2022 urtea oso ondo abiatu dute Gariza Films ekoiztetxean. Lara Izagirre Garizurietarekin elkartu gara aurten eskuartean dituzten bi proiektu handien inguruan hitz egiteko. Uda honetan, ekoizten ari diren “20.000 especies de abejas” film luzea grabatuko dute eta aldi berean, zuzendari eta gidoilari lanetan hasi da buru-belarri “Pelikula baten bila” proiektuan.
20.000 especies de abejas
“Proiektu honetan ekoizle lanetan ari naiz. Esti Urresola Solaguren zuzendariaren lehenengo lana izango da eta gogotsu gaude idatzi duen gidoi ederra egi bihurtzeko”.
Ez da xehetasun asko ezagutzen Lucia protagonista izango duen istorio honi buruz. «6 urte ditu eta denek Markel deitzen dioten zakila duen neska bat da. Udako oporrak aukera ezin hobea dirudi denei nolakoa den erakusteko. Baina gauzak ez dira hain errazak izango”, hainbat forotan proiektua aurkezten ari den hasierako sinopsiaren arabera. Ez da haurren transexualitateari buruzko film bat bakarrik. Barne-bizitza nola ulertzen eta bizitzen dugun eta kanpoko munduarekin nola uztartzen dugun kontatzen duen istorioa da; bi mundu hauek bereizten dituzten mugei buruz; familiaren barruan gertatzen den indarkeriari buruz, baita maitasunaren izenean egiten dena ere”.
Lara Izagirre buru belarri sartuta dago izugarrizko jakinmina sortu duen proiektu berri honetan “Filmaren proiektua, hau da gidoia eta pelikularen izaera, nazioarteko merkatu desberdinetan egon da. Gainera, sari desberdinak irabazi ditugu eta esan dezakegu Europa mailan interes handia sortu duela. Horregatik, milaka proiekturen artean aukeratuak izan gara Berlineko jaialdiko koprodukzio merkatuan parte hartzeko. Bertan, mundu mailako banatzaile eta ekoizleekin batzarrak izango ditugu filma aurrera eramateko azken kolaborazioak lotzeko. Talde osoa oso gogotsu gaude eta udari ilusioz begiratzen diogu grabaketarako”.
Prestaketak hasi dituzte dagoeneko “Momentu honetan, casting-a egiten ari gara eta 5-8 urte bitarteko neska baten bila eta 8-10 urte bitarteko mutil baten gabiltza. Interesa baduzue bidali umearen aurkezpen bideo bat eta argazki bat 20milespecies.casting@gmail.com helbidera, umearen izen-abizenak, adina eta bizitokiarekin batera. Anima zaitezte!
Pelikula baten bila
Bestalde, bere hirugarren filma prestatzen hasi da dagoeneko Lara. “Un otoño sin Berlin” eta “Nora” luzemetraiak ondoren, orain beste esperientzia berri bat bizitzeko gogotsu dago Lara.
Oraingoan prozesua erabat aldatuko du Larak, estatu mailan sekula egin ez dena
Aurrera atera nahi du. “Pelikula baten bila”, nire proiektu pertsonala da zuzendari eta gidoilari gisa. Kasu honetan, filmaren prozesua aldatu egin dut eta sormen tailerren bitartez aktoreekin hasiko naiz lanean hasieratik”.
Casting-a gidoi sormena izango da, ideien ekaitza antzekoa. “Duela gutxi ireki dugu martxo bukaeran egingo dugun tailerrerako casting-a eta oso harrera ona izaten ari da. Tailer honen helburua da gidoi gabeko ideia batetik abiatuta filme baterako pertsonaiak sortzea. Bilaketa hori euskaraz inprobisatzea gustatzen zaien emakume aktoreekin burutuko dugu sorkuntza laborategi formatuan. Dena ondo joango balitz, pertsonaia hauek izango dira nire hirugarren filmeko protagonistak”.
Lara Izagirre estaen duenez, “komedia bat izango da eta hiru emakume izango ditu protagonistatzat. Emakumeekin eta emakumeentzat sortuko dudan nire hirugarren lana”.