JAN ALAI, PINTXO LEHIAKETA BERTAN BEHERA GERATU DA, HAIZETARA ETA HERRIKO JAIAK ERE ARRISKUAN

Hilabete bat baino ez da geratzen Jan Alai pintxo lehiaketaren 9. edizioa aurreikusitako epean egiteko. Maiatzaren 21etik 24ra bitartean egitekoa zen, hain arrakastatsua bihurtu den pintxo lehiaketa hau, baina bertan behera geratu da, baieztatu ahal izan dugunez, ezinezkoa baita gaur egungo egoeran antolatzea. Tabernak itxita daude, alarma egoera eta isolamendua indarrean izango dira ustez maiatzaren bigarren asterarte. Egoera honetan komenigarriena atzeratzea da, duda barik. Aurtengo inskripzioa martxoaren 8an bukatu zen eta orain aurkeztutako pintxoen argazkiak eta lehiaketarako erabiltzen diren kartulinak eta posterrak egin behar ziren. Baina guztiz ezinezkoa da. Asmoa urte amaieran egitea da, baina oraindik ez dago data zehatzik.

Bestalde, Musika Eleizetan ere ez da egingo. Maiatzean, udalerriko eleizetan eta baselizetan ganbera musikako kontzertuez osatutako programa da Eleizetan. Musika eskaintza hau 2002az geroztik antolatu izan da. Kontzertu hauek Amorebieta-Etxanoko baseliza eta eleizetan egin ohi dira; Dudeako San Migel eta Boroako San Pedro baselizetan, eta Bernagoitiko San Migel, Larreako San Juan Bateatzaile, Etxanoko Andra Mari eta Amorebietako Andra Mari elizetan, besteak beste. Baina, gaur egun toki guzti hauek itxita daude. Agian irailean egin ahal izango da.

Haizetarak XV. edizioa du aurtengoa. Sanjuanak inguruan antolatzen da beti, udari ongietorria emateko, aurten ekainak 19, 20 eta 21ean. Oraindik ez dago erabakia hartuta, baina azterketa sakona egingo da hurrengo egunetan. Epeak aurrera doaz, kontratatu behar diren taldeak atzerrikoak izaten dira gehienak, hegaldiak murriztuta daude, estatu batetik bestera bidaiatzeko arazoak daude…Ez da erreza izango, baina esan bezala, aztertzeke dago.

Eta azkenik, Amorebietako jaiak ere kolokan daude. Estatuan eta Bizkaian hainbat festibal bertan behera utzi dituzte dagoeneko, San Ferminak ere arriskuan daude. Iruñeako jai ospetsu hauek ez badira uztailean egiten, txupinazoa uztailaren 6an izan ohi delarik, astebete beranduago Karmengo jaiak egin ahal izango direla pentsatzeak ere ez du zentzu handirik.

Honenbestez eta zoritxarrez, Amorebieta-Etxanon maiatzetik aurrera izaten dugun egitarau oparo, alai eta parte hartzailea kolokan dago. Orain azken erabakiak Udalak hartuko ditu hurrengo egunetan, kasuz kasu aztertuz. Baina alarma egoerak indarrean jarritzen duen bitartean azken erabakia estatuko gobernuak du eta zornotzarrok ere horren menpe gaude. Tamalez.

Artículo anteriorIKER POSADA «TXUBAS» AGRADECE LAS MUESTRAS DE CARIÑO CON ESTA SONRISA
Artículo siguiente93 contagiados en Amorebieta