Urritik azarora bitartean, 6 asteburu jarraian, Bizkaiako txapelketa burutu da eta Jon Asel Goiria zornotzarra garaile irten da 4 partida irabazi, bat berdindu eta bakar bat galdu ostean. 4,5 puntu guztira eta txapela buruan izango du laster egingo den ekitaldian. Baina garrantzitsuena hau da, datorren urtean Zornotzan egingo den Euskadiko txapelketan toki bat izango du merezimendu osoz.
Familiatik datorkio zaletasuna, amama Mari Carmen Montoya, Zornotzako Xake Elkartean presidenta da. Aita, Antton Goiria, ere urte askotan eskarmentu handikoa. “Baina ez dugu sekula bate bestearen Kontra jokatzen. Bai partidak ikusi, elkarrekin ikertu, etabar, eta horrela nahiago dot”, aitortzen du Jon Aselek.
Entrenamenduak egiteko orduan berdin zaio bakarrik, klubean edo txapelketetan parte hartuz. “Xake joaaoren erakargarriena hori da, zuk aukeratzen duzu noiz, nola eta norekin jokatu”. Jon Asel irakaslea da eta orain hainbat ikastetxetan kurrikulumean edo eskolatik kanpoko ekintzetan sartu dute xakea. “Horrek harrobia egiteko aukera ematen digu. Gu 30 federatu gara klubean eta eskoletan indarra hartzen badu etorkizuna ziurtatuta dugu”.
Bere garaipenaren gakoa non izan den galdetu diogu. “Hiruzpalau orduko partidak dira eta ezinbestekoa da konzentrazioa ez galtzea. Nik uste dot bi hobekuntza sartu ditudala nire jokoan; alde batetik erlojua hobeto menperatzen dot, hau da, hasieran arinago jokatzen dot eta horrela denbora gehiago dot amaieran. Gainera aurkariak presio gehiago du horrela. Eta bestalde, lehen ezezkorra nintzen nahiz eta partidan ondo egon, baina nire burua txarto maneiatzen nuen. Orain, pentsamoldea aldatu dot eta garaipena lortzeko lagundu dit”.
Zorionak txapeldun!!!