«Neska* gazteok feminismoaren belaunaldien arteko transmisioaren erantzukizuna dugu»

Badator martxoaren 8a, emakume langilearen nazioarteko eguna, horren harira, herriko mugimendu feminista osatzen duten taldeekin egon gara; Zornotzako Talde Feminista, M8 plataforma eta Suhaziak Zornotzako Neska* gazteen taldea.

1. Gizarteak aurrera egiten jarraitzeko eta emakumeek berdintasun-espazioak
irabazten jarraitzeko, zer jorratu behar da lehenbailehen?

Guk argi dugu feminismoa dela bide bakarra. Logika horretatik, espazio guztiak
feministatu behar ditugu: hezkuntza, familia, lagunartea, tabernak, bikote
harremanak, lantokiak instituzioak… Egunerokoan inguratzen gaituzten eraikuntza guztiak politikoak direla ikasi behar dugu, eta sistematikoki ikasi duguna desikasi. Mugimendu feministak lan handia egin du, eta horren fruituak nabari dira, bai gurean bai beste gizarte batzuetan. Argentinako abortuaren legalizazioa da azken adibide garbiena: hango mugimendu feministak borrokatu izan ez balu, gaur egun oraindik ere Argentinan abortua ilegala izango litzateke.

2. Zer aldarrikatzen duzue batez ere M8an?
2020an agerian geratu da mugimendu feministak arrazoia zeukala, kapitala bizitzen
gainetik lehenesten duen sistema ez dela jasangarria. Bizitzen aldeko apustu
erradikala egiten dugu, eta, beraz, zaintzak erdigunean jarri nahi ditugu. COVID-19aren
krisialdiak are zaurgarriago bilakatu ditu ahulenak: emakumeak, gazteak, migratuak,
pentsionistak… Feminismotik irakurketa politiko bat egin nahi diogu bizitzen ari garen
testuinguru horri. Aurtengo M8an ere kaleak hartuko ditugu, eta antolakuntza
feministaren beharra aldarrikatuko dugu.

3. Nortzuk osatzen duzue gaur egungo Zornotzako mugimendu feminista?
M8 Plataforma honako hauek osatzen dugu: Zornotzako Talde Feminista, Suhaziak neska* gazteen taldea eta Plataformarekin bat egin duten emakumeak. Bakoitzak bere zapalkuntza eta borroka moldeetatik, kolektiboak saretuz herria feminista bilakatzeko lanean jarraituko dugula berresten dugu. Bakoitzak bere ertzetik, elkarrekin egingo dugu lan sistema heteropatriarkal hau arrakalatzeko.

4. Zein ibilbide izan du azken urteotan mugimendu feministak?
Zornotzako Talde Feministak autodefentsa landu du hasiera-hasieratik, eta askotariko lanketak egin ditu feminismoarekin lotutako egun esanguratsuetan. Halere, Martxoak 8ari beste dimentsio bat gehitu nahi zitzaion; izan ere, elkarteetako emakumeak eta banakoak batzeko espazio bat sortu nahi izan genuen, gure bizipenak eta opresioak partekatzeko eta borrokarako gune bat. Erantzuna eta lanketak oso positiboak izan dira; herriko mugimendu feminista indartu egin da, eta beste adin tarte batzuetara eta beste irakurketa batzuetara zabaldu da. Ildo horretatik, herriko emakumeen borrokak babesten ditu eta, era berean, haietatik elikatzen da: erresidentzietako langileak, emakume pentsionistak, emakume migratuak… Bestalde, kolektibo horiekin batera lan egiten du, haien errealitateak herriratzeko.

5. Orain dela bi urte M8 plataforma sortzearen arrazoi nagusiena zein izan zen?
Emakumeen* Grebak piztu zuen Plataforma baten beharra. Izan ere, greba antolatzeko ezinbestekoa zen askotariko emakumeen* eta elkarteen begirada eta ekarpena. Duela bi urte,
soldatapeko zein soldatarik gabeko zaintzaileen borrokak gizarteratu nahi izan genituen. Iaz, berriz, Zornotzako emakume migratuen testigantzak entzun genituen. Aurten, ostera,
Emakumeen Mundu Martxak proposatzen digun “Zubi guztien gainetik, Mugarik Ez, Transnazionalik ez” lanketarekin jarraituko dugu, nahiz eta testuinguru gogorra daukagun. Kide guztiak etengabeko barne-prozesu batean murgilduta gaude, eta herriko talde feministek etengabeko saretze bat dugu helburu, elkarteen arteko indarrak batzeko.

