LARA IZAGIRREREN “NORA” DONOSTIA ZINEMALDIAN

Zinemira, Euskal zinemaren atalean lehiatu da “Nora” Donostiako Zinemaldian. Lara Izagirre, Zornotzako zuzendariaren bigarren filma honetan parte hartzen duten guztion lana goraipatzekoa da, baina Ane Pikazak egindakoa izugarrizkoa izan da. Berak darama zama guztia, hasieratik amaierararte. Larak ondo zekien zer nahi zuen eta bere protagonista esku artean hartu, estutu eta zuku ederra atera dio. Aktore bat handi egiten duena zuzendaria dela esaten dute eta zornotzarrak maisutasunez lortu du.

Ane Pikazak erregistro asko dituela erakutsi du, marrazkilari ona izateaz gain. Bere lanak errekonozimenduak izango dituela ziur gaude. Ane “Nora” oso ondo inguratuta izan da lan honetan. Naiara Carmona, Loli Astoreka, Clara Badiola, Itziar Ituño, Catherine Domain… “Zineak emakume gehiago ez badu, zine erdia faltako zaio”, esan zuen Larak Kursaalen egindako aldarrikapenean.
Emakumeak dira protagonista nagusiak, beraiek dira Norari laguntza, aholkuak eta bere bidea errezagoa egiten diotenak. Ahizpak (Naiara Carmona) alboan nahi du, baina Norak bakarrik nahiago du. Amaren (Clara Badiola) aholkuak ez zaizkio balio. Etxekoandre batek (Loli Astoreka) eta gasolindegiko langile batek (Itziar Ituño) kotxea konpondu eta terapia egiten diote, azken honek “terapia de choque” ederra egiten dio, filmaren eszena aipagarri batean. Eta Iparraldean topatzen duen liburu dendako andrak (Catherine Domain) iparorratza bihurtzen zaio azkenean. Bakarrik Amy (Aia Kruse) baztertzen du bere bidetik, bera bait zen Norak izan nahi zuena, bidaiari eta idazle. Edo agian bere ispilua zen eta bapatean Nora ez duela horrela bizi nahi konturatzen da?
Emakumeak aipatu ditugu, baina aipamen berezia merezi du ere Héctor Alterio, aktore argentinarra, Noraren aitite. Zainetan du interpretazioa eta lehen irrifarreak ateratzen dituena bera da. Ramón Barea (aita) ez da atzean geratzen bere interpretazioan eta aitaren papera ederki betetzen du. Bera alabak dena ondo egiten du, horoskopoa ere bete betean asmatzen du eta. Baina bere txikiak bide berri bat egin nahi badu, bera beti hor izango da laguntzeko prest.

Nora bere ibilbidean aititeren Citroenarekin, batetik, eta barneko bidaian, bestetik, bide ezberdinak egiten saiatzen da. Mendia gogorra egiten bazaio, itsasora hurbilduko da, eta Padel surf taula gainean ezin badu, uretan murgilduko da. Amodio berriak ez badira nahikoak, aintzinekoa topatzeari ekingo dio eta bide horrek irtenbiderik ez duela konturatzen denean beste bat hartuko du.
Gaizka Bourgeaud zornotzarraren argazkilaritza lana ere goraipatu nahi dugu. Inguru ederrenetan egin da errodaia eta Gaizkak askoz ere gehiago edertu ditu Euskal herriko bazterrak.
Musika aldetik ere goraipatzekoa da Izaro abeslariak egindako abestia eta Lekeitioko Talakon emandako kontzertua. Pelikularen musika banda osoak ere laguntza ederra ematen dio gidoiari, Tango argentinarrak batez ere.

Hegoaldeko eta Iparraldeko euskera, ingelesa, frantseza eta gaztelaniaz hitzegiten dute pelikulan. Hizkuntzak batera erabiliz normaltasun osoz. Txalogarria benetan.
“Nora” filmak hunkituta utzi gaitu. Zornotzan ikusteko itxaron beharko dugu, baina mereziko du. Zin dagizuet!!!

Artículo anteriorAprobada una moción para la erradicación de la pobreza en Amorebieta-Etxano
Artículo siguienteAmorebieta-Etxano reabre los servicios de infancia y juventud de Zelaieta este lunes