• Amorebieta-Etxanoko Udalak 2022an Hitanoa lantzeko taldea eratu zuen, eta ikasturte berriari begira talde berria osatu zuen, Noka izenekoa. Orain herritarrak animatu nahi ditu bertaratu, informazio eskatu eta taldean parte hartzera.
Amorebieta-Etxanoko Udalak herrian Hitanoa landu eta berreskuratzeko bidea abiarazi zuen 2022ko otsailean, eta euskara sailak azaldu duen moduan, “parte hartzera animatu ziren zornotzarrek zortzi saio teorikotan hartu zuten parte hitanoaren oinarriak lantzeko helburuarekin. 2022-2023 ikasturtean talde horrek ekin egin dio lanari aste birik behin elkartuta, saio teorikoak eta hitano-poteoak txandakatuta”.
Orduko harrera ona ikusita, 2022-2023 ikasturte berriari begira beste talde bat sortu zen, Noka taldea: “gizonezkoei zuzentzeko Hika eredua kili-kolo dabil, eta andrazkoei zuzentzeko Noka kinka larrian dago; baina talde bat hasi da euskararen ondare hori lantzen. Horiek ere aste birik behin elkartzen dira, eta kide berrien zain gaude taldea handitzeko”.
Hori horrela, dei egin diete herritarrei orokorrean, eta gazteei bereziki, gerturatu eta parte hartzera: “batzuek, gazteek batez ere, jakin ere ez duzue jakingo Hika eta Noka euskaraz lagun artean, erregistro informalean, aritzeko modua dela; seguruenik entzuteko aukerarik ere ez duzue izan eta. Beraz, badakizue, Hitanoa landu gura baduzue, eskatu informazioa Udalaren euskara zerbitzuan(euskara@amorebieta.eus)”.