6. Iaz, emakumeek zaintza lanen inguruan daukaten eginkizuna erdigunean jarri
zenuten. Egun bizitzan gagozan izurri honek emakumea gehiago zigortu al du esparru
honetan? Zein esparru gehiagotan nabaritu duzue emakumeen zaurgarritasuna
handitu dela?
Gure asmoa da prozesu honekin emakumeek zaintzen inguruan egin dugun eta egiten dihardugun lana politizatzea, hau da, sistema honetan zaintza-lanak dagokien lekuan kokatzea, irakurketa feminista batetik abiatuta. COVID-19ak ekarri duen egoerak aspalditik esaten ari ginena berretsi du, hau da, zaintza sistema duin bat egon ezean ez garela herri duin bat izango. Erresidentzietako borrokak, garbitzaileen lehen lerroko lanak edo etxeko langileen egoera prekarioak agerian utzi du gure sistema honek ez diela ezelango aitortzarik eskaintzen, ezelango baliorik ematen. Zoritxarrez, pandemia bat behar izan dugu arrazoia dugula erakusteko, argi uzteko elkar zaintzea dela herria salbatzeko bide bakarra.
Zaintza duinen aitortza, zaintzen publifikazio eta baldintzen hobetzeak soilik ekarriko
digu, lan explotaziotik urrunduz. Bertan, emakume migratuen egoera zaurgarriagoa
bilakatzen da, eta zaurgarritasun horretaz baliatuz, eskubide gabeko bigarren mailan
kokatzen ditu migrazio politika arrazistek, bigarren edo ta hirugarren mailako
herritarrak bilakatuz, haien eskubideak zapalduz.
Uztailean, Zornotzako Elkartasun sarearekin batera “Konfinamenduko Bizipenak”
jardunaldiak antolatu genituen, eta argi ikusi genuen zein diren gure herrian egoera honi
aurre egiteko ditugun gabeziak eta hutsuneak; gainera, aurrera egiteko eman beharreko pausoak ere identifikatu genituen. Jardunaldi haietan, askotariko pertsonen eta elkarteen hausnarketak eta eskaerak entzun ahal izan genituen: Elkartasun Sarea, Harrera taldea, gazte mugimenduak, erresidentzietako langileak, etxez etxeko langileak, garbiketako langileak,
osasungintzako emakume langileak, familiak… Eta argi adierazi genien Udalari eta instituzioei zein diren egoera honi buelta emateko gakoak; formula zaharrek alde batera utzi, eta lehenbailehen heldu beharreko estrategiak.

7. Egunean zehar egingo diren ekintza ezberdinen aurrerapen txiki bat egin dezakezue?
Zaila egin zaigu egoera ezegonkor honetan urtero bezala martxa hartzea baina,
antolatzeko beste modu batzuk aztertu ditugu eta, jakina, M8an egitarau bat
izango dugu.
Pandemia dela eta, aurtengo egitaraua aurreko urteetakoa baino xumeagoa izango
da. Martxoaren 8an manifestazioa egingo dugu, segurtasun neurriak beteta, eta urtero bezain jendetsua izatea espero dugu.
Horrez gain, Emakumeen mundu martxaren Nazioarteko V. Ekintzak atera duen
azken dossierra lantzeko proposamena egingo dugu. Alde horretatik, Martxoaren
6an zenbait solasaldi egingo ditugu Zelaieta Zentroan, hainbat gonbidaturekin. Pena handiz, hitzaldi horien aforoz mugatua izango da.
Horretaz aparte, herritarrei esan nahi diegu aurten taldeko kide batek diseinatutako
maskarak edo musukoak atera ditugula, beraz… adi ibili!

