• Udal Euskaltegian, AEK Euskaltegian eta Zornotzako Barnetegian eman daiteke izena.• Amaia Aurrekoetxea Euskara Zinegotziak azpimarratu duUdalak euskararekiko duen konpromisoa irmoa dela, eta bide horretan jarraituko duela lanean.• Herritarrek euskara ikasteko diru-laguntza eskuratu ahal izango dute Udalean.
2022-2023 ikasturtean euskara ikasi nahi duten zornotzarrek zabalik dute matrikulazio kanpaina.Euskararen normalizazioa jomugan, honen ikaskuntza eta erabilera sustatzea du helburu Udalak. Bide horretan,2015-2016 ikasturtetik agerraldia antolatu ohi du euskararen irakaskuntzan diharduten erakunde guztien laguntzarekin. Amaia Aurrekoetxeak, Euskara Zinegotziak, gaurko aurkezpenean azaldu duen moduan, Amorebieta-Etxanoko Udalaren konpromisoa irmoa da euskararekiko: «argi dugu instituzioen ardura dela euskara indartzen eta babesten jarraitzea. Udalak lanean dihardu hizkuntzen arteko berdintasunaren eta euskararen normalizazioaren alde. Hala, euskara ikasi, tituluren bat atera, hitz egin edo hobetu nahi duten herritarrak animatu nahi ditugu matrikula egitera».
Hori horrela, Udal Euskaltegiak, AEK Euskaltegiak eta Zornotzako Barnetegiak eskaintza zabala dute ikasturte berrian. Prentsaurrekoan, Aurrekoetxeak goraipatu egin du erakunde hauek zein herriko hainbat eragilek eta norbanakok euskara irakasten jarraitzeko eta erabilerasustatzeko egiten duten ahalegina: «euskararen irakaskuntzan ari diren guztien lana jarri nahi dut balioan, eta baita ere eskerrak eman honen normalizazioan ari direnei».
Behar guztietara egokitutako ikastaroak, Udal Euskaltegian
Udal Euskaltegiak 2022-2023 ikasturtean izango dueneskaintza azaldu du Begoña Begiristain Basterretxeak,Udal Euskaltegiko zuzendariak. Adierazi duen moduan, orain arte Udal Euskaltegiak aurrez aurreko taldeak baino ez ditu eratu izan: «ohikoak edo arruntak diren taldeak dira hauek, astean 6 ordukoak, astelehenetik ostegunera artekoak, egunean ordu eta erdiko saioetan». Aurten, ordea, berrikuntza bat ere izango dela azpimarratu du Begiristainek: «A1 eta A2 mailak lortzeko, astean zortzi ordukoen eskaintza egitea ere erabaki dugu aurten». Kasu horietan, langabetua izan eta udalerrian erroldatuta urtebete baino gehiago egonez gero, 10 euroko matrikula ordaintzen dela jakinarazi du: «bestela matrikula osoa ordaindu behar da, baina epeka ordaintzeko aukera ere ematen da».
Bestetik, ikastaro bereziak ere badirela gogoratu du: «hau da, xede berezietarako ikastaroak eskaintzen ditugu. Hauen artean Nagusi, Guraso eta AISA ikastaroak; azken hauek etorkinentzako dira. 90 eta 60 ordukoak izaten dira eta 15 eta 10 euroko matrikula ordaintzen da urtean». Bestalde, aurten Autoikaskuntza eskaintzea ere erabaki dutela azaldu du, ikasturtean 190 orduko modulua izango dena.
Eta aipatutakoez gain, bestelako ikastaroak ere badirela jakinarazi du Begiristainek: «udarakoak, ekainean eskaintzen den hilabeteko ikastaro trinkoa, eta irailean mailako azterketetara joango direnentzako ikastaro bereziak, bi ordukoak hauek: «aurten adibidez, hiru trinko izan ditugu ekainean eta orain irailean beste bi ditugu».
