“Jokoan” mahai-jokoen jaialdiaren hamargarren edizioa ospatuko da abenduaren 28an eta 29an

– Egungo osasun-egoerara erabat egokitutako edizioa izango da, ekitaldiko segurtasuna lehenetsiz.
– Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da.

Ekitaldia azaroaren 28an eta 29an izango da Zelaieta zentroko Amorebieta IV frontoian, eta adin guztietako jendearentzat zabalik egongo da, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta sarrera doakoa izango da. Bestelako aisialdi-eskaintza bat erakutsi nahi da, mahai-jokoetan oinarritua.

COVID-19ak sortutako egungo egoera dela eta, Jokoan jaialdiaren hamargarren edizioak hainbat aldaketa eta neurri izango ditu aurrekoekin alderatuta. Ekitaldian, pertsonen segurtasuna lehenetsiko da beti, espazioaren edukiera mugatuz, eremuen arteko segurtasun-distantzia mantenduz, maskarak nahitaez erabiliz, tenperatura hartuz esparrura sartzean eskuak garbitzearekin batera, eta erabilitako espazioak eta materiala garbituz.

Bi gune ezarriko dira: familientzako gune bat, 4 eta 9 urte bitartekoentzat egokia, haurrek eta helduek elkarrekin jolasteko aukera izan dezaten; eta espazio orokor bat, 9 urtetik gorakoentzat eta helduentzat pentsatuta.

Ekitaldiaren beste berrikuntzetako bat, egungo osasun-egoeraren ondoriozkoa, esparrura sartzeko aldez aurretik joko-espazioa erreserbatzea izango da. Horretarako, bertaratu eta parte hartu nahi duten guztiek izena eman beharko dute aldez aurretik Gazte Informazio Bulegoan, aurrez-aurre edo 946300649 telefonoaren bidez. Lekua baldin badago, ekitaldiaren egunetan bertan eman ahal izango da izena, eta espazio libre horiek heldu diren ordenaren arabera beteko dira.

Izena ematean eta joko-espazioa erreserbatzean, ordua eta mahaia aukeratuko dira, aldez aurretik joko bat esleituta izango dutena. Jolasteko mahai bakoitzak, gehienez ere 5 jokalari izateko aukera emango du. Pertsona horiek, aldez aurretik erreserbatuta, esleitutako ordua baino 5 minutu lehenago agertu beharko dira, arduradun batek beraien jolas eremura bideratzeko eta gidatzeko.

Herritarren ahalik eta parte-hartzerik handiena bermatzeko, ekitaldiaren egun bakoitzean gehienezko erreserba muga ezarriko da: bat goizez eta beste bat arratsaldez,. Aldi berean, mahai jokoen partidek gehienez 60 minutuko jolas-denbora izango dute eremu orokorrean, eta 30 minutukoa familia eremuan. Denbora horretan, partaide edo jokalari guztiak beraien mahaian egon beharko dira.

Gune bakoitzak dinamizatzaileak izango ditu, eta haiek gidatuko dituzte parte-hartzaileak beren jolas eremuraino, garbiketa eta higienizazio lanak egingo dituzte erabilitako espazioan eta materialean, eta mahaiak prest utziko dituzte hurrengo taldeentzat. Gainera, jolasen arauak azalduko dituzte, beraz, ez da beharrezkoa izango arauak aldez aurretik ezagutzea.

Jokoan ekitaldia Amorebieta-Etxanoko Gazteria Sailak antolatzen du, eta 2019ko edizioan 1.000 lagun inguru erakarri zituen. Edizio berri honetan edukiera murriztu bada ere, parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko hartutako neurriek aukera emango dute pandemia garaian aisialdirako bestelako aukera batez gozatzeko.

Artículo anteriorHEMEN DA EUSKARALDIA 2020
Artículo siguienteACUERDO HISTÓRICO PARA HACER FRENTE AL COVID: TODOS LOS PARTIDOS DEL AYUNTAMIENTO DE AMOREBIETA-ETXANO VOTAN A FAVOR DEL PRESUPUESTO 2021