MAIDER URIBARRI ARTALOITIA: “Errugbiak nire burua beste modu batean ikusteko aukera eman dit”

Zerk motibatu zintuen errugbian hasteko?
Gimnasiora joaten egon nintzen urtebetez, baina bakarkako kirolak ez ninduen motibatzen. Taldeko kirol bat egin nahi nuen baina futbola eta saskibaloia ez zitzaizkidan lar gustatzen. Errugbiko nesken talde bat Zornotzan lehen pausoak ematen ari zela esan zidaten eta beraiekin entrenatzera joan nintzen.
Noiz eta non hasi zinen jokatzen?
Nire lehenengo pausuak nahiz eta Zornotzako talde txiki horrekin izan, ez ginen behar beste neska eta geunden gutxiak Durango Rugby Taldearekin entrenatzera eta jolastera joan ginen. Beraz nire lehen denboraldia Durangon jolastu nuen.
Zein taldetan ibili zara ondoren?
DRTn eta Salamancako ADUS taldeetan.
Eta orain zein taldetan zaude?
Denboraldi honetan ADUSen ibili naiz eta datorren urtean han jolasteko esperantza daukat han ikasten geldituz gero. Holan ez bada, Durangora itzuliko naiz.
Eta zelan joan da denboraldia egun dagoen izurri hau hasi aurretik?
Taldean giro oso ona izan dugu, eta egia esan, oso ondo hartu naute ADUS taldeko neskek.
Zein posiziotan jokatzen duzu?
Errugbian tamaina guztietako pertsonak jolas dezaketela esan behar dut, nahiz eta jendeak indarra izan behar dela edo pertsona handia izan behar dela uste. Ez da zertan horrela izan behar. Nire kasuan 1 edo 3 zenbakiekin jolastu dut kirol honetan hasi nintzenetik, hau da, aurrelaria naiz eta «Pilier» postuan jolasten dut.
Zein da errugbia eta beste kirolen arteko desberdintasun nagusia?
Inklusibotasuna eta errespetua beste batzuen artean. Errugbiaren balore nagusiak direla esango nuke.
Zein da azpimarratuko zenukeen oroitzapen onena errugbiarekin lotuta?
Oso momentu onak eman dizkit, baina gehien bat bizitza eta batez ere nire burua beste modu batean ikusteko aukera eman didala esango nuke. Beste alde batetik, ibili naizen taldeetan eta aurkarien taldeetan oso lagun onak eman dizkit errugbiak. Beraz, une puntual batekin geratu beharrean, orokortasunarekin geratzen naiz.
Gaur egun, oro har, emakumezko taldeen ikusgaitasuna zertxobait hobetu da, baina ez behar den beste. Zein uste duzu dela errugbi femeninoaren egoera gaur egun?
Nahiz eta esan bezala emakumezko errugbi taldeen egoera asko hobetu den orokorrean, kirol maskulinizatu baten aurrean gaudela argi dago. Sozialki jende askok uste du errugbian jolaste hutsagaitik, bortitzak eta maskulinak garela. Emakumeen aldetik, beldur asko dagoela kirol hau probatzerakoan esatera ausartuko nintzateke. Beraz, matxismoarekin zuzenki lotuta dagoen eta aurre egin behar zaion problematika baten aurrean aurkitzen gara.
Errugbia beti nabarmendu izan da bere baloreengatik. Zer esango zenieke indarkeriazko kirola dela uste dutenei?
Nahiz eta kontaktuko kirola izan, indarkeria hori jokoak irauten duen denboran bakarrik da indarkeria. Nahiz eta kanpotik holan ematen ez duen, zelaitik kanpo hirugarren denboratik aurrera denak lagunak gara eta osteko juerga denak batera botatzen ditugu. Gainera, araudia oso zorrotza da eta plakaketak egiterakoan minik ez hartzeko arauak ere badagoz.
Zein da zure epe laburrerako eta luzerako proiektua?
Epe laburreko proiektua jokoan gauza txikiak hobetzen joatea da eta indibidualki aurrerapausuak ematen saiatzea. Epe luzera, egia esan, ez daukat kirol hau uzteko asmorik nire gorputzak irauten duen bitartean.
Zornotzan jada, gizonezkoen errugbi talde bat dago. Emakumezkoen talde bat sortuko al da etorkizun batean?
Horretarako iniziatiba behar da eta emakumezko kirol guztietan behar den moduan, taldean parte izateko emakumeak behar dira. Zornotza moduko herri handi honetan ziur nago talde bat sortu daitekeela. Ea etorkizun hurbil batean sortzen den.

Artículo anteriorAmorebieta-Etxanok Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatuko du, online egingo diren bi hitzaldirekin
Artículo siguienteAntzerkia eta online ikuskizunak uda guztian Zornotza Aretoan