Zornotzan

Noticias

Larrea Kiroldegiak ekainaren 1ean irekiko du uztaileko ikastaroetarako aurre-inskripzioa

  • Aurre-inskripzioa egiteko epea ekainaren 11ra arte egongo da zabalik, eta kiroldegian bertan edo www.amorebieta-etxano.eus webgunean eman ahal izango da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat ikastaro antolatu ditu uztailerako Larrea Kiroldegian. Horrela, adin guztietako zornotzarrek kirola egin ahal izango dute: helduentzat ohiko spininng, G.A.P eta pilates ikastaroak egongo dira, arratsaldez. Aurtengo eskaintza goizetara ere zabaldu da, entrenamendu orokorrean eta luzaketetan eta jarrerak zuzentzeko ariketetan jarduteko interesaturik daudenei zuzenduta. Haurrentzat, berriz, igeriketan hasteko ikastaroak eskainiko dira.

Aurre-inskripzioa eta baldintzak

Aurrez izena emateko epea ekainaren 1etik 11ra egongo da zabalik, Larrea kiroldegiko harreran edo www.amorebieta-etxano.eus webguneko Izen-emateak atalean. Eskainitako plazak baino pertsona gehiagok izena ematen badute, zozketa egingo da ekainaren 13an.  Ekainaren 15ean, plaza lortu duten pertsonen izen-abizenak argitaratuko dira iragarki-taulan. Udalak gogorarazi du pertsona bakoitzaren ardura izango dela zerrenda horretan agertzen den egiaztatzea. Udalak gaineratu duenez, epe hori igarotakoan, dokumenturik aurkeztu ez dutenek erreserba-eskubidea galduko dute.

Plaza hutsak itxaron-zerrendan daudenei esleituko zaizkie, zozketaren ordenaren arabera. Esleitutako plaza hutsen zerrenda ekainaren 26an argitaratuko da. Kasu horretan ere, interesdunei dagokie zerrenda horretan agertzen diren egiaztatzea eta berau berrestea, dagokion dokumentua aurkeztuta. Hori berresteko azken eguna ekainaren 27a izango da.


Ordainketa banku-helbideratzearen bidez egingo da, uztailaren 7an. Izen-emate prozesua amaitutakoan plazaren bat hutsik geratzen bada, ekainaren 28tik aurrera egongo da eskuragarri. Interesatuek Larrea kiroldegiko harrerara joan beharko dute eta bertaratze-ordenaren arabera esleituko dira plazak.

Baja idatziz eman beharko da

Izen-ematea konfirmatu ondoren baja hartu nahi dutenek idatziz egin beharko dute, eta eskaera Udalaren HAZn, egoitza elektronikoan edo Zelaieta zentroan erregistratu beharko dute.

+ Leer más