8. Berdintasuna helburu, egun dagoen eredu soziala aldatzeko beharra dagoela argi
dago. Non eta noren eskutik hasi beharko litzateke prozesu hau?

Uste dugu emakumeok lehen lerroa daukagula borroka honetan. Gu
gara zapalduak, beraz, utzi zapalduei hitz egiten. Gizonezkoek beren pribilejioen
inguruan hausnartu behar dute, eta ikasi behar dute identifikatzen zein den kasu bakoitzean dagokien papera. Askotan ematen du borrokaren subjektua eztabaidagarria dela,
baina guk argi dugu gure papera zein den.
Non? Begien aurrean. Iraultza txikietatik etortzen dira aldaketa handiak. Sistema
heteropatriarkala egunerokoan deseraiki behar dugu: lagun artean, lanean, bikote
harremanetan… Ez dago mikromatxismorik, mikro horiek guztiek eusten baitiote
makrosistema zapaltzaile horri. Urrunera begiratu beharrean, has gaitezen norberaren
eragin eremuetatik.

9. Emakumeen batasuna eta berdintasunaren aldeko lanaren belaunaldien
arteko transmisioaren behar argia dagoela ikusi da. Zornotzako talde feministak
urteetan zehar eman dituen aurrerapausoak Suhaziak neska* gazteen taldea sortzerako orduan lagungarriak izan dira?

Bai, noski. Herriko mugimendu feministatik ikasi dugu feminismoan antolatzen jarraitu
behar dugula. Talde feministari esker feminismoan murgiltzen hasi ginen. Baina
Zornotzan ez da erraza belaunaldien arteko espazioak aurkitzea, eta, ondorioz, ez da erraza lekukoa pasatzea. Horren aurrean, neska* gazteok transmisioaren erantzukizuna dugu: belaunaldi berriak antolakuntza feministara hurbildu behar ditugu, eta emakume eta gazte izateagatik zer zapalkuntza pairatzen dugun ikusarazi nahi dugu, askotan ez baikara ohartzen gazte eta emakume izateagatik ere zapalkuntza jasotzen dugula. Gure kasuan, hau da borrokarako subjektua: Euskal Herriko emakume gazteak gara.

10. Emakumeen ahalduntzea bultzatzen jarraitzeko zein gomendio emango zeniekete
datozen nesken belaunaldi berriei?

Feminismoan antolatzera animatzen ditugu. Indibidualki jasaten ditugun gertakari
askok arrazoi sistematiko bat dute atzean, eta, azken urteetan argi geratu den bezala, kolektiboa ezinbestekoa da horien aurka borrokatzeko. Uste dugu neska gazteen taldeek paper garrantzitsu bat jokatzen dutela horretan; izan ere, belaunaldi gazteak ere feminismoan murgiltzeko eta hor militatzeko zubi lanak egiten dute.

11. Ekitaldi feminista ezberdinak egin dira urteetan zehar Zornotzan, eta hauek jasan
duten erantzun positiboa azpimarratzekoa da. Zein iritzi daukazue zuek?

Azken urteetan izandako saretze estrategiek bere erantzuna izan dute. Plataforman
elkartuta, neska gazteek gazteekin egin dute lan, zaintzetan kokatutako lagunak lanbide
feminizatu eta sindikatuekin, errefuxiatu eta emakume migratuekin elkarlanean aritzeko
Harrera elkartea eta kolektibo ezberdinak… modu honetan, borroka ezberdinak islatzen
saiatu izan gara. Bestalde, Euskal Herri osoan nabarmena da mugimendu feministaren indarra, hartu duen espazioa. Ikaragarria izan da jendearen erantzuna, entzuteko, espazioak hartzeko,
salaketarako… Garai latzak datoz emakumeentzat* eta periferietan kokatutako
bigarren mailako herrikideentzat. Horregatik, borrokan eta elkarlanean jarduteko deia luzatu nahi diogu herri osoari.

Artículo anteriorHILERO ZORNOTZAN FEBRERO 2021
Artículo siguientePop-rockaren hastapenak berrituz Supercremalleras taldeak “Gominolas», haien azken singlea aurkeztu du