UDAL EUSKALTEGIAN IZEN EMATEA:
Irailaren 1etik 20ra arte
Irailaren 20an eta 21ean, goizez eta arratsaldez, ikasle berrientzako sarrera probak
94 673 20 26
euskaltegia@amorebieta.eus
Ikastaroak aurrez aurre eta online, AEK Euskaltegian
Zornotzako AEKko eskaintzaren berri Igor Landaluze Unzaluk eman du, Zornotzako AEKko arduradunak. Landaluzek AEKn dituzten aukerak azaldu ditu: «batetik aurrez aurreko ikastaroak ditugu, A1 mailatik hasi eta C2 maila bitartekoak. Ikastaro hauek urritik ekainera izaten dira, eta ditugun aukeren artean, ikasleak berak aukeratu dezake maiztasuna eta ordutegia». Mintzamen ikastaroaren berri ere eman du Landaluzek: «ikastaro honek helburu du euskaraz hobeto eta erosoago hitz egiten ikastea. Astean behin izaten da, ostegunean edo ostiralean, eta urritik ekainera».
Autoikaskuntza nahi duenak, AEKn honetarako aukera ere badutela gogorarazi du Landaluzek: «euskara etxetik ikasteko metodoa da. Programazio pertsonalizatua egiten dugu eta ikasleek tutoretza izaten dute bi astean behin euskaltegian bertan. Horrez gain, euskaraz hitz egiteko saioak izaten dira astean behin».
AEKk online ikasteko duen aukeraz ere aritu da: «euskara online ikasteko metodo bat dugu, jarraipen pertsonalizatuarekin, tutoretzekin eta mintza-saioekin». Euskararen maila gorenera iritsi nahi dutenek C2 titulua ateratzeko aukera ere badute AEKn: «ikastaro honetan, astean, bi eskola egun izaten dira eta ondoren tutoretzak; eta etxeko lanak ere izaten dituzte ikasleek».
Azkenik, udan ere euskara ikasteko aukera badutela gogorarazi du Landaluzek: «ikastaro trinkoak eskaintzen ditugu ekainean eta uztailean».
AEK EUSKALTEGIAN IZEN EMATEA:
94 673 43 70
zornotza@aek.eus
Maila guztiak aukeran, Zornotzako Barnetegian
Maribi Zubiaga Gallastegik, Barnetegiko zuzendariak, aurtengo eskaintza azaltzeko, aurrez aurreko betikoikastaroekin hasi da: «hilabeteko iraupenarekin, neguan astelehenetik ostiralera izango dira saioak, egunean 6 orduz, goiz eta arratsalde. Udan berriz, 12 egunekoak izaten dira, egunero, astelehenetik igandera, 8 orduz, goiz eta arratsalde». Online ikastaroak ere izango dituztela azaldu du: «A1etik C2 maila bitartera. Ikasturte osoan zehar egin daitezke, edo hiru hilabeteko epeetan banatuta. Ikasleak edukiak moodle plataforman izaten ditu, eta bere kontura, astean, gutxienez 5 orduz aritu behar du euskara ikasten. Horrez gain, ordubeteko mintza saioa izango du astean behin; eta hamabostean behin tutoretzak». Aurrez aurreko ikastaro telematikoei dagokienean, Zubiagak azaldu du, adostutako ordutegian, ikasleek jitsi meeteko gela birtualean konektatu behar dutela: «modu birtualean, baina gela batean egoten gara guztiok. Irakasleak gidatzen du klasea eta edukiak moodle plataforman izaten dituzte».
Enpresa eta eskoletan ere klaseak ematen jarraituko dutela azaldu du zuzendariak, eta aurrera begira, orain arteko eta beste proiektu berri batzuk dituzte eskuartean: «Etxeparekoekin jarraituko dugu elkarlanean. Urtarrilean Hego Hemisferioko 5 ikasle izango ditugu eta udan Ipar Hemisferioko 23. Maputxea irakasteko materialak sortzen jarraituko dute, Garabideekoekin batera. Proiektu berrien artean, Caritasekin sinatutako akordioa edo, Euskaltzaindiarekin sinatutakoari esker, Azkue Hiztegi elektronikoa daude».
ZORNOTZAKO BARNETEGIAN IZEN EMATEA:
94 630 83 04
Euskara ikasteko dirulaguntzak emango ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak
Agerraldiaren amaieran Amaia Aurrekoetxeak hartu du hitza, azaltzeko, aurten ere euskara ikasteko diru-laguntzak izango direla: «udalerrian erroldatuta dauden euskara ikasleentzako diru-laguntzak emango ditu aurten ere Amorebieta- Etxanoko Udalak. Eskaerak ikasturtea bukatutakoan aurkeztu ahal izango dira».