ezagutzeko. Astero aldatuz joango diren bikoteak, 48 orduz, dagokien errealitatera bidaliko ditu. Maider, adibidez, klausurako monjekin egon zen eta inoiz espero ez zuen iritziak entzun zituen bertan.

Bizipen horien ostean, sei gazteak elkartu egingo dira berriro, Oñatiko frontoia erabili dute telebista platoa bihurtuz, eta bizitako esperientzien inguruko gogoeta egingo dute,  ondorioak ateraz. Gainera, astero astero esperimentua sare sozialetara zabalduko dute, eta jorratu den gaiari buruzko inkesta bat luzatuko ikus-entzuleei.

Artículo anteriorTxakala, Bolo txapelduna, joan da
Artículo siguienteNolaskoain ya entrena en Urritxe